NAIZ Irratiko «Bigarren kafea» eta «Zebrabidea» indarberrituta datoz
«Berritu ala hil» diote askok; NAIZ Irratian bigarrenerako inongo asmorik antzematen ez denez, berrikuntzekin datoz “Bigarren kafea” eta “Zebrabidea” magazinak. Udako oporralditik bueltan, astelehen honetan, irailaren 9an, abiatuko dute denboraldi berria.

Abuztuari agur esan berritan martxa hartzen ari da NAIZ Irratiko programazioa. ‘‘Informazioaren haria’’-ko kideak izan ziren lehenak, eta astelehenean, ‘‘Bigarren kafea’’ (10.00-12.00) eta ‘‘Zebrabidea’’ (16.00-18.00) magazinen txanda izango da. Ahots berriak, sekzio inspiratzaileak, estreinako tertuliakideak... baita irrati fikzioa ere! Denetik izango da hastear den denboraldian. ‘‘Bigarren kafe’’-ko Goiuri Ezeiza eta ‘‘Zebrabidea”-ko Oihana Azkuek eman dituzte xehetasunak.
NAIZ Irratiko entzule fidela bazara, ohartuko zinen dagoeneko lehen berritasunaz: ‘‘Zebrabidea’’ magazinera gehituko da denboraldi honetan Oihana Azkue. Sara Iriarteren lekua hartuta, «irrikaz, baina soseguz» dagoela aitortu du Azkuek. Iazko aurkezle-bikote formatuarekin jarraituko du saioak eta Antxeta Irratiko Ekhiñe Zapiain izango du bidelagun Azkuek, Arrosa Sarearen baitan sortutako magazinean. Nahiz eta erronka honi heldu ‘‘Paraleloan’’ kultur elkarrizketak ez ditu alde batera utziko; kultur elkarrizketaren tarteak jarraituko du, pilula motzekin aste barruan eta sakoneko elkarrizketekin, asteburuan (igandeetan, 20.00etan).
Jarrai dezagun bada ‘‘Zebrabidea’’-ko berritasunak zerrendatzen. Arrosa Sareko irratien parte hartze handiagoa egongo da tertulietan; liburu, film eta musika proposamenik ez da faltako. Azken ardura horietan arituko dira Ion Etxebarria ‘‘Okantza’’, Xabi Maeztu ‘‘Triski’’ eta Ignazio Arakistain. Baratze eder bat nahi baduzu Areitz Soroa Baserri Eskolako Ion Colino aditu beharko duzu. Sano eta ongi elikatuta egoteko, Maddi Etxeberria. Trikiti doinuak gustuko badituzu, jakin, hamabostero, Euskal Herriko Trikiti Elkarteko Andoitz Anzizarrek gurutzatuko duela ‘‘Zebrabidea’’.
Denboraldia hasteko prest dago ‘‘Bigarren kafea’’-ko taldea ere. «Kafeinak asko laguntzen du», esan du barrez Goiuri Ezeizak. Iñigo Asensiok eta berak aurkeztuko dute aurten ere NAIZ Irratiko goizetako magazina eta iazko tripulazioa izango dute ondoan aurkezle lanak txandakatzen: June Romatet, Gartxot Unsain, Julen Goikoetxea eta Oihana Maritorena.
Berrikuntzetan ez dira atzean geratuko. Adibidez, hain arrotza den mundu juridikoa hurbilekoa egingo du EMA abokatu taldeko Maite Tolosak: «Demagun alokairuan maizter zaudela eta arazoak dituzula, ba duda denak argituko dizkigu», aurreratu du Ezeizak.
Berrikuntzak berrikuntza, bueltan izango dira ohiko kolaboratzaileak: psikologiaz arituko da Donna Apellaniz, inteligentzia artifizialaz Unai Elordi, gaurkotasun saltseroa ekarriko du Josune Velez de Mendizabalek, abestiak aztertzen jarraituko du Maialen Tellabidek eta, uhinen bidez bada ere, bidaia esperientziarik ez da faltako Josu Iztueta eta Angel Cuerdorekin. Zerrendara gehitzen dira aurten ere Gartxot Unsain musikariaren ‘‘Doinuetatik haratago’’ tartea eta asteazkenetako elkarrizketa akustikoak.
KAFE NOBELA, «HABANA 1937»
“Bigarren Kafea” saioko berrikuntzen artean dago, dirdira bereziarekin, kafe-nobela atala. ‘‘Habana 1937’’ izango da lehena eta hiru kapituluko saila izango da. Muturreko egoerak hala behartuta, Euskal Herriko milaka umek pairatu zuten exodoa birsortuko du. ‘‘Basque Children of 37 UK’’ elkartearen artxibategia izan dute abiapuntu bertako gertakizun historikoetan oinarritutako soinu-fikzio hau sortzeko.

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian
