Kantauri itsasoan atun gorria hazteko bi kaiola jarriko ditu Aztik
Kantauri itsasoak instalazio berri bat izango du aurki: Itsas Balfego. Getariako itsasertzetik 3,688 miliatara 50 metroko diametroko bi kaiola handi ezarriko ditu Aztik, arrantzatutako hegalaburrak bertan mantendu, loditu eta momentu egokian saltzeko asmoz. Kaiola hutsek neguko ekaitzak nola jasaten dituzten probatuko dute aurrena.

Itsas Balfego Kantauri itsasoan kokatuko duten instalazio berri bat izango da: atun gorria kaioletan ezarriko dute, bertan hazi eta une egokia denean saldu ahal izateko. Juan Bald Aztiko ikerlaria da. Hegalaburraren egoera ona dela azaldu zion atzo NAIZ Irratiari. «Aspaldi momentu txarrak pasatu zituen, baina orain stocka ondo kudeatu da eta egoera ona da. Arrain ugari dago eta kuota bat daukagu arrantzatzeko», esan zuen..
Getarian bi kaiola ezarriko dituzte udazkenean. 50 metroko diametroa dute, 20-30 metroko sakonerako sarea, eta berezitasun bat daukate: hondoratu daitezke, 15-18 metrotara arte. «Berria da hori, eta abantaila handia. Itsaso txarrak, ekaitzak badatoz, olatuen kalteak batez ere ur azalean izaten dira, eta, hondoratzen baduzu, horretatik babesten dituzu arrainak».
150 tona jaso ahalko lukete kaiolek, baina momentuz proba honetan ez dira kopuru horretara iritsiko. «Dena ondo badoa, 50 ale sartuko ditugu 2025eko udan. Teknikoki eta biologikoki ikertu nahi dugu ea kultibo hau egin dezakegun edo ez, hemengo itsasoko baldintzetan, ez baitira errazak».
INGURUMENA ZAINDUZ
Kaiola hauek itsasertzetik 3,688 miliara egongo dira. «Distantzia eta kokapen hori aukeratu dugu batez ere ingurumenari begira, ondoan dauden habitatak eta biodibertsitatea ez kaltetzeko. Portu batetik gertu egotea nahi genuen eta, aldi berean, ingurumena babestea, adibidez, arroken gainean ipini gabe, biodibertsitate handia dutelako. Hondo leunak bilatu ditugu».
Arrain urdina jaten emango diete batez ere, berdela edota sardina. Ez diete inola ere pentsurik emango. Arrainik gabe ipiniko dituzte bi kaiola hauek Getariako kostaldean, teknikoki probatu nahi dutelako nola pasatzen duten negua.
NEGOZIO BERRI BATEN EREDU
Kaiola hauek errentagarritasun handia daukate Mediterraneoan. Atun gorriaren eskaria berezia da. Adibidez, Andaluzian arrantzatzen den atun gorriak ez du lurra ukitzen askotan, arrantzatu eta zuzenean sartzen dute Japonia helmuga duten ontzi erraldoietan. Balfego enpresak esperientzia handia dauka merkatu honetan, eta Asian dago proiektu honen helburua ere, Baldek baieztatu zuenez. «Ondo ordaintzen dute, hegalaburra oso preziatua da han».
LEKEITIOKO KALAMUA ONTZIAN, HEGALUZETAN
Igotz Garatea Lekeitioko Kalamua ontziko arrantzalea da. «Urte batzuk daramagu hegaluzeari eskainita. Urteak dira ez dugula batere atun gorririk harrapatzen. Hegaluzetan gabiltzala, ikusten dugu badagoela hegalaburra, baina Balfego eta Mediterraneoan kaiolak dituzten enpresei saldu diegu kuota».
Atun gorria arrantzatuko balute, haiek orain dela urte asko eduki zuten arazo berdina sortuko litzaiekeela dio. «Kolpean arrain asko sartzen da merkatura, eta dirua asko jaisten da. Hortaz, guretzat hobeto da haiei saltzea. Nahiko genuke guk geuk harrapatzea hegalaburra eta ondo aprobetxatzea, baina freskorako da, ez da hegaluzea bezala. Atun zuria kolpean asko ekartzen badugu, kontserba etxeek hartzen dute, eta beste gauza bat da».
Atun gorria loditzeko jarriko dituzten bi kaiolez duen iritziaz galdetuta, hala erantzun zuen arrantzaleak: «Hemengo atun gorriaren kuota dena harrapatuta aprobetxatzeko horrelako zerbait egin behar da, Mediterraneoko moduan, baina konplikatua iruditzen zait. Funtzionatuz gero, aukera ikusten dut kuotatik zatitxo bat guk harrapatzeko, ondo saldu ahal dena», esan zuen.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
