Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Marra gorria (II)

1975ean AEBetako gobernuak Ekialde Hurbilean harturiko neurriak gogoan, Washingtonek «herrialde arabiar guztiek zeharkatu ezin dezaketen marra gorri bat marratu» zuela adierazi zuen Israelgo Atzerri ministro Allonek, mezu argi bat bidaltzeko: «AEBek ez dute Israel sakrifikatuko arabiarren babesaren truke».

Palestinarren genozidioaren lehen hilabeteetan Israelek “marra gorria” zeharkatuz gero, AEBek neurriak hartuko zituztela adierazi zuen garai hartan bigarren agintaldi baten aukera ziurtzat jotzen zuen Joe Bidenek. Ordutik zenbait kazetarik hainbat aldiz galdetu diote zer gehiago egin behar duen armada okupatzaileak “marra gorria” zeharkatutzat jotzeko.

Okerreko galdera egiten ari dira, ordea. Kontua da nork zer eta zertarako izendatzen duen marra gorri bat. Kiplingek hizpide zuen Balaklavako “marra gorri finak”, Otomandar inperio amaierako “Marra Gorriko Hitzarmenak” eta Yigal Allonen “marra gorriak”, hiru gertaerek badute zerbait komunean: botere hegemonikoaren interesen babesa.

Hortik, Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundearen azken kanpainaren hanka sartzea, zeinak gatazka guneetan osasun arloan dihardutenei eraso egitea “marra gorria” zeharkatzearekin parekatzen duen. Nahikoa du AEBek NBEko Segurtasun Kontseiluan duen beto eskubideari heltzea “marra gorriak” egiteko eta desegiteko.