GARA
DONOSTIA
PASAIAKO KRIMEN MATXISTAREN BIHARAMUNA

Feminizidioa salatu eta protokoloez galdetu du mugimendu feministak

Euskal Herriko Mugimendu Feministak babes eta elkartasun osoa adierazi die iragan asteburuan Pasaian bikotekide ohiak hil zuen emakumearen senide, lagun eta gertukoei. Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatu du: «Gure bizitzak daude jokoan!». Gainera, protokoloaz galdetu dio Emakundeko zuzendariari.

Gipuzkoako Aldundiko kideek elkarretaratzea egin zuten atzo jauregiaren atarian.
Gipuzkoako Aldundiko kideek elkarretaratzea egin zuten atzo jauregiaren atarian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Azaroaren azken egunean, larunbat arratsaldean, berriro ere berri latz bat izan zen Euskal Herrian: bikotekide ohiak 45 urteko emakumea hil zuen Pasai Antxon, Leonor. Aurtengo seigarren feminizidioa da Euskal Herrian, Mugimendu Feministak salatu zuenez.

Leonorren hurbilekoei babes eta elkartasun osoa adierazi ondotik, indarkeria matxista sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta koloniala sostengatzen duen egiturazko arazo politiko eta sozial larria dela oroitu zuen. Astebete besterik ez da igaro, azaroaren 25ean nahikoa dela aldarrikatzeko kaleak hartu zituztenetik. «Baina gu erailtzen jarraitzen dute, emakume izateagatik. Eta inor ez da ari beharrezko ardurarik hartzen», gaitzetsi zuten.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak protokoloak ondo funtzionatzen duela esan zuen. «Zer da ondo funtzionatu duena? Leonorrek salaketa jarria zuen eta indarkeria matxistaren espedientea zabalik izan zuen urte batzuetan. Horren ondoren gizon horrek berak erail du Leonor. Nola egin dezake Emakundeko zuzendariak balorazio hori?», galdetu zuen Euskal Herriko Mugimendu Feministak.

«Indarkeria matxistaren azken ondorio lazgarrienak eta ikusgarrienak hilketak badira ere, indarkeria matxista sistema oso batek babesten du eta gure bizitzako alor guztietan eragiten du», oroitu zuten.

Horren aurrean, «neurriak ipini eta arazo larri honi dagokion tamainako dimentsio politiko eta soziala eman beharrean, egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, urtez urte, emakumeon aurkako erasoak betikotzen» ari direla adierazi zuten.

Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadila eskatu zuten: «Gure bizitzak daude jokoan!». Horrekin batera, autodefentsa feministarako deia egin zuten. «Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak».

Feministak erantzuteko prest daude eta antolatzen jarraituko dute eraso guztiak salatuz: «Lotsa eta beldurra bandoz aldatzen hasi dira, eta martxan jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte!».

ALDUNDIAREN ADIERAZPENA

Pasaiako krimen matxistaren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak ere gaitzespenik irmoena adierazi zuen, baita gertukoekiko elkartasuna eta hurbiltasuna ere. Atzo jauregiaren aitzinean bildu ziren bertako ordezkariak, beren samina eta gaitzespena erakusteko.

«Emakumeen aurkako indarkeria kontrola eta nagusitasuna betikotzea helburu duen egiturazko arazo baten ondorio da. Beraz, indarkeria hori ez da ekintza isolatuen edo azalpenik ez duten gertakarien emaitza», azaldu zuten.

«Pasaiako hilketak gordin erakusten du berdintasun faltaren adierazpenik muturreko eta mingarriena eta, zoritxarrez, oraindik asko falta dela erabateko berdintasuna lortzeko». Agindu zutenez, «ahalegin osoz» jarraituko dute lanean, «indarkeria behin betiko desagerraraztea lortu arte».



Salaketa 30 emazteri eraso dien gizonari

Hendaiako emakume batek salaketa eman du «gutienez beste 30 emazte ere» jazarri dituen gizonezkoaren kontra. “Kazeta”-ri elkarrizketan kontatu dionez, Poliziak Donibane Lohizunen duen komisarian A.V. inizialak dituen gizonaren kontra «jazarpenagatik» salaketa ezarri du emazteak, «inori berriro gerta ez dakion».

Poliziak badu hari gertatutakoaren berri, baita sareen bitartez harekin harremanetan jarri diren 30 bat emazte ingururen lekukotasunen berri ere. «Manipulazioa, xantaia emozionala, autoestimua mintzeko joera... Patroia errepikatzen da guztietan. Baina batzuek ez zuten, nik bezala, hasieratik moztu eta ondorio larriagoak pairatu zituzten. Bortxaketa bat egon da», azpimarratu du emazteak. Hendaian bizi da A.V., baina lehenago Capbretonen (Landak) ibilitakoa da. Ingurune horretakoak dira orain arte jakinarazi dizkioten kasuak. Maite UBIRIA BEAUMONT