Martxelo DIAZ
DONOSTIA

Kepa Anabitarte, XX. mendeko historia laburbiltzen duen bizitza

Kepa Anabitarteren bizitza kontatuz, Euskal Herriko azken ehun urteko historia azaldu du Eneko Bidegainek. Politika pertsonek egiten dutela nabarmendu zuen egileak, lehen lerroan ez daudenek ekarpen garrantzitsuak egiten dituztela gaineratuta.

Eneko Bidegain, Kepa Anabitarteri buruzko liburua eskuetan zuela, atzo, Donostian.
Eneko Bidegain, Kepa Anabitarteri buruzko liburua eskuetan zuela, atzo, Donostian. (Gorka RUBIO | FOKU)

“Kepa Anabitarte. Bizitza bat herrari eskainia” (Pamiela) liburua idatzi du Eneko Bidegainek. Gizon baten bizitzak Euskal Herriko XX. mendeko historia laburbiltzen duela adierazi zuen atzo Donostian egin zuten aurkezpenean.

Trintxerpen 1934an familia euskaldun eta abertzale batean sortu zen Anabitarte, eta langileen borrokak eta zapalkuntza gertutik ezagutu zituen. Zaragozan ikasteko egin zuen egonaldiak abertzaletasunaren piztea ekarri zuen, Bidegainek gogoratu duenez. Lan munduan murgildu zenean, ELA sindikatuan sartu zen, eta kartzela ere ezagutu zuen. Parisera sindikalismoari buruzko ikastaldi batera joan zelarik, garai haietan pil-pilean zegoen deskolonizazioaren borroka ezagutu zuen, Afrikako kideei esker. Borroka soziala eta herrien askapena uztarturik daudela ikasi zuen orduan.

Municheko 1962ko kongresuan parte hartu zuen, faxistek ‘kontubernioa’ deitutako hartan, eta hark ELAren zatiketa ekarri zuen. ESB alderdiaren sorreran, kooperatibismoan eta Gipuzkoako industrialdeak bultzatzen aritu zen. GARA egunkaria argitaratzen duen EKHEko Administrazio Kontseiluko presidentea izan zen. Azken urteotan Nafarroako historiari eta Estatuari begiratu izan dio, Nabarralderen bultzatzailea eta Orreaga iritzi taldeko kidea izan dela. Gaindegiaren sorreran ere izan zen.

BIOGRAFIA POLITIKOA

Pamiela argitaletxeko Lander Majuelok garai hauetan biografia politikoak idazteko beharra nabarmendu zuen. Anabitarteren bizipenak jasotzeak lan hori betetzen du, Euskal Herriaren historian erabakigarriak izan diren garaiak aztertzen dituelako. «Biografia politiko guztiak bezala, partziala da, baina lan bat betetzen du», ohartarazi zuen.

Bidegainek urteak eman ditu kazetaritza lanetan eta kazetariak formatzen. Hori dela eta, interesgarriak izan daitezkeen gaiak topatzeko sena garatu duela esan zuen. Anabitarterekin hitz eginda, sen hori piztu zitzaion. «Hemen liburu bat dago», etorri zitzaion burura. Euskal Herriaren historiaren azken ehun urteak Anabitarteren bizitzaren bitartez kontatzea zen erronka. «Hain ezagunak ez diren pasarteak daude», iragarri zuen.

Horretarako, Anabitarterekin berarekin bildu eta hitz egin du. Senitartekoekin eta bizitzan zehar bidaide izan dituenekin ere bai. Bidegainek hamarkadaz hamarkada jaso ditu gertatutakoak.

Horien ardatza politika da, «baina politika pertsonek egiten dute. Eta politika ez da soilik lehen lerroko pertsonek egiten dutena. Itzalean daudenek ere egiten dute politika», azaldu zuen.

Lanaren ondorio bezala, bi ideia aipatu zituen Bidegainek. Lehena, Euskal Herriaren zapalkuntza ez zela Francisco Francorekin hasi eta ez zela Francisco Francorekin amaitu. Eta zapaltzaile guztiak ez direla eskuinekoak edo eskuin muturrekoak. Espainiarekin batera, Frantziak ere Euskal Herria zapaltzen duela eta biek alaituak dituztela adierazi zuen.

Bigarrena, 1970eko hamarkadan eztabaida sakonak eta hausturak eragin zituena: Askapen nazional eta soziala elkarrekin doazela eta ezin direla banatu.

Osasun arrazoiengatik, Kepa Anabitartek ezin izan zuen liburuaren aurkezpenean izan. Naroa alabak hitza hartu zuen, Bidegainen liburua familiarentzat opari bat izan dela adierazteko. Aitak beti herri begirada izan duela adierazi zuen, «aurreko belaunaldiek herri hau herri izaten jarraitzeko egin zuten ekarpena».