Janus Lester pausatuago eta barrenak askatuta dator «Lore» diskoan
Estilo intimista eta pausatuagoa topatu du Jokin Pinatxok, Janus Lesterren sinadura daraman ‘‘Lore’’ bigarren diskorako. Taldearen lehenengo kontzertu birak esnatutako emozioak jaso dituzte bertan, kontzertu handiek sortu duten hunkiduratik ekitaldi osteko bakardadearen sakonera nabigatzeko. Argitik ilunera, eta alderantziz, «esperantzazkoa» da mezua, Pinatxoren hitzetan. Loratzeek beti dituzte argi-ilunak.

Berezia da, Jokin Pinatxoren ustez, ‘‘Lore’’ diskoa. Berezia, Janus Lester bere lehen biran murgilduta zegoen bitartean sortu eta konposatutako diskoa delako, eta nolabait musika talde baten loratzeak sortu dizkien sentipen eta emozioak biltzen dituelako. «Ehun kontzertuz betetako bi urteko bira izan da. Sentipen asko sortu dizkigu, eta hori islatzen saiatu gara», adierazi zuen atzo musikari beratarrak Donostiako Victoria Eugenian egin zuen aurkezpenean (diskorik gabeko aurkezpena, DANAren eraginez banaketa arazoak izan baitituzte, baina gaur bertan disko dendetara iritsiko dela ziurtatu zuten).
«Euskal eszenan gure tokitxoa egin dugu. Lehen bira hau emozioen errusiar menditxo baten modukoa izan da, Euskal Herrian, Estatu espainolean eta Finlandian, jende askoren aurrean jotzera pasatu gara. Ez nuen sekula imajinatuko ‘‘Maitasuna tabu’’, gitarrarekin nire logelan sortutako kantu bat, milaka pertsonaren aurrean jo eta nirekin kantatuko zutenik», esan zuen, eskertuta. Diskoak une horietako zirrara biltzen du, baina baita bakardadearen iluna ere, batez ere «barrenak askatzeko oihu bat» izan baita, emozioen koktelera horretatik eratorria.
«Mezua esperantzaz betetakoa da -nabarmendu zuen-. Ez da inoiz erraza egoera batzuetan egotea, baina horiek bizi egin behar dira, gero daukazuna baloratzeko. Diskoan saiatu naiz islatzen zer den alde ilun hori, baina elkar zaintzara deituz», azaldu zuen. ‘‘Lore’’ izenaren zentzua ere hortik datorrela gaineratu zuen, «loreak baduelako denetik: ahula da, erraz apurtzen delako; baina, hila dagoela ematen ahal duen arren , ur eta argi pixka batekin indartu daiteke. Badu dualitate hori, eta ni islatua sentitzen naiz», esan zuen.
Horrek guztiak diskoari «erritmo lasaiagoa» ekarri diola azaldu zuen Pinatxok; «ez da aurreko diskoa bezain dantzagarria», eta horrek «kezka» sortzen diola onartu zuen: «Lehen diskoa sortzeko gogo batetik etorri zen, eta horrek eraman ninduen modu bateko abestiak egitera. Eta bigarrenak barrena askatzeko behar batetik etorri da. Lehen diskoa presiorik gabe sortzen duzu eta, bi urte geroago, eszenan kokatuta, ekidinezina da pentsatzea jendeak zer esango duen», aipatu zuen. Hala ere, lasai dago Pinatxo, «oso gustura geratu garelako».
NEOMAK ETA IZARO
Kolaborazioei dagokienez, luxuzko bi gonbidatu izan dituzte diskoan: Izaro eta Neomak. Azken hauekin ‘‘Etxean’’ grabatu du. «Abesti hau idatzi nuen lehen egunetik ahotsak grabatu eta grabatu nenbilen, eta Neomakek bere egin du abestia. Nork esango zidan niri estudioan sartzean bukatuko nuela Neomakekin irrintziak botatzen!», esan zuen.
Izarorekin ‘‘Nola hartu arnasa’’ grabatu du. «Nire minak sendatzeko idatzi dudan abestia da eta, berak ez jakin arren, bere entzule oso aktiboa izan naiz eta asko lagundu dit», aitortu zuen. Bitxikeria bat ere kontatu zuen: «Izarok ‘‘edzddh’’ grabatu zuenean, amaierako koroak egiteko deitu ninduen. Hura bere minak sendatzeko kantua zen. Eta hau, nireak sendatzeko».
‘‘Lore’’ diskoa lehen aldiz zuzenean Donostiako Antzokian aurkeztuko du Janus Lesterrek, abenduaren 30ean. Diskoa bezala, kontzertua berezia izango dela ziurtatu zuen Pinatxok. «Sorpresak egongo dira. Hor emango diogu hasiera loraldiari, eta etorriko denari», ziurtatu zuen. Kontzertu bira urtarrilaren 2an abiatuko du Bilbon; 25ean Azpeitian eta otsailaren 4an Gasteizen eskainiko dituzte hurrengoak.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
