Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Sindikatuek arrakastatzat jo dute Nafarroako hezkuntza arloko greba

Nafarroako hezkuntza publikoko grebaren deitzaileek arrakastatzat jo zuten izan zuen jarraipena. Nafarroako Gobernuari hezkuntza publikoaren alde egiteko deia egin zioten berriro. Carlos Gimeno kontseilariak, ordea, hezkuntza publikoa egoera onean dagoela nabarmendu zuen.

Jende ugari bildu zen, atzo arratsaldean, Iruñeko alde zaharreko kaleetan zehar egin zen manifestazioan.
Jende ugari bildu zen, atzo arratsaldean, Iruñeko alde zaharreko kaleetan zehar egin zen manifestazioan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Nafarroako hezkuntza publikoan grebara deitu zuten sindikatuek (Steilas, ANPE, Afapna, LAB, CCOO, ELA eta UGT) arrakastatzat jo zuten deialdia. Duela bi urte egin zutenarekin alderatuta, erantzun hobea izan zuela nabarmendu zuten. Iruñerriko zentro ugaritan %70eko jarraipena izan zuela erran zuten. Batzuetan jarraipena %100era heldu zela adierazi zuten. LAB Irakaskuntzaren arabera, «greba egin ahal dutenen bi herenek greba egin du».

Nafarroako Gobernuaren arabera, irakasleen %26,5ek bat egin zuen grebarekin. 10.705 irakasleetatik 2.843k egin zuen greba, Gobernuak adierazi zuenez. Haur eta Lehen Hezkuntzan 5.113 langiletik 1.606k egin zuen greba. Bigarren Hezkuntzan, 5.592tik 1.237k,, betiere Gobernuaren arabera.

Iruñean, auzo desberdinetatik atera ziren zutabeek bat egin zuten Hezkuntza Departamenduaren egoitzaren aurrean, Santo Domingo aldapan. Bertan, Carlos Gimeno kontseilariaren aurkako oihuak entzun ziren, “Gimeno, si no bajas el ratio, vigila tú el patio (Gimeno, ratioak jaisten ez badituzu, zeuk zainduko duzu patioa)” gisakoak.

Horiekin batera, grebaren deitzaileen eskaerak (ratioen jaitsiera, plantillak egonkortzea, gainzama arintzea eta erosteko ahalmena berreskuratzea) eta hezkuntza publikoaren aldeko oihuak ere entzun ziren.

Hezkuntza Departamenduaren egoitzaren aurrean egin zituzten adierazpenetan, deitzaileek gogoratu zutenez, duela bi urte Nafarroako irakaskuntza publikoko sindikatuek ikasgeletako hezkuntza kalitatea eta irakasleen baldintzak hobetzeko proposamena egin zuten».

«Gure ikasleak bere aniztasunean hezi nahi ditugu. Material berritzaileak eta motibatzaileak asmatu nahi ditugu. Aplikazio digital didaktikoak erabili nahi ditugu. Familiei arreta eskaini nahi diegu. Baina Hezkuntza Departamenduak inposaturiko lan karga etengabeak gure lana ondo egitea eragozten digu. Ezin dugu gehiago», nabarmendu zuten.

Joan den ikasturtean Hezkuntza Departamenduarekin bilera ugari egin zituztela gogoratu zuten. «Lortu genuen gauza bakarra Nafarroa guztirako 38 irakasle gehiago izatea izan zen. Ez zaigu nahikoa iruditzen. Hau da Departamenduak eskaini nahi digun guztia. Hezkuntza publikoak bermatzailea izan behar du eta ikasle guztien beharrei erantzun behar die. Eta, horretarako, ezinbestekoa da lan baldintza duinak izatea», ohartarazi zuten.

GIMENO: «DENA ONDO»

UPNko parlamentari Pedro Gonzalezi erantzunez, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak Nafarroako hezkuntza publikoaren egoera ona zela aipatu zuen.

Hori errateko, Estatu espainoleko sailkapena aintzat hartu zuen, Kantabriaren ondotik Nafarroa bigarrena dela azpimarratuz.

«Gaurko egoera ez da 2012ko greban zegoena. Alde batetik, langileen aldarrikapenak ditugu, eta, bestetik, hezkuntzaren egoera. Nafarroan hiritarrek hobekien baloratzen duten hirugarren alorra da hezkuntza», adierazi zuen.