Amagoia MUJIKA TELLERIA
GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Iguaran eta Rekondo, Arrasatetik Illunbera

Itxi da zortzi finalisten zerrenda: Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Oihana Iguaran, Ane Labaka, Nerea Elustondo, Eneritz Artetxe, Andoni Rekondo eta Aner Peritz. Lehen aldiz, emakume gehiago eta hiru finalista berri. Eta finalaren ate-atean geratu da Maider Arregi, puntu baten gorabeheran.

Oihana Iguaran eta Andoni Rekondo, pozik finalerako txartela lortuta.
Oihana Iguaran eta Andoni Rekondo, pozik finalerako txartela lortuta. (Gorka RUBIO | FOKU)

Arrasaten jokatu zen atzo arratsaldez Gipuzkoako finalerdietan azkena. Saio estua zenbakietan, oholtzan bertsoa nahiko solte ibili zen. Azkenean, lehen biek lortu dute Illunberako pasea, Oihana Iguaranek eta Andoni Rekondok. Hirugarrena Maider Arregi oñatiarra izan zen, egin duen txapelketa bikainari pareko ginga jarri zion. Baina puntu baten faltan, finalaren atarian geratu da. Aner Peritzek lortu du finaleko azken txartela 512 punturekin. Arregik, 511.

Hiru finalerdiak kontuan hartuta, Arrasatekoa izan da puntuetan baxuen kokatu dena. Oihana Iguaranek 519 punturekin lortu zuen lehen postua (Gaztelumendik 560,5 lortu zituen Oiartzunen, eta Martinek 544,5 Zarautzen).

Txapelketak batzuen poza eta besteen tristura astintzen ditu. Agin Laburuk ez zuen gozo amaitu. Azken bi finaletan kantatu du, baina, aurten, finaletik kanpo geratu da. Iguaranek azken agurrean kantatu zuenez, «hainbeste sormen ezin da zortzi aulkitan eseri».

Giro beroa eta tentsioa arnasten ziren Arrasateko Uarkapen, azken finalerdietako atmosfera hori. Zortziko handian Iguaran nabarmendu zen. Mantxi eta biak aritu ziren, X saretik atera edo ez erabakitzen ari diren hedabide bateko arduradunen azaletik. «Anonimoki jardun direnak nahiz izan nahiko botere/ guk egunkari nazional gisan egiten degu mesede/ euskaraz nonahi ta noranahiko agertzea baita xede/ gure hizkuntzak egon behar du nahi ez dun tokitan ere», bota zuen Iguaranek.

Zortziko txikian berotu zen saioa. Binaka, rolak emanda, launa bertso osatu zituzten bertsolariek. Saio onak joan ziren ariketa honetan, publikoaren gozagarri. Mantxi eta Rekondo abiatu ziren, lehena postaria eta bigarrena bizilaguna. «Zure bizitzan bada nahi ez beste krisi/ horren mutil argia jator eta bixi/ beti ertetzen zera ‘zer, ze berri Mantxi’/ ba gaur ere etzaizu kartarik iritsi», hasi zuen ariketa Mantxik. Eta Rekondok erantzuna, «Goizeroko kaixoa adeitsuen arau/ zerbait ba al da Mantxi ta gaur ere barau/ egunen zenbat karta dauzkazu hiru-lau/ zuk lana mantentzeak horrek harritzen nau». Hernaniarrak saio ona egin zuen, ariketa guztietan piztu zuen txisparen bat eta pozik eseri zen saioa amaituta. Finalerako kinieletan zegoen eta sartu da Illunbeko langan.

Ganbarakoa, seiko motzeko neurrian eta binaka. Hauxe zen Arrasateko gaia: “Lankideak zarete. Urte asko daramatzazue elkarrekin lanean. Azkenaldian urduri joaten zarete lantokira”.

Arregi eta Mantxi hasi ziren. Arregik ireki zuen bidea, DBHko irakasle biren paperean. Honakoa, bere bigarrena: «Amenaza bota zuri/ nik ere jaso ditut bi/ bideojokotan biolentziaz hamaika irudi/ ta sentitzen naiz urduri/ sarri aurpegia zuri/ pantaila gabe monoak jota daudela dirudi». Oñatiarrak benetan saio ona osatu zuen eta askotan izan zuen hanka bat finalean, edo biak. Bertsolari eta pentsalari handi bat dela erakutsi du.

Adibidez, azken ariketan, bakarkakoan, sekulako distira atera zion gai ez oso samur bati. Hauxe: “Urteak daramatzazu sexu bidezko gaixotasunei buruzko hitzaldiak ematen. Datuen arabera, goraka doa kutsatuen kopurua”. Pedagogia ariketa izugarria egin du Arregik. «...izan daiteke sifilis, izan leike papiloma/ ta beti agerikoa ez da izaten sintoma/ nik ez ditut bereizi nahi sexu txarra eta ona/ bakarrik informatzera bidali ohi naute hona», bukatu zuen bigarrena.

Laburu laugarrena izan zen, baina ez zuen finalerako adinako punturik batu. Amaieran kantatu zuenez, «alaba publikoan hor det bilatua/ zemuz hago Elene hango sillakua/ aitak latza hartu din gaur makilakoa/ baina segi bertsotan marabillatua/ trentza hoiek bezela korapilatua».

Martikorena eta Mantxi izan ziren bosgarren eta seigarren. Martikorenak saio bizia josi zuen eta plazak eskertu zion. Mantxik ere utzi zuen arrasto propioa eta txapelketetan azkena dela iragarri zuen, «...nahiz ta Illunben Mantxi ez izan bertso eskaparatean/ bertsoz jantzita jarraitu nahi det auzoz auzoko trotean/ erabat modaz pasatzen ez banaiz segiko det stokean».