TWINGOAN EDO TODOTERRENOANALAIA MARTIN FINALERA
Atzo Zarauzko kiroldegian jokaturiko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoan, Alaia Martinek eskuratu zuen finalerako txartela 544,5 punturekin. Zortziko txikiko ariketa abiatzerako lortu zuten saioa berotzea bertsolariek, eta ganbarakoan zein bakarkakoan ere gogoeta interesgarriak plazaratu zituzten. 1.400 bertsozale bildu ziren.

Illunbeko bigarren aulkian nor eseriko den atzo erabaki zen Zarautzen: Alaia Martinek irabazi zuen finalaurreko saioa 544,5 puntu eskuratuta; eta, beraz, Illunben izango da abenduaren 14an. Bertsolariak aurkeztu bezala, bero sumatzen zen kiroldegia eta saioa, eta hartu-eman horretan jardun zuten saio osoan zehar ere kantukideek eta bertsozaleek.
Ohi bezala, zortziko nagusian izan zen atzo ere lehen lana eta hausnarketa interesgarriak jarri zituzten oholtza gainean. Artetxek eta Peritzek migranteen harrera elkarte batean boluntario gisa lan egiten zutenen ahotik kantatu zuten; azken boladan irainak jasotzen ari dira, eta Artetxek erantzun egin nahi zien; Peritzek, aldiz, nahiago zuen garrantzirik ez eman. Artetxek: «...Barrua daukat irakiten ta/ beraz ezin egon geldi/ guk horrenbeste zor baitiegu/ Aissari ta Mohamedi». Eta Peritzek, hasieran esan bezala, nahiago zuen janari beroa ematen jarraitu: «...Aldi berean ezin da bete/ kalea eta platera».
Zortziko txikian rola eman eta saio borobilena Martin eta Artetxek osatu zuten, elkarrizketan aritu baitziren, etengabean ideia berriak plazara ekarriz. Auto-saltzailea zen Martin, eta eroslea, Artetxe; todoterrenoa eskaini zion lehendabizi saltzaileak eta erosleak argi erantzun: «..zure proposamena/ hobe da utzita/ todoterronorako/ nahikoa naiz ni ta». Eskaintzarekin jarraitu zuen saltzaileak, eroslea bertsolaria zela eta «...hartu Twingo bat zerbait/ merke emakumea/ eman behar duzue/ itxura xumea»; eta azkenerako, garraio publikoan jarraitzea hobe izango zela ondorioztatu zuen Artetxek.
Hala ere, ariketa horretako txalo zaparrada handienetakoa Araiztegik jaso zuen; hackerraren paperetik kantatu zuen, Mendizabalen Kutxabankeko kontuan sartzea lortu eta zera bota zion: «...hau da Mendizabalek/ hain justu daukana/ bizar irlandesa ta/ kontu alemana». Eta hiztegiari eutsita itxi zuen bertsoaldia Mendizabalek: «...Ni ere hackerra naiz/ ta momentuz kaput/ ‘control shift’ ta ‘control shift’/ ezabatu zaitut».
LAGUN ZAHARRAK
Ganbarako lana seiko motzean da fase honetan eta honakoa izan zuten gaia: «Lagun minak izan zineten, orain urte batzuk elkarrekin haserretu zineten, berriro heldu diozue harremanari». Martin eta Iturriotz mutil batengatik haserretu ziren, ofizio horretako bertso batzuk dakartzagu lerrootara. Iturriotzek: «...Hetero normak gu bioi ere/ egin digu mina». Eta Martinek erantzun: «...baina hautsi dugu zerrenda/ Aitor ez baitzen leienda/ eskerrak kendu genuen gure/ begitako benda». Iturriotzek sentimenduen inguruan ere kantatu zuen, «...Lehenago zeloen hotsa/ eta zu gabe ze hotza/ biak batera sentitzen ditut/ poza eta lotsa». Azkenerako, txupito bana hartuta amaitu zuten ofizioa.
Mendizabalen bakarkakoak honakoa zioen: «Begi bat galdu zenuen 90eko hamarkadako manifestazio batean, segurtasun indarren biktimen zerrenda berritu dute baina ez zaituzte sartu oraindik». Politikariengana eta begia galarazi zioten poliziengana zuzendu zen lehen bertsoan: «...ta bistan dago argitu gabe/ dagola egun auzia/ nik daukat begi bat gutxiago/ ta haiek ezin ikusia».
Peritzek, bakarkakoan, azalpenak emateaz nazkatuta dagoen guraso bakarraren paperetik kantatu zuen. Bigarren bertsoan zalantzak edota azalpenak eskatzen dizkieten horiengana zuzendu zen, plaza lehertzeraino: «...baina askok hurrengoan/ zalantza modu sendoan/ ai heteroak, monogamoak/ badakit nora nindoan/ igual harritzen zarete baina/ lagunak dauzkat ondoan». Eta hirugarrengoan bere erabakiari eutsi zion: «Excel batean daukagu zaintza (...) harro heldu naiz honaino/ ta nahiago dut horrela egon/ zuen nobioekin baino».

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
