MAIDER IANTZI GOIENETXE

«L’Arratien», orainaldian kokatutako Toti Martinez de Lezearen lehen lana

Toti Martinez de Lezeak 2024 honetan kokatu du bere liburu berriaren kontakizuna, «L’Arratien», euskaraz eta gaztelaniaz, bietan aldi berean plazaratu duena, Miren Arratibel Garmendiaren euskarazko itzulpenarekin, Erein etxean. Mundakarren egunerokotasuna azaltzen du nobelaren tramak, prosa zorrotz, arin eta berritzaileaz. Kapituluen ordez eszenak ageri dira taberna batean girotutako jende arruntari buruzko istorio honetan.

Toti Martinez de Lezea, liburu beraren bi bertsio aurkezten, atzo Donostian.
Toti Martinez de Lezea, liburu beraren bi bertsio aurkezten, atzo Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Nobela beraren bi bertsio aurkeztu zituen Toti Martinez de Lezeak atzo. Erein argitaletxearekin euskaraz eta gaztelaniaz aldi berean plazaratu du “L’Arratien”, Miren Arratibel Garmendiak euskarara ekarria. Jose Agustin Iturri editorea ondoan zuela eman zituen azalpenak Larrabetzun bizi den gasteiztarrak.

«Literatura idaztea da», aldarrikatuz hasi zuen mintzaldia. «Generoak jartzea XX. mendekoa da. Lehen literatura literatura zen. Ni nobela historikoarekin hasi nintzen, nire mundua sortuz eszenatoki batean. Lan handia eskatzen du horrek, dokumentatu egin behar delako. Gauza berriak probatzea ere gustuko dut, eta ‘La editorial’ eta ‘El Maizal’-en ondotik, orainaldian idatzi dudan nire lehen nobela da honakoa. 2024 honetan bertan kokatuta dago».

Taberna batean gertatzen da trama, Karmentxu jabea protagonista dela. 60 urte inguruko emakume honek 30 urtez hitz egiten ez zuen anaiarekin solas egingo du, sukaldari bat ezagutuko du, merkataritzan aritu izan den marinel erretiratu batekin ariko da kontu kontari... Zertaz? «Gu ari garenaz. Gaurko errealismoa baita. Istorio arrunt bat, gauzak gertatzen zaizkion jende arruntari buruz. Kostaldeko pisuen prezioaz ari dira, turismo masifikatuaz, Urdaibain egin nahi duten Guggenheimez edo espekulazioaz».

«Lehen orrialdea kontatuko dut. Ahal dut?», proposatu zuen sortzaileak irribarrez. Urdaibain gaude, gertaleku pribilegiatu batean. 40 urteetarantz hurbiltzen ari den gizon bat Mundakako portuan eserita dago, gaua egiteko zain. Otsailaren bukaera da eta sasoi honetan 2.000 biztanle dituen herriko jendea etxeratzeko esperoan dago. Santa Katalina ermitarantz doa, asmo argi batekin: bere bizimodu zorigaiztokoari amaiera ematea, munduko olaturik perfektuenetako bat eratzen den eremuan bere burua itsasora jaurtiz.

Ez du asmo hori beteko, ordea. Bidean etxe zahar bat ikusi du, azpian “L’Arratien” kartela duena. Arreta ematen dio eta, hurbiltzean, «Sukaldaria behar da» irakurri du. Tok-tok atea jo du.

BIZIBERRITZEKO AUKERA

Tabernan topatuko du biziberritzeko aukera Paul Arenek, “Pello” deituak, eta ondoan izango ditu Karmentxu, bere metamorfosiaren erantzule ezusteko bihurtua, Libe, Irati, Pako, Koldo, Juankar... abegi ona egin eta bere egoera berrian lagunduko dioten herritarrak.

Iturrik agertu zuenez, prosa arin eta zorrotza, are berritzailea, bereizgarri duela, kostaldeko herri bateko biztanleen egunerokotasunera garamatza tramak, haien bizipen, traizio, sentipen, iragan ezkutu eta kezkak elkarri josiz. Berezitasun bat du: ez dago kapitulurik, eszenak baizik.

Idazle emankorra da Martinez de Lezea. 1986an “Euskal Herriko leiendak” bilduma idatzi zuen. 1998 urtean argitaratu zuen lehen eleberria: “Judu-kale”. Eta ondoren etorri zen argitalpen zerrenda harrigarriki luzea, heldu, gazte zein haur literaturan arrakasta lortu duten lanekin.