Indarkeria guztien kontra errebelatzera deitu du Bilgunek, gizontasunetik hasita
Datorren astelehenean, A25arekin, indarkeria guztien kontra errebelatzera deitu du Euskal Herriko Bilgune Feministak, gogoratuz indarkeria matxista eraso fisikoak baino askoz gehiago dela. Alde horretatik, gizontasunak nahiz kolonialitateak dakartzaten pribilegioei uko egitea ezinbestekoa deritzo.

Datorren astelehenean, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean biolentzia mota guztien kontra errebelatzera deitu du Euskal Herriko Bilgune Feministak, gizontasunetik hasita.
Azaroaren 25ean gizontasuna jomugan jartzera deitu du Bilgune Feministak. Mobilizazio egunerako aukeratu duen leloarekin zabaldu du mezua, prentsa ohar baten bidez: «Ez da jarrera bat, pribilegioak dira. Indarkeriarik gabeko gorputz eta lurraldeen alde errebelatu!». Azaldu du gizontasuna ez dela jaiotzetik egokitzen den jarrera bat, «baizik jendartean onartutako kategoria bat, eta horrek pribilegioekin lotura zuzena dauka».
Kontrara, gizontasuna pribilegio bat dela baieztatu du, jendartean «baliabide eta aukera zehatz batzuk» martxan jartzen dituenez gero. Hala, pribilegio horrek eragiten du, zehaztu duenez, goi-karguetan egoteko aukera gehiago izatea, zaintza lanetan ardura gutxiago izatea edo arrazoiaren ahotsa izatea, besteak beste.
«Gizontasunak sexu genero disidenteon zapalkuntza materialak ahalbidetzen ditu, eta horrek, hain zuzen, egiten gaitu emakume, bollera, trans, ez bitar... Beraz, gizona izatea, gizontasuna naturaltzat hartzea eta hortik atera nahi ez izatea, pribilegio horiei uko ez egitea da», adierazi du.
DEKOLONIALITATEA HELBURU
Bilgunek gogoratu du mugimendu feministak urteak daramatzala indarkeria desberdinak izendatzen eta hauei aurre egiteko bideak sortzen, indarkeriarik gabeko jendarte bat iristeko ardura hartuta.
A25ean indarkeria guztien kontra errebelatzera deitu du, beraz, gorputzetan jasaten den biolentziaz gain, lurraldeetan jazotzen den horri aurre egiteko beharra nabarmendu du, borroka antirrazista eta antikolonialistaren bidetik.
«Zapalduak garen bezala, zapaltzaileak garela ulertu eta onartu behar dugu, eta horrekiko ardurak hartu. Boterearen berrikuspen kritikoa egin behar dugu, desiratzen dugun Euskal Herri Feminista eta Dekoloniala eraiki nahi badugu», ohartarazi du.
Jabetze eta desjabetze prozesuak martxan jartzeko aldarria egin du Bilgunek, indarkeria transistemikoak mahai gainean ezarriz. «Zapalkuntza sistema ezberdinak gure gorputzetan adierazten direla onartuz, indarkeria jasaten duten subjektu guztiak erdigunera ekarri behar ditugu, eta hauek aitortu», esan du.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
