GARA
GASTEIZ

Elkarretaratze isilaren bidez salatu zuten Gasteizen azken sexu erasoa

Gasteizen egin zuten elkarretaratzea, atzo.
Gasteizen egin zuten elkarretaratzea, atzo. (EUROPA PRESS)

Bost minutuko elkarretaratzeko isiltasunaren ondoren, Gasteizko alkate Maider Etxebarriak «nazkatuta eta triste» dagoela adierazi zuen atzo egindako elkarretaratzean. Izan ere, pasa den astean emakume batek sexu eraso bat jasan zuela salatu zuen, eta Gasteizko udaleko ohiko protokoloari jarraiki egin zuten elkarretaratzea. «Erabateko gaitzespena» adierazi zuen alkateak Udalaren izenean.

«Azken aldi honetan behin baino gehiagotan bildu gara arrazoi beragatik, eta alkate naizen aldetik, gure gogaitasuna eta tristura erakutsi nahi ditut. Udal gisa ez dugu atzera egingo gure erantzun publikoetan», adierazi zuen Etxebarriak atzokoan.

Eraso orori erantzungo diotela egin zuten aldarri elkartutakoek: «Gasteizen ez dugu onartzen indarkeria matxistaren inolako jokabiderik. Erasotzaileek jakin dezatela aurrean izango gaituztela, emakumeak askeak garelako eta errespetatu egin behar gaituztelako».

IKERKETA ZABALIK

Alkateak «zorrotz eta errespetu handiz» jokatu nahi duela esan zuen Ertzaintzak aurrera daraman ikerketarekin, eta, horregatik, nahiago izan zuen «diskrezioari eutsi», eraso matxista berri honen inguruan.

Ertzaintzak eginbideak ireki ditu gizon baten aurka, salaketa honen harira. Abuztuaren 30ean gertatu zen erasoa, eta hilaren 31n salatu zuen emakumeak. Ikerketak zabalik jarraitzen du.