Pilotaren Olinpoan ahalik eta luzaroen mantendu nahi du Lasok
Iturramako pilotalekuan «apropos» bildu zituen kazetariak; «haurtzaroko oroitzapenak ekartzen dizkit, eta zirkulua biribiltzeko toki ezin hobea da», aitortu zuen aurrelari nafarrak Lau eta Erdiko txapela lortu eta biharamunean. «Emozionatuta» esnatu zen.

«Unai Laso txapeldun, abiadurari oreka eta buru hotza gehituta»; izenburu hori jarri zion egunkari honetako Asier Aiestaran kazetariak Unai Lasok Peio Etxeberriaren aurrean lorturiko Lau eta Erdiko txapelaren kronikari. “Berria”-k, berriz, «kastatik arrakastara» idatzi zuen. Igandeko final handiaren inguruan, txapeldunaren fedea nabarmendu zuen “Diario Vasco”-k eta Bizkarreta-Gerendiaingoak ez ziola sinisteari utzi, “Diario de Navarra” egunkariak.
Ondo definitu zuten finalaren berri eman zuten kazetariek Unai Lasoren garaipena. Sei hilabetez frontoietatik kanpo eduki zuen lesioa gainditu eta urtea betetzera doanean, pilotaren Olinpoan da berriz ere Unai Laso. Lau eta Erdiko bere lehen txapela jantzi eta biharamunean, nafarrak ez zuen eskuetatik alde egin diezaion nahi.
PARRANDA KOXKORRA
Halako garaipen batek merezi duen ospakizunen ondoren, nekatuta baina pozik agertu zen Laso hedabideen aurrean. «Parranda koxkorra egin genuen; okasioak hala merezi zuen», aitortu zien aurrelariak Iruñean bildu zituen kazetariei.
«Iturramako pilotaleku honetan apropos bildu zaituztet kazetariok, bertan lagunekin ordu asko pasatua bainaiz pilotan. Haurtzaroko oroitzapenak ekartzen dizkit, eta zirkulua biribiltzeko toki ezin hobea da».
Hala, «emozionatuta esnatu naiz. Sentipena dut kantxan ez nuela batere gozatu, eta sufrimenduari eta kastari esker irabazi nuela. Pentsamendu negatiboak izan nituen partida osoan zehar; mamuak agertu zitzaizkidan. Horregatik, balio handia ematen diot txapelari», azaldu zuen. Izan ere, gogoratu behar da 2020an profesionaletatik kanpo utzi zuela Baikok. Itzuli zenean Buruz Burukoa irabazi zuen. «Infernutik zerura igaro nintzen orduan». Orain, aldakako ebakuntza baten ostean jantzi du Lau eta Erdiko txapela. «Ongi errekuperatu naiz lesiotik, eta lana eta sakrifizioa izan dira sekretua».
Fedea eta esfortzua izan ditu bidelagun nafarrak berriro ere gailurrera igotzeko: «Familiatik datorkit hori. Kolpeen poderioz pilotari hobea bihurtzen joan naiz, eta izugarri harro nago egiten ari naizen bideaz».
Harrotasun horrek ez du esan nahi emoziorik adierazten ez duenik. Hori agerian geratu zen behin finala amaitzean: «Ez naiz emozioak asko azaleratzen dituen pertsona horietakoa, baina gain hartu zidan egoerak. Une zailetan ondoan eduki ditudan familiarteko eta lagunak etorri zitzaizkidan burura, eta lehertu egin nintzen. Besarkada asko eman ditut azken orduetan».
Txapela irabazteko funtsezkoa izan zen Jon Mariezkurrenaren laguntza ere: «Presio eta tentsio handia nuen, eta guzti horri aurre egitea ez da erraza, baina Jon Mariezkurrenak mantendu ninduen partidan sartuta, eta maldan gora jarritako partidari buelta eman nion pixkanaka». Eta, noski, aurkaria txalotu zuen: «Peio Etxeberriak izugarrizko erritmoa jarri zuen hasieratik, eta berak ere nik adina merezi zuen txapela. Halaxe onartu nion berari». Horra txapeldunaren hitzak.
Jakak bi urterako luzatu du Baikorekin
Erik Jakak bi urtez berritu du kontratua Baiko Pilotarekin. Atzo jakinarazi zuen enpresak lizartzarraren berritzea; Binakako Txapelketaren aurkezpen egunaren bezperan, hain justu. Lizartzako aurrelaria pozik agertu zen kontratu berritzearekin, eta etorkizun hurbilari begira jarrita, ostiral honetan bertan Beasainen hasiko den eta gaur, 10.30ean, Iruñean aurkeztuko den Binakako Txapelketak ilusio handia egiten diola adierazi zuen. «Astearte honetan Txapelketaren aurkezpenean egongo gara, eta, bikotea edozein izanda ere, gure mailarik altuena ematen saiatuko gara», esan zuen Jakak.
Berarekin batera, Artola, Laso eta Peña II.a aurrelariek, eta Mariezkurrena II.a, Albisu, Imaz eta Iztueta atzelariek parte hartuko dute Baiko enpresatik. GARA

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
