Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
SAY NOTHING

Isiltasunarensoinua

Irlandako gatazka armatuaren testuinguruan kokatzen den fikziozko thrillerra da, ‘‘Troubles’’ izenez ezaguna den testuinguru historikoan, Ipar Irlandako gatazka politiko eta militarrean, IRA eta Erresuma Batuko indarrak aurrez aurre zeuden garaian. IRAko zenbait kideren bizitzak azalduko ditu; Price ahizpak izango dira istorioaren ardatza, Marian eta bereziki Dolours.

Lehen unetik Belfasteko kaleetan murgilduko gaitu serieak. Hiria bera narrazioaren beste protagonistetako bat izango da. 70eko eta 80ko hamarkadetako Belfasten birsorkuntza aparta da eta girotze lana xehetasunez josita dago.

Telesailaren indarra oso konplexuak diren pertsonaien konposaketan datza; bakoitzak bere erronka moral eta pertsonalak ditu eta gatazkaren erdian bizitzeak sor daitezkeen ondorioak erakusten dira. Bereziki Dolours Price-ren istorioan zentratzen da, eta IRA erakundearen barruan izan zuen parte hartzea erakusten du.

Urteko telesail nabarmenetakoa da -alderdi artistikoa, antzezpen lanak eta gidoia itzelak dira-, baina era honetako kontakizunetan, zeinetan emozioek gainezka egiten duten, zaila da ikusle gisa distantzia objektiboa mantentzea: gatazka guztietan gertatzen den moduan, norberaren ikuspuntu politikoa edo pertsonala jokoan sartzen da. Zentzu honetan, telesailak zalantzak eragin ditzake. Euskal gatazkari buruzko fikzio traketsenetan sarritan egin ohi den moduan, alde batekoak gaizkile, krudel, inozo edota gupidagabe moduan deskribatzen dira, beste aldekoak aldiz ez. Ahizpa protagonistak dualtasun interesgarri batean erakusten dira, baina gainerako pertsonaiekin zurira ala beltzera jotzeko joera dago, grisik existituko ez balitz bezala. Bi alderdiak erakusten diren arren, balantza apur bat desorekatuta dago. Galde diezaiotela bestela Gerry Adamsi.