«Amasako aroa itxi egingo da, auskalo urteak pasatuta zer gertatuko den»
Eneko Gurrutxagak (Amasa, 1986) hirugarren aldiz irabazi du Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua. Amasan 31 edizio egin ostean, aurten azken aldiz antolatu dute. Gurrutxagarentzat herrikoan lortutako garaipena izan zen bereziena. Mendi duatloiko zirkuituaz aritu da, baita bertan parte hartzen duten pertsonen kopuruaren aldaketez ere.

Amasa jaioterrian jaso zuen mendiko bizikletarekiko grina Eneko Gurrutxagak. 14 urtez lehiatu da Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituan, eta hiru aldiz gailendu da. Gurrutxaga Amasako Mendi Duatloiko antolatzaileetako bat da, eta 31 urtez antolatu ostean, aurten azken aldia izan du. Herriko lasterketan garaile izan zen Gurrutxaga.
Azken unera arte emozioa, eta txapela zuretzat.
Bai, denboraldi hasieran ez nuen asmorik borrokatzeko, baina egia esan uste baino hobeto sentitu naiz. Bukaerara arte emozioa izan da, eta gainera, alde tokatu zait.
Azken probaren aurretik, Josu Urrestarazu idiazabaldarrak 11 puntuko aldea ateratzen zizun. Adunako azken probaren aurretik, itxaropentsu zeunden txapela lortuko zenuela-eta?
Pertsona baikorra naiz, eta beti ikusten dut dena alde onetik. Ez zegoen nire esku, nik irabazita eta berak bigarren eginda, Urrestarazurentzat izango zen txapela. Aliatuak behar nituen. Lasterketa hasi zenean, zaila ikusten nuen. Eskibel oso urruti zegoen, ni bigarren nengoen, eta hirugarrenaren borrokan bera zegoen. Baina gero ikusi nuen Xabier Agirrek Urrestarazuri tartea atera ziola, orduan berriz ere sinetsi nuen irabaz nezakeela.
Nola joan zen proba?
Hasi nintzenean nire helburua zen Ormaetxearen aurretik geratzea, eta ea Josuk [Urrestarazuk] ez zuen bera pasatzen. Kontua da Ormaetxeak bizikleta hartu zuenean segituan erori egin zela. Eskibel lehena urruti nuen, eta ni laster jarri nintzen bigarren, Agirre eta Urrestarazu pasata. Momenturen batean esan nion Xabiri [Agirre], “lagunduko dizut”, baina hau ez da errepidean bezala. Aldapan gora gurpilean jartzeak ez du balio. Hasieran burutik pasatu zitzaidan laguntzea, baina azkenean nire lasterketa egin nuen. Gatzik gabeko lasterketa izan zen. Eskibel ez nuen ikusi ere egin, eta atzera begiratuta ere, hasieran urruti, eta gero ez nuen ikusi ere egiten zein zetorren. Ez nekien Urrestarazu, Agirre edo Aburuza zen. Azken korrikaldia hasi arte, jendeari galdetzen nion, baina jendeak ere ez zekien zein zetorren atzetik. Korrika hasi nintzenean ikusi nuen minutu pasatxoko abantaila nuela, eta esan nuen, «mantso joango naiz ikusteko zein datorren nire atzetik». Zabala sagardotegira iritsi aurretik ikusi nuen Agirre, ikusi nuen atzetik inor ez zetorrela, eta itxura ona hartu nion.
Durangon izan ezik, gainerako lasterketa guztietan podiumean sartu zara. Amasan, zure herrian, lehena. Hori izango zen bereziena, ezta?
Bai, dudarik gabe. Lehenengoa ez nuen korritu, Lizarrako mendi bizikletako lasterketa batera joan nintzelako. Hori korrituta, erabaki nuen mendi duatloiko sailkapen orokorrarekin ahaztea. Kanpezuko proba polita denez, hara joan nintzen eta bigarren egin nuen. Entrenatuta nengoen, eta ez da sorpresa bat izan indartsu egotea, baina agian ez nuen espero hain ondo egotea. Irailean oso entrenamendu onak egin nituen, eta gero Kanpezun ondo nengoela ikusi nuen. Amasan 31. edizioa izanda, azkena, eta etxean irabaztea... Bereziena Amasakoa izan zen.
Azken aldiz antolatuko zenutela iragarri zenuten. Datorren urtean zirkuitutik kanpo geratuko da. Pena, ezta?
Bai, azkenean, bizitza bera bezala, zikloak dira. Agian ziklo hau itxiko da eta hemendik urte gutxira edo askora, ez dakit, agian berriz ere indarra etorriko da eta errekuperatuko da lasterketa. Auskalo zer gertatuko den, baina bai, 2025ean, behintzat, atseden hartuko dugu.
Zer balorazio egiten duzu zirkuituaz?
Urte batzuk generamatzan gero eta jende gutxiago izaten. Garai batean gogoratzen naiz Amasan 168 pertsona atera zirela bakarka, orduan erreleborik ezin zen egin. 168 astakeria bat zen, eta orain azken urteetan 100 pertsona pasa ezinda ibiltzea, bikoteak ere kontuan hartuta... 70-80 dortsal izan dira, pixka bat pobrea da. Aurten ia lasterketa guztietan 100 pertsona pasatu ditugu. Beraz, nahiko erregularra izan da. Sare sozialetarako pertsona bat kontratatu genuen pixka bat oihartzuna emateko, eta uste dut funtzionatu duela.
Proben aldetik, gehiago nahiko zenituzke?
Agian bai, egia esan eskertuko genuke zortzi bat proba izatea, sei pixka bat justu geratzen da. Egia da gero lasterkari bezala, familia, konpromisoak, afariak... Azkenean, bizitza sozial bat duzu. Lehen denboraldi bat eduki genuen iraileko lehenengo asteburuan hasi eta abendura arte ia deskantsurik gabe aritu ginena. Hori ere ez da... Ez dakit popularra den hitz egokia, baina astunegi geratzen da. Sei agian motza da, eta zortzitik gora ere jada astuna geratzen da. Aurtengoa motz geratu da, baina datorren urtean jendea gogotsu joatea ere ez da txarra.
Amasan 31 urtez antolatu duzue. Txikitatik herrian bertan izan duzun kirola da.
Bai, uste dut hortik sartu zaidala grina. Uste dut Amasako 10. edizioan parte hartu nuela. Hori uste dut izan zela nire lehenengo parte hartzea. Lehen edizioa ez banu ikusi, bigarrenean edo hirugarrenean han egongo nintzen, kontzientzia nuenetik, behintzat. Lehenengoa errepideko bizikletarekin izen zen, pistetan-eta. Gogoratzen dut mendiko bizikletan ibiltzen nintzela etxe ondoan zegoen belaze batean. Orduz geroztik, ateratzeko gogoa izan nuen, txikitatik herrian ikusteak eta bizitzeak barrenean eragiten dizu.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
