Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Inguruak lagundu testua ulertzen

Ez dakit zer pasatzen den azken aldi hontan…” kantatzen zuten aldi hartan. Nik ere ez dakit, aldi honetan. Ohiko misilen pandemia alditik gentozen eta, hara!, ezohiko hipersonikoen aldira pasatu gara, doktrina nuklearreko batzuen eta besteen erabakiak erabaki. Batak eta besteak transgenikoak; misilez ari naiz. Teknologia halakoa! Jakintza halakoa! Madarikatuak ekuazioak horretara bideratzen dituztenak! Eta munduko mapan zerrendak ezarri dituztenak ere, aurrekoen gelakideak. Ez dut teknologia bere osoan madarikatzen, arazo askoren funtsezko eragile izanda, irtenbideen parte ere izan beharko lukeelako, baina horretarako erabakiak ezin teknokraten esku utzi. Hortxe teknologiaren gaitza!

Zertara dator epistola hau Murgoitio? A bai, Sarri, sarri, sarri, sarri, sarri, sarri… Zaharra berri, batzuen belarrien ezkoa beratzekoa. Halere, aitor dut ez naizela inoiz musikazalea izan; nire belarrien arazoa, prefosta!, beti pentsatu baitut haizeari aurre egiteko ipini zizkidala ama izan nuenak buruan osagarri. Aerodinamikoan, aparteko teknologiarik gabe. Musika ez, baina doinua bai; estimatu egin ditzaket kantak doinuagatik, sarritan letra ulertzera heltzen ez banaiz ere, musika tresnen zaratotsengatik… Total, baflearena oso adibide bikaina iruditu zait beti, epaileei ekonomia zirkularra zertan datzan esateko, modu errazean uler dezaten edo.

Eta EHUn hauteskundeak begi-bistan. “Eman ta zabal zazu” ulertzeko moduak jokoan. Egia esan programak antzekoak izan daitezke letran, baina ez formatuan. Sarritan gertatu legez, kontua ez datza testuan, testuinguruan baizik. Inguruak laguntzen du testua gauzatuko den ulertarazten. Esan gabe doa teknologiaren alde madarikatura bideratutako zientzia ere sortzen duela unibertsitateak. Kontuz beraz eman eta zabaltze horrekin. A! eta bai, nazioa gara!