GARA
DONOSTIA

«Harria eta poltsa» instalazioa jarri du ikusgai Maddi Barberrek San Telmon

Maddi Barber artistak «Harria eta poltsa» instalazioa erakutsiko du Donostiako San Telmo museoan urtebetez. Proiektua Museo Bikoitza programaren barruan kokatzen da eta San Adriango aztarnategian Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologia taldeak egiten duen lanean du oinarri.

Maddi Barber artista, San Telmo museoan erakusgai duen instalazioaren aurrean.
Maddi Barber artista, San Telmo museoan erakusgai duen instalazioaren aurrean. (Iñigo URIZ | FOKU)

“Harria eta poltsa’’, Maddi Barber artistak Museo Bikoitza programan sortutako instalazioa, San Telmo museoan ikusgai dago. Jada ireki ditu ateak erakusketak eta urtebetez egongo da museoko elizan, Museo Bikoitza programaren barruan.

Museo Bikoitza, Asier Mendizabal artistaren proposamena, 2018an jarri zen abian, Ibon Aranberrirekin. Ondorengo edizioetan Erlea Manerosek, Jose Mari Zabalak, Iratxe Jaio & Klaas van Gorkumek eta Hinrich Sachsek parte hartu dute. Orain, Maddi Barberrek seigarren edizioan egindako urtebeteko lanaren emaitza aurkeztu dute, ‘‘Harria eta poltsa’’ instalazioa. Lekukoa jaso berri dute Ainara Elgoibar eta Usue Arrieta artistek.

‘‘Harria eta poltsa’’ instalazioak bi elementu ditu: film bat eta pantaila bat. San Adriango aztarnategian Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologia-talde batek gauzatzen dituen lan prozesuetan murgiltzen da filma. Jarraipen hau artxiboko materialekin tartekatuz, filmak arkeologiaren eta museografiaren arteko harremanak aztertzen ditu, bai eta bi praktika hauek objektuen desplazamendua sortzeko duten modu desberdinak ere.

Bestalde, pantailak «agerpen eta harrera» egitura baten gisa dihardu, beste desplazamendu mota bat ahalbidetzen duen gailu mugikor baten gisa: irudien desplazamendua. Bi elementuak, orain instalazio honetan elkarri lotuak, autonomoak izango dira San Telmo museoaren bilduman integratzean; filma beste pantaila batzuetan ikusi ahal izango da eta mugitzen ari diren beste irudi batzuk hartuko ditu pantailak.

LANKIDETZAK

‘‘Harria eta poltsa’’ hainbat lankidetzarekin egin da: Jonander Aguirre, Fran Fraca eta Iruinoxek hartu dute parte pantailaren diseinuan eta eraikuntzan; Mirari Echavarri, Maite Redondo, Gerard Ortin, Xabier Erkizia, Ione Atenea, Armando Llanos Ortiz de Landaluze, Aranzadi Zientzia Elkartea eta Euskadiko Filmategia daude filmaren produkzioaren atzean; eta FFraca Design Office eta Maite Zabaletak, aldiz, izan dute diseinu grafikoaren ardura.

Instalazioaz gain, artistaren sormen prozesuan zeharreko oharrak eta gogoetak biltzen dituen zabalgarri bat aurkeztu zuten proiektuaren aurkezpenean. Irudiak eta testuak uztartzen dituen euskarri hau, ziurtatu zutenez, ‘‘Harria eta poltsa’’-ren sorrera eta lan prozesua jarraitzeko tresna «erabilgarria» da.

Pantaila museoko elizan jarrita egongo den epean, hainbat aldiz ‘‘aktibatuko’’ da beste proiekzio batzuekin. Zehaztu zutenez, San Telmo museoak jorratzen dituen gaiekin lotura duten testuinguru hurbileko artista eta zinemagileen lanak hartuko ditu. Instalazioa ikusteko sarrerak leihatilan eta online eskura daitezke.