Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
HISTORIA DE PASTORES

Iraganak eta etorkizunak bat egiten dutenekoa

Historia de pastores”, Chema Garcia Ibarraren “Espiritu Sagrado” film luzearen oso desberdina da, baina hark utzi zizkidan sentsazioak utzi dizkit honek ere. Kostunbrismoaren eta zientzia fikzioaren arteko mugan dabiltzan bi proposamen dira.

Lucrecia Martel zinemagileak aipatu zuen iragana irudikatzeak etorkizuna irudikatzeak bezainbesteko irudimena eskatzen duela, biak direlako zientzia fikziozko ariketak. Kasu honetan, iraganak eta etorkizunak bat egiten duten film sailkaezina sortu du Jaime Puertasek.

Donostiako Elias Querejeta Zine Eskolan jaiotako proiektua da Puertasen opera prima. 2027an girotutako istorioa da, etorkizun distopiko batean, eta landa inguruneaz baliatzen da zenbait elementu fantastiko sartzeko. Praktiketan dagoen arkeologo batek eta bi artzainek beren bideak gurutzatuko dituzte Huescar eskualdeko (Granada) landa eremu batean.

Komedia neorruralaren eta zientzia fikziozko ipuin baten arteko erdibidean kokatuko nuke, eta oraindik esateko asko duen unibertso bat erakusten du. Espazio fisikoa paisaia soil bat baino askoz sakonagoa dela frogatu nahi duen proposamena da.

Irudiaren testura oso berezia da. Pikor apur bat duela antzematen da, zahar itxura ematen dio, baina bereizmen handia du aldi berean. Bisualki iraganaren eta etorkizunaren arteko jokoa presente dago, baita digitalaren eta analogikoaren artekoa ere.

Plano luze eta finkoak erabiliz, kamera behatzaile batek egonarriz itxaroten du, pertsonaiak enkoadraketan sartu arte.

Zenbait unetan apur bat kaotikoa iruditu zait, nahasi samarra, baina pretentsiorik gabeko film hau oso berezia da, irudimenarekin eta fantasiarekin jolasteko gogoa erakusten duen pieza.