Antxon Lafont, Euskal Herriaren aldeko oinezko polifazetikoa

Modu askotara aurkez liteke Antxon Lafont Mendizabal, baina labur-labur, egunkari honetako artikulugile gisa erabiltzen zuena litzateke, beharbada, aproposena: «Oinezkoa». Oinezkoa, baina «aditu» gisa ere sina zitzakeen bere idatziak, haietan sumatzen zenez eta bere bizitzan barrena erakutsi zuenez. Atzo zendu zen Donibane Lohizunen, 89 urte zituela.
Donostian jaio eta Lapurdin bizi izan zen hainbat urtez, Donostiara itzuli arte. Edonola ere, lotura estua izan zuen bi lekuokin. 1991n Urrezko Danborra jaso zuen, Ipar eta Hego Euskal Herriko lurraldeen arteko lotura sendotzeko egin zuen lanagatik. Ekonomista eta enpresaburua, bi estatuetako lurraldeetako zenbait egituratan parte hartu zuen, eta bi aldeen arteko lotura hori etengabe sustatu zuen bere burua anarkista burges gisa definitzen zuen gizon polifazetiko eta betiere Euskal Herriaren defendatzaileak.
Fermin Munarriz kazetariak 2010ean GARAn egin zion elkarrizketa luze eta jakingarrian, Euskal Herriaren subiranotasunaren alde zeukan jarrera sendoa azaldu zuen: «Hauxe dio subiranistak: ‘neure burua gobernatzeko adinako heldutasuna daukat, eta, gainera, gainerakoekiko elkartasunean gobernatu nahi dut, espainiarrekin, frantziarrekin edo dena delakoekin... baina burujabe».
Ekonomia ikasketak egin zituen; hala ere, haren ezagutza beste zenbait arlotan ere erakutsi zuen: kulturan oro har, filosofian, matematikan eta fisikan, besteak beste. 2009an lurralde antolamenduari buruzko doktore tesia aurkeztu zuen EHUn eta cum laude kalifikazioa lortu zuen. Ekonomia Aplikatuan doktorea, Bidarteko ingeniaritza eskolaren sorrera bultzatu zuen.
Joan den uztailean argitaratu zuen, GARAn eta NAIZen, bere azken iritzi artikulua, “Quousque tandem”.
HIRU LURRALDEAK
1984an Baionako Merkataritza Ganberako zuzendari hautatu zuten, eta hunkituta gogoratzen zuen garai hartan Euskal Herriko iparraldeko hiru lurraldeak biltzen zituen erakunde bakarra zela. Izan ere, artean ez zegoen Ipar Euskal Herriko Elkargoa, 2017an abiatu zena. «Niretzat oso garrantzitsua zen herri-espiritua», zioen; «izan ere, garapen oro, aurrerapen iraunkor oro, zerbaitetan oinarritu behar da, herrialde batean, beste herrialde batzuekiko elkartasunean...». Beste pertsona batzuekin, biziki arduratu zen Zuberoa, Paueren menpe zegoena, Baionako Merkataritza Ganberaren menpe egon zedin. Eta lortu zuten. «Pozez negar egin nuen Frantziako Estatuko Aldizkari Ofizialean irakurri nuenean Zuberoa Baionako Merkataritza Ganberaren menpe zegoela, Michel Rocard lehen ministroak eta beste zortzi ministrok sinatua. Garai hartan Baionako Merkataritza Ganbera ginen, eta orduan ‘eta Euskal Herrikoa’ gehitu ahal izan genuen».
Lafont Donostia-Baiona konurbazioaren bultzatzaileetako bat izan zen, eta bere helburu nagusia Euskal Herriaren kohesioa zen, berriz ere: «Hain alde handia dago Iparraldearen eta Hegoaldearen artean, non ahalik eta zirkunstantzia mesedegarri gehien sortu behar diren elkartzeak egon daitezen».
Herrigintzaren eta euskal identitatearen aldeko lana hizpide, Mixel Berhokoirigoin baxenabartarra goraipatzen zuen, Euskal Herriko Laborantza Ganberako presidente eta ELB sindikatuaren sortzaileetarikoa izan zena.
EAEko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko presidente ere izan zen 2005etik 2008ra bitartean, ELAk eta LABek proposatuta.
KONPROMISO POLITIKOA
Arestian aipatutako elkarrizketan, 68ko Maiatza gogoratzen zuen bere konpromiso politikoaren hasiera, Parisen multinazional bateko Analisi Automatikoko Departamentuko zuzendari zegoela, langileek fabrika okupatu zutenean. Lafonten ustez, gauza zirraragarri bat erakutsi zuten: beren lan tresnarekiko errespetua: «Joan zirenean, inoiz ez bezain garbi eta funtzionamendu egoera onean utzi zuten fabrika. Oso eredugarria izan zen». Iraultza guztiek zerbait positiboa ekartzen dutela uste zuen. «Iraultzek ere gauza negatiboak ekartzen dituzte, beste gauza guztiek bezala, ‘ez-iraultzek’ bezala. Gehiengo isilak, adibidez, ez al ditu gauza negatiboak ere ekartzen?».
Apustu konfederala ere hizpidera ekartzen zuen: «Nik uste dut subiranotasunetik gertu gaudela. Badago konponbidea izan litekeenaren antzeko zerbait, konfederazioa». Eta bere tesia aipatuz: «Bada lurraldearen antolamenduan garrantzitsua iruditzen zaidan elementu bat, tesiaren oinarrietako bat ere badena, non esaten dudan lurraldea zorua gehi identitatea dela. Lurralde bati nortasuna kentzen badiozu, zorua baino ez da geratzen. Horregatik nahasten dira lurzorua okupatzeko planak eta lurraldea antolatzeko planak, gauza desberdinak direnak. Lurralde-antolamenduan kultura faktore guztiek esku hartzen dute, eta hala ez bada, lurzoruaren banaketa besterik ez da. Identitatea eta kultura bezala, immateriala sartzen den mundu horretan, elkarrekintza egoteko beharra agertzen da, elkartasuna. Ez dut ikusten subiranotasuna zerbait isolatu gisa».
Antxon Lafontek zioenez, lehen, subiranotasunaren alde egiten zutenak nazionalistak ziren eta orain nazionalista izan gabe subiranotasunaren alde agertzen den jendea ere badago.
Hainbat ekimen sozial eta politikotan inplikatu zen Antxon Lafont. 2005ean Aukera Guztiak babestu zuen, ilegalizazioen aurka; 18/98 prozesuaren salaketan eta Independentistak sarean parte hartuz... Baita euskal presoen eskubideen aldeko Sare Herritarraren sorreran ere.
Sare sozialek Lafonten heriotza zela-eta agertu ziren doluminen berri eman zuten. Besteak beste, Sarek esandakoa, hain zuzen: «Mila esker euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde egindako ekarpenagatik».

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
