Andoni ARABAOLAZA
YOSEMITE

Barbara Zangerlek historia egin du «Freerider» flash eran sinatuta

36 urteko eskalatzaile austriarra lehena izan da Kapitaineko ibilbidea estilo horretan eskalatzen. Aurretik izen handiko eskalatzaileak saiatu ziren: Yuji Hirayama, Leo Houlding, Pete Whittaker… Lau eguneko eskalada izan zen.

Barbara Zangerl “Freerider” bidean: austriarrak historia egin du Kapitainen.
Barbara Zangerl “Freerider” bidean: austriarrak historia egin du Kapitainen. (Miya TSUDOME)

Duela hiru hamarraldi, Lyn Hillek egundoko iraultza egin zuen Kapitainen. “The Nose” bide ikonikoa era askean igotzen makina bat mutil saiatu ziren, baina Hillek zaplazteko ederra eman zien marra horri puntu gorria jarrita. 30 urte geroago, Barbara Zangerlek bere kide estatubatuarrak eginiko ekarpena errepikatu du. Hots, historia egin du. Hain zuzen ere, “Freerider” (7c+, 1.000 m) flash eran eskalatzen lehen eskalatzailea bihurtu da.

Egun, “Freerider” era librean eskalatzeko Kapitaineko marra klasikoena edo samurrena da. 1995eko Alex Huberren bide horrek hiru urte geroago puntu gorria jaso zuen; hain zuzen ere, Thomas eta Alex Huber anaia alemanen eskutik iritsi zen. Bide batez, aipatu behar dugu ibilbide hori publiko orokorrera heldu zela Alex Honnoldek bakarka eskalatu zuenean eta, ondoren, dokumental batean ikusteko aukera egon zenean.

Azken hamarkada hauetan, berriz, Kapitaineko espezialista batzuk saiatu dira “Freerider”-en beste ekarpen batzuk egiten: abiadura errekorrak, bistan eta flash eran eskalatzen… Azken estilo horri dagokionez, makina bat saio egin dira, baina guztiak ala guztiak ezerezean geratu dira. Helburu horretan jardun direnen izenak aipatzen baditugu, zaila da ulertzea xede horren arrakasta zergatik egon den denbora luzean zintzilik. Yuji Hirayama, Leo Houlding, Pete Whittaker, Frantisek Bulicka, Nicolas Favresse, Siebe Vanhee… dira saiatu diren batzuk.

Aurreratu dugunez, austriarrak hormetan espezialista handiak diren horiek gainditu ditu, eta “Freerider” flash eran igotzen munduko lehen eskalatzailea bihurtu da. Ezustean ala ez, urrezko beste pasarte bat idatzi du Kapitaineko historian. Jakina, Babsi bezala ezaguna den eskalatzaile hau ez da hankamotza. Bederen, orriok jarraitzen dituztenek haren berri badute. Nahiz eta boulderrean eginiko jarduera handiengatik ezaguna egin zen, Zangerlek trantsizio ederra egin zuen eskaladak dituen beste modalitate batzuetan: kirol eskaladan, eskalada tradizionalean eta hormatzarretan.

Kirol eskaladan, adibidez, 9a mailara iritsi da, baina benetako protagonismoa murru luzeetan hartu du. Adibidez, Alpeetan sona handia duen trilogia alpinoa egiten lehen neska izan zen. Hots: “Silbergeier” (8b+, 240 m m, Ratikon), “Der Kaiser’s neue Kleider” (8b+, 250 m, Wilder Kaiser) eta “End of silence” (8b+, 350 m, Berchtesgaden).

Hori gutxi ez, eta beste izar bat era askean igotzeko gai izan da: Izenik Gabeko Dorrean dagoen “Eternal flame” (7c+, 650 m). Ibilbide oparo horri nolabaiteko amaiera emateko, Kapitaineko horma aipatuko dugu; izan ere, pareta enblematiko horretan maila handiko errepikapenak egin ditu. “The Nose”, “El Niño” eta “Zodiac” dira horietako batzuk.

Baina zalantzarik gabe, azaroan “Freerider”-en egin duenak aparteko tokia behar du. Jarduera historiko hori egin baino lehen, gai izan zen Yosemiteko haranean dagoen artesi gogorrenetariko bat, “Magic line” (8c+), errepikatzeko. Helburu nagusia, berriz, “Freerider” flash eran eskalatzea zen, eta lan horretarako bere ohiko sokakide Jacopo Larcher ondoan izan zuen. Oso gutxigatik bada ere, italiarrak ez zuen saririk jaso; Boulder Problem izeneko luzean erorikoa izan zuen.

LAU EGUN

Bistan den bezala, flash eran arrakasta izateko, oso sasoiko egoteaz gain, erabateko eraginkortasuna behar da. Nahiz eta igo behar den bidearen inguruan informazioa eduki daitekeen, aukeratutako xedea lehen saioan eta erorikorik gabe igo behar da. Eta kontuan hartzen badugu Zangerlek, denera, 1.000 metro (zailtasun gorena 7c+ da) estilo horretan eskalatu zituela, bada, argi geratzen da eraginkortasun handia izan zuela.

Arestian aipatu dugu “Freerider” Kapitaineko klasiko bat dela, eta horrek eskalatzaile ugari erakartzen ditu. Ohi den bezala, udazkeneko denboraldi honetan gainezka egon da. Nortasun horretako helburu batentzat, gai horrek eragozpen handiak eragin ditzake. Baina austriarrak berak hedabideoi onartu digu zortea izan zuela, besteak beste, bidean eskalatzaile gutxirekin gurutzatu zelako. Gainera, eguraldia lagun izan zuen.

Nahiz eta hasieran “Freerider” flash eran eskalatzen saiatzea ez zen lehen lehentasuna, sokada horri ekinaldi bat egitea otu zitzaion lagun baten aholkuei esker. Kapitainen eskarmentu handia dute, baina apustu horren inguruan zalantza ugari zituzten. Ez omen zen oso errealista “Freerider” azkar eta erorikorik gabe igotzea, baina ausart jardutea erabaki zuten.

Horrekin batera, buruan bueltaka beste mamu bat zuten: “offwidth”-ak edo artesi zabalak. Eta bazekiten mamu nagusia Monster Offwidth izeneko luzea izango zela. Horretarako, egun batzuk igaro zituzten haraneko artesi zabaletan eskalatzen. Neurri batean eskalada estilo horretara egokitu zirenean, euren buruak prest ikusi zituzten erronka hasteko. Ez zen eskalada horretako buruhauste bakarra; Boulder Problem luzeari ere beldur handia zioten. Bazekiten luze horretan flash eran saiatutako askok huts egin zutela. Adibidez, Larcher sokakideak. Zangerlek, berriz, ez zuen arazo larririk izan metro horiek gainditzeko; kideak, luze hori eskalatzen ikusteaz gain, haren inguruko informazioa eman zion. Austriarrak dio arrakastaren giltza izan zela.

Monster Offwidth luzeari dagokionez, historia idatzi berri duen protagonista honek aitortu du egundoko borroka egin zuela. Artesi zabaletan iaioa ez denez, asko sufritu zuen. Une jakin batean, ia hatsik gabe geratu zen, eta horri gehitu behar zaizkio izan zituen karranpak. Baina, hala-nola, luze hori librean eskalatu zuen.

Giltzak diren bi luze horiez gain, austriarrak bazekien lanak ez zirela horietara mugatzen. Bai, “Freerider”-ek 1.000 metro eta 30 luze ditu, eta akats txikienak (luze samurretan ere) helburua zapuztuko zukeen. Adibidez, Zangerlek onartu du Freeblast luzea estresagarria izan zela eta Endurance Corner oso nekagarria. Kapitaineko gailurrean, berriz, amaitu ziren borroka eta buruhauste guztiak.

“Freerider” lehen saioan eta erorikorik gabe lortu eta gero, sokada horretan poza gailendu zen. Halere, Zangerlek dio pena hartu zuela Larcherrek oso gutxigatik arrakasta bera ez zuelako erdietsi. Ia hitzik ez zuen bizitakoa deskribatzeko. Eta normala da; izan ere, mila metroko horma bat estilo horretan igotzeak soilik aukera bat eskaintzen du.

Amaitzeko, austriarrak “Freerider”-en lortutakoa Hillek “The Nose”-n egindako balentriarekin parekatu nahi izan da. Eskalatzaileak uste du ez dela bidezkoa Hill aitzindaria izan zelako. Alabaina, harro dago ibilbide horretan eginiko lanarekin eta mila metro horietan izan duen eraginkortasunarekin.