3.162 langabetu gutxiago daude Hego Euskal Herrian, %60 andreak
Langabeen kopuruak %2,25 behera egin du Hego Euskal Herrian, iraileko datuak abuztukoekin alderatuz gero. Iazko hilabete bereko datuekin alderatuta, ordea, %1,15 gora egin du. Sindikatuek diote langabeziak gizonei baino gehiago eragiten diela emakumeei.

Abuztuan baino 3.162 langabetu gutxiago zegoen irailean Hego Euskal Herrian, hots, langabeen kopuruak %2,25 behera egin du. Iazko iraileko datuekin alderatuz gero, zertxobait igo da, %1,16, hain zuzen ere, orduan baino 1.577 langabetu gehiago baitaude orain. Lanbidek eta Estatu espainoleko Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak atzo argitaratutako datuak dira.
Egoera desberdina da lurralde historiko bakoitzean. Horrela, Araban 18.152 langabetu daude, abuztuan baino 338 gutxiago baitaude, alegia, %1,83 jaitsi da kopurua. Hobekuntza are nabarmenagoa da alderaketa iazko irailarekin eginez gero, ordutik hona %4,08 jaitsi baita.
Bizkaian ere behera egin du langabeziak abuztuarekin alderatuta, %2,57, hots, 1.616 langabetu gutxiago daude. %2,48 gora egin du, ordea, iazko iraila erreferentzia gisa hartuz gero. Orain orduan baino 1.483 bizkaitar gehiago daude langabezian.
Antzekoa da Gipuzkoan gertatutakoa, baita zifrei dagokionez ere. Irailean 1.413 langabetu gutxiago zegoen abuztuan baino, hots, %4,73 gutxiago. Baina iazko irailarekiko %2,01eko igoera izan du, alegia, 560 langabetu gehiago daude.
Nafarroan gora egin du langabeziak, bai aurreko hilabetearekin alderatuta, bai eta iazko irailarekin alderatuta ere. Abuztuan baino 205 langabetu gehiago zegoen irailean, %0,70 gehiago, hain zuzen ere, eta iazko irailean baino 306 gehiago, hau da, %1,04 gehiago.
ERAGIN HANDIAGOA EMAKUMEENGAN
Datuak ezagutzera ematearekin batera, sindikatuek ohartarazi zuten langabeziak emakumeei gehiago eragiten diela gizonei baino. ELAren arabera, «langabezian dauden bost pertsonatik hiru andreak dira.
UGTk adierazi zuen langabetuen «herena 45 urtetik gorako emakumeak direla», nahiz eta datuek orokorrean positiboak diruditen.
LABek, emakumeen egoeran ez ezik, fokua gazteengan eta pertsona migratuengan ere jarri zuen, hiru kolektibo horiek baitira langabeziak gehien kaltetzen dituenak.
Ildo berean, ELAk adierazi zuen gazteen langabezia tasa pandemia aurreko datuen parekoa dela eta horrek agerian uzten duela «gazteen artean dagoen prekaritatea estrukturala» dela.
Gainera, datuek agerian utzi dute langabezian dauden emakumeen %60k ez daukala ikasketarik edo oinarrizko titulazioa besterik ez daukala. Hori dela eta, UGTk uste du Lakuako Gobernuarentzat «lehentasunezkoa» izan behar lukeela auzi honek.

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
