«Arrosa politiko» koloreko diskoa kaleratu du Albina Stardustek: «Izar»
«Arrosa politiko koloreko diskoa», Itziar Zigak horrela definitu zuen Albina Stardusten “Izar” lana, Iruñean atzo egin zuten aurkezpenean. Euskaraz kantatzen duen trabestismoa gure artean badela erakusten du zortzi kanta biltzen dituen eta komunitatearen aldeko hautua egiten duen lanak.

Trabesti gisa ibilbidea 2018an hasi zuenetik bizitakoak jasotzen ditu Albina Stardustek “Izar” diskoan. Itziar Zigak Iruñean atzo egin zuten aurkezpenean nabarmendu zuenez, diskoa «alaia da», baina badu bere izaera politikoa. «Dantzarazi eta pentsarazi egiten duten disko horietakoa da», adierazi zuen. «Purpurinaz beteriko ukondokadak ematen ditu», deskribatu zuen, «arrosa politiko koloreko diskoa» dela laburbilduz.
Stardustek euskaraz egin du diskoa. «Hori ere mezu politikoa da», azpimarratu zuen sortzaileak. Komunitatearen aldeko aldarria nabarmendu zuen Stardustek. Izan ere, «bakardadean dagoen sorgina da. Akelarrea behar dugu», azaldu zuen Zigak. Beste mezu politiko bat: «Euskaraz kantatzearekin hemen ere trabestiak ahalduntzen ari garela erakutsi nahi dut», esan zuen Stardustek.
«HEMENGOA ETA ASPALDIKOA»
«Trabestismoa hemen ere badagoela eta aspalditik dagoela erakutsi nahi izan dut euskaraz kantatzearekin. Ez da Madrilen edo Bartzelonan soilik ematen den zerbait. Trabestiak betidanik izan dira hemen, ez gara kontu berria», ohar egin zuen sortzaileak.
Stardust 2020an kantatzen hasi zen. Erabaki horretan Yogurinha Borovaren bultzada ezinbestekoa izan zela onartu zuen. Baita euskaraz kantatzean ere.
Diskoan Yogurinha Borovarekin batera Kai Nakai, Harribitxi, Divina Comedia eta Xarma Leone izan dira elkarlanean. Komunitatearen aldeko beste aldarri bat.
«Oihu egiteko beste modu bat da kantatzea. Nor garen, zergatik esaten dugun esaten duguna eta askatasuna lortu nahi dugula esateko bete modu bat da», azaldu zuen.
Stardustek sororitatearen aldeko aldarria ere egin zuen atzo, LGTBIQ komunitatearen aldeko elkarlanaren aldeko erreibindikazioa. «Ez dut uste bestea zanpatuz aurrera atera behar dugunik gure lanbidea», adierazi zuen.
Ildo horretatik, aurreko belaunaldietatik jaso dutena nabarmendu zuen Stardustek. Berak ere gazteagoei lagundu dien bezala, Plazara! gunean makillaje ikastaroak emanez, adibidez.
Oro har, aurrerapausoak eman dituztela baina bide horretan segitu behar dutela esan zuen. «Orain ez gaude ‘de puta madre’, baina hobera egin dugu», aipatu zuen.
ZORTZI KANTA DISKOAN
“Izar” diskoan zortzi kanta bildu ditu. Hastapeneko “Mirame”-ren euskarazko bertsiotik hasi eta 1990eko hamarkadako Hemendik At taldeari egiten dion omenaldiarekin amaitu arte. Tartean, Yogurinha Borovarekin ‘Tuli tuli’ (Iruñerrian ligoteorako egokiak ziren tabernak identifikatzeko esamoldea, EHGAMeko kideengandik jasotakoa); ‘Harribitxi’, dantzarako erritmoz trabestien aldarrikapena egiten duena;“‘Goizerarte”, Kai Nakaik erosotasun eremutik aterarazi zuen abestia; “Erre”, azken singlea, folklorea eta elektronika, tradizioa eta trabestismoa nahasten duena; eta “Zuek”, Divina Comedia, Xarma Leone eta Yogurinha Borovarekin batera trabestismo euskaldunaren apologia egiten duena. ‘Harribitxi’-ren remix batek bukatzen du diskoa. Stardustek lan hau Durangoko Azokan aurkeztuko du. Ondoren, Bilbon eta Donostian emanaldiak egingo ditu. «Nik ez ditut kontzertuak egiten, showak egiten ditut», azpimarra zuen. Iruñean oraindik ekitaldi mardulagoa, gonbidatu ugarirekin, prestatzen ari direla aurreratu zuen. «Akelarre handia izango da», iragarri zuen.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
