Ion GARATE - Zuriñe IGLESIAS
Entrevista
Jon IBARRa
Karateka

«Filmengatik hasi nintzen, baina kirol honetaz maitemindu egin naiz»

«Kung Fu Panda» eta «Karate Kid» filmen maratoi batek lotu zuen 21 urteko gasteiztar hau karatearen mundura. Ez omen du dominarik atera 20 urte bete arte, baina Iruñean jokaturiko Munduko Kopan lan bikaina egin zuen duela astebete, Pisu Astuneko munduko txapelduna bera ere estu hartzeraino. Esan gabe doa karatea pasioz bizi duela.

(Gorka RUBIO | FOKU)

 

Iruñean izan berri da karateko Munduko Kopa. Eskertuko da tartean behin etxetik gertu halako esperientzia bat izatea, etxekoak, lagunak... gerturatzeko, ezta?

Bai, hori da. Oso polita da Munduko Kopa bat jokatzera kanpora joatea eta beste kultura batzuk ezagutzea, baina irteten zarenean zure gertukoak inguruan sentitzea oso garrantzitsua da. Are gehiago nire kasuan bezala halako txapelketa batean berria bazara eta urduri bazaude. Gurasoak, irakasleak, lagunak... harmailetan ikustea oso ona izan da niretzat, bai lasaitzeko bai borrokara ateratzeko orduan gehiago disfrutatzeko.

Zer moduz joan da zure lehenengo esperientzia hau?

Bai, Espainiako selekzioarekin aurrenekoz izan naiz, aurreneko Munduko Kopa izan da honakoa. Egia da beste taldekide batzuekin zenbait esperientzia bizi izan ditudala aurretik, beste txapelketa batzuk, bizikidetza, beste deialdi batzuk, eta esan dezaket dagoeneko taldekideak baino lagunak bihurtu direla, baina, hala ere, nerbio asko nuen. Ezin dut esan ez naizela urduri egon.

Karatean, lehian zabiltzatenean, isiltasuna behar duzue?

Arraroa da apur bat. Karatean “katak” eta “konbateak” daude; “katak” nolabaiteko «erakustaldi artistikoak» dira eta hor isilik egon behar duzu, kontzentrazioa behar delako. “Konbatea” batetik besterakoa da dena: zarata, animoak... Teknika bat egiten duzunean harmaila guztia oihuka hasten da... Futbol partida bat bezalakoa da, kristorena! Puntua sartzen baduzu, denak oihuka hasten dira, eta zuk zeuk ere, lehiakide bezala, bizi egiten duzu, puntua sartu duzulako, agian irabazten zoaz eta emozioa duzu borborka... Ez zara belauniko jartzen futbolean bezala, baina imintzioak... buf! Beraz, bai, “katan” ez bezala, harmailak askoz gehiago animatzen du “konbatean”.

Nola joan zen txapelketa? Zeintzuk izan ziren talderik onenak?

Aurreneko egunean serie-buruak lau multzotan banatu zituzten, elkarren aurka ez lehiatzeko: Egipto, Jordania, Frantzia eta Italia ziren hauek, eta gainontzekoak bonbo baten sartu gintuzten. Guk zorte txarra izan genuen, gure taldean baitziren Brasil, sorpresa eman dezakeen «selekzio txiki» bat dena; Turkia, Europako Txapelketan hirugarren amaitu duena aurten; Japonia, karatean historia duen herrialdea; eta Egipto, egungo munduko txapelduna.

Zorte txarra izan genuen, baina pentsatzen zuten gu lehiakorrak ere ez ginela izango, oso lan zaila zelako. Ez dugu taldeen erronda gainditu, baina ikusi da zeinen ondo borrokatu dugun: Brasil eta Turkiari irabazi diegu; Egiptori ez genion irabazi, baina aurre egin genion behintzat! Eta kontuan izan Egiptoko bost karateka titularrak munduko txapeldunak direla buruz buruko mailan. Bakoitza! Irabazi egin ziguten, baina aurre egin genien; ez gara jipoituta irten. Japoniaren aurka, berriz, azken konbatea izan zen eta irabaziz gero hurrengo txandara pasatu behar ginen, eta hura ere justu-justuan joan zen, konbate baten aldearekin.

Azkenean, Egipto geratu zen lehena Munduko Kopan, Iran bigarren eta Japonia hirugarren. Domina irabazle biren kontra bakarrik galdu genuen.

Lehiaketa hau taldeka da, baina buruz buru egiten da borroka. Zeinen aurka tokatu zitzaizun?

Bigarren txandan abisatu zidaten: «Zu Egiptorekin!» Eta gainera, lehenengo atera behar nuela esan zidaten gero. Nik nire artean nioen, «bueno!». Noski, hoberenak aurrenekoetan ateratzen saiatzen zara, hasieran hiru konbate galtzen badituzu, hurrengo biek ez dutelako ezertarako balio!

Beti esan didate borrokan zuzen joaten naizela aurkariaren bila. Eta abisatu zidaten «aurreneko bidaltzen zaitugu borrokalari on edo oso handi bat egokituko zaizulako ziurrenik. Hari gerra eman behar diozu! Gainera, atzerantz egiten baduzu, mundu mailako ‘Top’ batek irabazi egingo dizu, beraz, segi gerrara!». Jarri ginen formazioan, eta zein egokituko, eta aurtengo Pisu Astunetako munduko txapelduna! Eta nik berriz, nire artean: «Buenoooo!»

Zuretzat hori berri ona ala txarra da?

Oso berri ona da kristoren argazki pila izango nituelako! (Barrez) Serio, niretzat sekulako ohorea da. Baina orduan, aurrez aurre duela urte erdi munduko txapelduna izan dena eta rankingetako puntan dagoena ikusten baduzu... esaten diozu zure buruari: «Baina zertan ari naiz hemen? Ni Gasteizko gazte bat naiz karatea praktikatzen hasi zena. Kito».

Beraz, niretzat kristoren ohorea da. Egia da batzuk beldurtu egiten direla, baina nire kasuan ez; «Hauxe da nire momentua!» pentsatzen dut.

Plaza gizona zara orduan?

Bai. Erronkak gustatzen zaizkit. Izan ere, zenbat eta aurkari hobea izan aurrean, presio txikiagoa! Berez jipoia eman behar dit. Beraz, aurrera!

Gainera, polita izan zen nola Egiptoren aurka, talderik zailenaren kontra eta lehenengo tokatu zitzaidan borroka egitea. Gainera, ni, halakoetan hasiberria nintzena. Baina momentu batean irabazten nindoan eta harmaila osoa sekulako animoak ematen ari zen, eta nik nire artean nioen, «argi, oraindik irabazi egingo diot!» Gero, ba egia da Egiptoko hauek bizitza osoa daramatela txapelketetan eta eskarmentu pila bat dutela.

Hasieran 1-0 galtzen hasi nintzen, baina aurpegian emandako ostiko batekin, hiru puntu balio du horrek, buelta eman nion. Sekulako subidoia izan zen, bideoa birala egin da... 30 segundoren faltan pentsatzen nuen eroaren pare etorriko zitzaidala gainera, baina ondo eusten ari nintzen, eta azken hamar segundoetan, oraindik irabazten ari nintzela, sartu zidan azken puntua. Baina tira, 4-3 amaitu genuen, oso justu. Itzela izan zen!

Gasteizko Karate Fitness taldean zaude. Nola hasi zinen mundu honetan?

Ez dakit zer esan ere! Karatean hasi nintzen asteburu batean «Kung Fu Panda» eta «Karate Kid»-en maratoi bat ikusi nuelako! (Barrez) Amari esaten hasi nintzen karatea egin nahi nuela, eta, filmengatik hasi banintzen ere, kirol honetaz maitemindu egin naiz. Nire bizitzako kirola da karatea, txiki txikitatik, 6 edo 7 urterekin. Gero txapelketetan sartu nintzen, 9 edo 10 urterekin, entrenatzen nuen hori praktikan jartzeko. Baina hau «bizio» bat da eta aurrera jotzen duzu beti!

Hasi zinenean kirol horretan ona zinela ikusten al zenuen?

Ez daukat halako talenturik, baina hainbeste gustatzen zait kirol hau, non kristoren entrenamendu pila egin ditudan, eta beti egin dut aurrera beldurrik gabe. Adinarekin, talentua duena baino lan egiten duena nabarmentzen da. Duela bi urtera arte bakarkakoan ez dut dominarik atera, esaten diet nire ikasleei. Beraientzat motibazioa da, amore ez emateko.

Abenduan izan ohi dira karateko final handiak ligetan. Hortxe ikusiko zaitugu?

Aurten ez. Aurreneko jardunaldian Estatu frantsesean geunden Espainiako selekzioarekin beste txapelketa batean, eta bigarrenean ez ziguten joaten utzi, Munduko Kopako zerrendak atera berri zeuden eta «babestu» egin gintuzten lesiorik izan ez genezan. Beraz, ez dut behar adina puntu.

Gure hurrengo hitzordua, gauzak ondo badira, datorren urteko otsailean izango da.