Joxemari CARRERE
Ipuin-kontalaria

Nazioa

Aurreko batean, ipuin batzuk grabatzen ari ginela, soinuarekin zebilen teknikariak hau bota zuen: «Hori Kukubiltxoren ipuina da». Arrazoia zuen, nahiz eta Baratxuriren ipuina izan kontatu berri nuena, Barandiaranek 1925ean Andoainen jasoa. Istorio bera izen desberdinarekin. Zornotzako bi ahizpak, aldiz, Ahotsak.eus egitasmoaren grabaketa batean Kipuliotxu kontatzen dute. Gure amak Kukubiltxo jaso zuen bere ama azkoitiarragandik; Barandiaranek Azkoitian 1920an Pedro Suduperi jaso zion bertsio berbera. Barbantxo jaso zuen Lekuonak Oiartzunen. Baratxuri, Kukubiltxo, Kipuliotxu, Barbantxo, izen desberdinak, baina izana bera, belaunaldiz belaunaldi ahotik ahora pasatu dena, kontakizun bakoitzean kolore berriak hartuz, soinu teknikari gazte baten memoria pizteraino. Ipuinak iruditeria orokor baten hondar aleak dira, kontatzen duen kulturari izaera propioa ematen diona, askotarikoa eta dinamikoa.

Nazio baten osaketan, funtsezko zutabea da horren gainean gizaldiz gizaldi sortzen joan den iruditeria askotariko eta aberatsa. Ahoz aho kontatu izan diren ipuinak ere horren parte dira. Heldu zaizkigun ipuinak eta sortzen direnak kontatu ezean, kultura eta hizkuntza hegemonikoen iruditeria ezarriko zaigu eta nazioa ahotsik gabeko ipuin bihurtuko da. Egia bada sakelan sar, gezurra bada atera ez dadila.