I. LEON - P. LEKUONA
DONOSTIA
Entrevista
EVA FERREIRA
EHUko errektorea eta berrautaketarako hautagaia

«Formakuntza onena ematea da gure erronka, unibertsitate publiko gisa»

Euskal Herriko Unibertsitateko errektoretzarako kanpainak azken astea bete du, eta asteartean eztabaida izan zuten hautagaiek. Orain artekoaren balantzea egin eta bere lehentasunez aritu zen Eva Ferreira egungo errektore eta berrautaketarako hautagaia atzo NAIZ Irratiko uhinetan. Datorren asteartean izango dira hauteskundeak.

(Jon URBE | FOKU)

 

EHUren errektoretza berritzekoa kanpaina «nekagarria» izan da, Eva Ferreira errektorearen esanetan, baina baita «polita» ere, jende askorekin partekatua izateagatik.

Hasiera malkartsua izan zuen, gainera, Guillermo Quindosen X sareko kontu faltsua ezagutu zenean. Klaustro berean jakin zuela adierazi zuen: «Harrituta nengoen. Mingarria izan zen, baina egun berean erabaki nuen erabaki beharrekoa». Fokua hautagaitza berrian jarri zuen, Medikuntza eta Erizaintza fakultateko Ana Rodriguezen gain, alegia.

EHUko errektorea bozkatzeko sistema berezia da. Doktore finkoek %56 dute, ez finkoek %8, ikasleek %22 eta, gainerakoek %12. Kanpotik deigarria izan daiteke; galdera da ea bidezkoa ote den. Ferreirak argi utzi zuen legeetatik datozela araudi horiek, baina unibertsitatean sistema hala dagoela onartuta ere, LOSU Legearekin aldaketa puntualak egin daitezke.

Ikasleek haren hautagaitza nola ikusten duten galdetuta, adierazi zuen haren taldearentzat «oso garrantzitsua» dela hurbiltasuna eta haien iritzia kontuan hartzea. Horretarako eta parte hartzea sustatzeko, aurrekontu parte hartzailea proposatu zuen, ikasleak izan daitezen barne deialdi baten bidez lehentasunak markatuko dituztenak.

Indarguneak eta hobetzekoak EHUren izaeraren erakusle dira, besteak beste, parte hartze sistema digitalak. Hala ere, arazoak eman dituzte sarritan, eta mahai gainean jarri da gaurkotu beharko liratekeen.

Horren aurrean, Ferreirak azaldu zuen eraldaketa digitala «funtsezkoa» dela eta lau urtean «gauza asko aldatu» dituztela. «Orain momentu ona litzateke», esan zuen, «sistemak eraldatu eta errazteko», eta ikasleekin hitz egin behar dutela, prozesuok nola bultzatu eta definitu erabakitzeko.

Garraio publikoa hizpide, jakina da askotan distantzia luzeko ibilbideak egin behar direla unibertsitatera heltzeko. Horri buruz esan zuen hiru foru aldundiekin hitz egiten ari direla, diagnosiak eta akordioak bilatzeko. Halaxe jarraitzea espero dute, hobetzeko asmoz. Esate baterako, Donostiatik Leioara zuzenean iristeko Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin lortu duten akordioaren bitartez. Sustatu beharreko lineen arabera, daudenak bultzatu edo berriak ezarriko direla gaineratu du; beste ordutegi bat proposatzearekin batera, campuseko bizitza hobetzeko.

Unibertsitatearen rola eztabaidagai Shanghai zerrendak EHU munduko 400 unibertsitate onenen artean kokatu du berriki. Neurgailu aproposa al da, ordea?

Ferreiraren ustez, zenbaki batek ez du unibertsitatea definitzen, baina, kanpotik datozenei begira, «oso garrantzitsua da gure unibertsitatea munduan kokatzeko».

Enpresa pribatuaren eragina da deigarri egiten den gakoetako beste bat. Leioako campusean, adibidez, supermerkatua, bankua, auto eskola edo optika ere badaude.

Unibertsitatearen erabilera komertzialari buruz, Ferreirak esan zuen zerbitzu positiboak direla ikasleentzat, eta haien erantzuna ona izan dela beti.

Ildo berean, mahai gainean dagoen beste gaietako bat izan da enpresa pribatuek ikerketen finantzaketan edo masterren antolaketan ere parte hartzen dutela. Beharbada interes pribatuek jakintza baldintzatu dezakete.

«Unibertsitate publiko bezala, ikasleei formakuntza onena ematea da gure erronka», argitu zuen errektoreak. «Gero badira, noski, enpresekin eta erakundeekin harremanak, baina baditugu kode etikoa eta balio propioak», gaineratu zuen Ferreirak.

Joxerra Bengoetxearen eta Eva Ferreiraren hautagaitzak bat datoz puntu batean: Barne Produktu Gordinaren %1 baliatu behar da unibertsitatearen finantzaketarako.

LOSU Legean ere hala jasota dago, baina ikusteke dago Eusko Jaurlaritza prest egongo ote den horrelako diru kantitatea eskaintzeko.

Bada, elkarrizketatuaren aburuz, europar eskualde onenen artean posizioa mantendu nahiez gero berrikuntzari begira, «unibertsitate indartsu batekin» egin beharko dute, zientzia sustatzeko sustrai onak behar baitira.

Euskalduntzeari buruz, adierazi zuen proiektu asko dituztela martxan formakuntzari dagokionez, eta graduetan nahiko bermatuta dagoela euskararen erabilera; arazoak daudenean irakasleekin lotuta egon ohi direla.

Bideko erronkak Bestalde, soldatak ere kezka iturri izan daitezke, hauek apalak izatekotan.

Eraginpeko taldeetako bat ordezkoak eta predoc egoeran dauden irakasleak lirateke. LOSU Legearekin oztopoak agerikoak izan ziren, eta protestak ere egon ziren. Hobekuntza horiek bideratzeko, errektoreak argi utzi zuen bere taldearen lehentasuna beti izan dela eta izango dela «kontratu osoak egitea».

Ordezkapen bat bideratzeko, kontratu partziala egin beharra daukate, baina horiek «gutxitzea» da asmoa. Egun, berrogei bat pertsona daude egoera horretan.