GARA
GASTEIZ

Denis Itxaso, Etxebizitza sailburua: «Alokairua oihan bihurtu da»

Tentsio eremuen kudeaketa aurrerantz doa, baina eskaera egin duten hainbat herrik kexa adierazi dute foru aldundiek ez dituztelako prezio indizeak zehaztu. Gaia jorratzeko, NAIZ Irratian izan zen atzo Denis Itxaso, Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuko Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburua.

Denis Itxaso sailburua, Ajuria Enean.
Denis Itxaso sailburua, Ajuria Enean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Denis Itxasok NAIZ Irratian adierazi zuenez, garrantzitsua litzateke alokairuko erreferentziazko prezio indizea lehenbailehen argitaratuta egotea, egoera horretan dauden pertsonei abiapuntu bat emango liekeelako. Dioenez, lanean dihardute EAEko hiru ogasunek, bai eta Espainiako Estatuko Etxebizitza Ministerioak ere. Hain zuzen ere, azken erakunde honi bidali behar zaizkio datuak eta bidalketa hori, esan zuen, «ez omen da teknologikoki oso erraza».

Tentsio eremuen izendapenek planak ekarriko dituzte, baina alokairuan bizi diren pertsonek egunerokotasunean bizi dute larritasuna. Epe horiek burutzen diren bitartean eta balore katea martxan jartzen duten bitartean, behintzat alokairuan dauden pertsonak babestuta egotearen aldekoa da Itxaso.

«Alokairua oihan bihurtu da», nabarmendu zuen, «eta garrantzitsua da legeak baimentzen dizkigun mugak baliatzea. Horregatik beti nabarmentzen ditut bi lan ildo horiek; udalerriek baldintzak betetzen dituzten heinean tentsiogune izendapena eskatzea eta denbora hori etxebizitza berriak egiteko baliatzea».

Etxebizitzaren Legea ezarrita dago EAErako, eta horren erabileraren balantzea egin zuen sailburuak. 2025ean sartuko da indarrean sakonago. Une honetan Errenteria bakarrik izendatu dute tentsio handiko eremu, baina badira eskariak bideratu dituzten hainbat hiri, herri eta auzo, Bizkaian eta Gipuzkoan, batik bat.

Horrek hainbat efektu juridiko izango dituela esan zuen. Momentuz, «udalerriak onartu egiten du behintzat arazoa duela, eta arazo horren aurrean politika berriei ekiteko asmoa duela eta horretarako prest dagoela».

Zehaztu zuen Lakuan ez dutela arazorik legeak eskaintzen dizkien baliabide guztiak erabiltzeko, eta horretan dabiltzala. Auzitegi Konstituzionalak esaten duena errespetatu eta, hortik aurrera, legeak aurreikusten dituen tentsio guneak euren programan islatu eta mahai gainean dagoen erreforma fiskala diseinatzeko erabiliko dituzte, esan zuenez.

Alokairu turistikoak etxebizitzaren eskuragarritasunaren gain duen eraginaz galdetuta, azaldu zuen udal eskumen bat dela eta honezkero udalerri askok erakutsi dutela badagoela «helduleku legal nahikoa» pisu turistikoei muga jartzeko. Etxebizitzaren hasierako filosofia eta zentzu soziala berreskuratu beharra dagoela gaineratu zuen, horren baitan gertatzen diren ekimen eta jarduera ekonomikoei arreta jarriz eta mugak ezarriz.

Udalerri ugari arduratuta daude gai honen inguruan, eta neurriak hartzen hasiak dira. Badira mugak jartzeko ordenantza fiskalak onartzen dituztenak, baita arazoari eremu urbanistikotik heltzen diotenak ere. Modu batera edo bestera, «askok hartu diote neurria arazo honi».