XOLE ARAMENDI
DONOSTIA

«Bi pertsonaien enkontru ustekabeko eta absurdoak bizitza aldatuko die»

Bizitza arruntak ezohiko egiteko duen trebezia goraipatu izan diote Simon Stephens-i. Adin tarte handia izanik ezustean topatu eta elkartuko diren emakume eta gizon bana ditu protagonista “Heisenberg” antzezlanak.

Tanttakak oholtzara eramango du gaur Arriaga antzokian, euskaraz, Fernando Bernuesen zuzendaritzapean.

Ciare Burns (Naiara Arnedo) eta Alex Priest (Ramon Agirre), agertokian.
Ciare Burns (Naiara Arnedo) eta Alex Priest (Ramon Agirre), agertokian. (Gorka BRAVO | FOKU)

Fernando Bernuesek bere gain hartu du zuzendaritza eta espazio eszenikoa. Agertoki gainean, Ramon Agirre eta Naiara Arnedo. Alex Priest eta Ciare Burns gorpuztu dituzte, hurrenez hurren. 75 urte ditu lehenak; 42, bigarrenak. Ezusteko batek elkartuko ditu. «Londresko geltoki batean egingo dute topo. Bizkarrez ikusiko du gizona emakumeak eta lepoan musu emango dio; izan ere, aitarekin nahastuko du. Ustekabekoa eta kasik absurdoa -aita hilda dago urtebete lehenagotik- den enkontruak bien bizitzak aldatuko ditu», kontatu du Bernuesek.

«Pertsonaia bakoitzak bere motxila astuna dauka. Euren arteko harremanari esker bien bakardadeak desagertuz joango dira. Bakoitza saiatuko da ondokoa zaintzen, maitatzen eta enkontruaz gozatzen. Bizitzak ezusteko ona ematen dizun aldi bakan horietako bat da eta tarteka kontatu egin behar dira», gaineratu du.

GERUZAK

Irrikaz daude estreinatzeko. «Lan atsegina da eta sentsazio onak ditugu. Geruza asko ditu obrak; bien bizitzako une zailen berri izango dugu, eta, era berean, komedia erromantikotik ere zerbait baduen enkontruari ateak zabalduko dizkio», kontatu du. Bi protagonistak ezin desberdinagoak dira. «Emakumea zeharo ipurtarina da eta goxoa. Dibertigarria eta gezurtia ere bai. Metodikoa, aspergarria eta iluna da, aldiz, gizona. Oso gertukoa egingo zaigun egunerokoak zeharkatuko ditu biak obran zehar. Londresen gertatzen da eta orain 10 urte idatzia izanik gertukoa egingo zaio edonori», azaldu du.

«33 urteko aldea daukate bi pertsonaiek. Bi bakardade desberdin nahasten, engantxatzen eta elkar konpentsatzen doaz. Ez dira senar-emazte bihurtuko, baina elkar maitatu eta zaintzea erabakiko dute. Geratzen zaien denboraz gozatzea, azken finean». Arriagako foyerrak hartuko du antzezlana, joan den ostegunean Urnietako Saroben aurrestreinaldi ohikoagoa egin ondoren. «Foyerrak publikoarekiko gertutasuna eskaintzen du eta obrak ahalbidetzen du hori». Espazio eszeniko neurtua du Stephensen lanak. «Autoreak berak antzerki biluziaren planteamendua luzatu du, paretak estali gabe, argiteria elementuak eta atrezzoa bistan utziz. Egilearen proposamena egokia da eta ondo datorkio bi pertsonaien istorioari», adierazi du.

Jantziez Ana Turrillas arduratu da eta argiztapen diseinua David Bernuesek egin du. Formalki soila da lana. «Eszenografia, finean, bistan dauden argi-dorreak dira. Bi aulkiren inguruan eraikitzen da espazioa, praktikan une oroko eszenan dagoen elementu fisiko bakarra», kontatu du.

Ezinbesteko baliabideekin soilik lan egitea eskergarria izan da Bernuesentzat. Eta erronka, aldi berean. «Ekoizpenari dagokionez, teknikoki exijentea ez denez, asko gozatu dugu pertsonaien eraikuntzaren prozesuaz, bien arteko harremanaz eta istorio eder bat kontatzeaz. Batzuetan hauxe da hobekien funtzionatzen duena eta gehien interesatzen dena», azaldu du.