«Arbitrariotasuna frogatuz» hasi ditu epaiketak Ernairen defentsak
2023ko irailean Gasteizen eta Bilbon egindako mobilizazioengatik Ernaiko 133 kidek isuna jaso zuten. Antolakundeak helegiteak aurkeztu eta atzo hasi zen prozesu judiziala Gasteizen. Bi kasu aztertu ziren, baina gainerakoetarako erabilgarriak izan daitezke hauen epaiak.

Isuna jaso duten Ernaiko 133 kideetako biren helegiteen epaiketak egin ziren atzo Gasteizko Administrazio Auzien epaitegi batean. Maddi Bilbao antolakundearen abokatuaren aburuz, «frogatuta geratu da Administrazioak arbitrariotasunarekin jokatu zuela isun hauek jartzean».
2023ko irailean Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren espetxeratze agindua salatzeko Gasteizen eta Bilbon egin ziren mobilizazioetan parte hartu zuten gazte antolakundeko kide batzuk dira isunak jaso zituztenak, besteak beste desordena publikoak egotzita, guztira 290.000 eurokoak. Maddi Bilbao abokatuak arratsaldeko 16.00ak pasatxo epaiketak amaitu zirenean errepikatu zuenez, isunak «proportziorik gabekoak dira eta ez datoz bat Zuzenbidearekin».
9.00etan hasi zen lehenengo bista, Gasteizen izan ziren gertakarien inguruan eta, ondoren, Bilbon gertatutakoari buruzkoa egin zuten. Aztertu diren bi kasuak «lehentasunezkoak» dira epailearentzat eta, Bilbaok azaldu zuenez, hilabete edo bi hilabete barru jakingo diren epaiek aldaketak eragin ditzakete auzi honen beste kasu batzuetan. Hurrengo epaiketa otsailean izango da, beraz, «ikusiko dugu zer gertatzen den».
Ernairen defentsak eskatu zuen 133 ebazpen administratiboak «Zuzenbidearen kontrakoak» direla deklaratzea. Horrekin, isuna jaso dutenei eragindako kalte ekonomikoa Administrazioak berrezartzeko eskatu zuten, baita prozesuaren kostuak ordaindu ditzala ere.
Administrazioak, bestalde, helegiteak bertan behera uztea eskatzen du. Bilbaoren esanetan «bere aburuz frogatuta dago manifestazio bat aurretiaz ez komunikatuta egiteagatik desordena publiko bezala tipifikatu daitekeela eta garraioan edo errepideetan izan diren kalteek arriskuan jartzen dutela herritarren segurtasuna». Auzi gelan hori gertatu zenik «desmuntatu» zutela esan zuen, epaiketak luzatu zituzten lekukoen deklarazioekin.
«Epaitegiak dira funtsezko eskubideak defendatu behar dituztenak eta epaitegia da Administrazioari mugak jarri ahal dizkion organoa», adierazi zuen. «Epaitegiari eskatzen diogu kasu honetan Segurtasun Sailak erabakitzeko ahalmen hori kontrola dezala».
«BORROKARAKO BESTE BIDE BAT»
Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramaileak ere hitza hartu zuen Justizia Jauregiaren atarian eta Ernai «isiltzea» lortu ez dutela argi utzi zuen.
«Ez dugu atzera urratsik egingo. Aurrera jarraituko dugu datozen hilabeteetan, bide judizial hau borrokarako beste bide bat bezala ulertzen dugulako», adierazi zuen.

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
