Emakume gazteen %60 diskriminatuta sentitu da
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteen egoeraren diagnosian ezberdintasunak nabarmenak dira emakumeen eta gizonen artean. Emakumeak hobeki prestatuta egon arren, behin-behineko enplegu gehiago eta soldata okerragoak dituzte.

Lakuako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak txosten bat osatu du, gazteen errealitatea hobeki ezagutzeko asmoz. Bertan, desberdintasun handiak ikusten dira emakumeen eta gizonen artean. Emakumeek behin-behineko enplegu gehiago betetzen dituzte, baita partzialak ere, eta soldata baxuagoak dituzte (199 euroko arrakala), nahiz eta gizonek baino prestakuntza hobea izan. Lau emakumetatik batek sexu jazarpena jasan du sare sozialetan, eta %60tik gora diskriminatuta sentitu dira egoeraren batean emakume izateagatik.
Behatokiaren dokumentuan jasotzen denez, 15 urtetik 29 urtera bitarteko gazteen indizea %14,6 da. Europako Batasuneko batez bestekoaren azpitik jarraitzen badu ere, indize horrek hobera egin du. 319.744 gazte zenbatu dira.
Hemen bizi diren gazte atzerritarrak gazte guztien %15,4 dira. Migrazio saldoa positiboa da: joaten direnak baino gehiago etortzen dira.
Hezkuntza goiz uzten dutenen tasa EBko batez bestekoa baino txikiagoa da: %6,7koa, 2023an. Bilakaera positiboa izan du, gainera: 2010ean %13,1ekoa zen. 30 eta 34 urte arteko hiru pertsonatik ia bik goi mailako titulua dute.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteak batez beste 29 urterekin emantzipatzen dira, baina lehenago ere emantzipatu nahi lukete. Emakumeak gizonak baino urtebete lehenago emantzipatzen dira.
OSASUNARI GARRANTZIA
Gazteek garrantzi handia ematen diote osasunari, bai fisikoari, bai mentalari. Gazte gehienek haien osasuna ona dela uste badute ere, osasunaren autobalorazio negatiboak gora egin du, batez ere gazteenen artean, 15 urtetik 19 urtera bitartekoen artean. Suizidioa da gazteen lehenengo heriotza kausa. 15 urtetik 29 urtera bitarteko gazteen heriotza kasuen %8 suizidioak eragindako izan zen EAEn 2022an.
15 urtetik 29 urtera bitarteko gazteen %16,3k sareen erabilera gatazkatsua egiten du, eta ehuneko hori handiagoa da emakumeen eta gazteagoen artean. Sare sozialetako jazarpenak hamar gaztetik hiruri eragiten die, bereziki emakumeei.
15 urtetik 29 urtera bitarteko hamar gaztetik zortzik ongi hitz egiten dute euskaraz. Ehuneko horrek nabarmen gora egin du azken 20 urteetan; 30 puntu inguru Araban eta Bizkaian eta 20 puntu Gipuzkoan. Euskararen ezagutzak gora egiten du adinean behera egin ahala. Era berean, euskararen erabilera handitu egin da lagunartean.
18 urtetik 29 urtera bitarteko hiru gaztetik ia bik diote politikan interes gutxi edo batere interesik ez dutela, nahiz eta gehienek ematen duten botoa. %44,7k elkarteren batean parte hartzen du eta %13,8k boluntariotza lanak egiten ditu. Azken atal hori gorantz doa.
Lau gaztetik batek uste du atzerritar gehiegi dagoela bertan. Gazte gehienek uste dute, gehiegi izan gabe ere, atzerritar asko dagoela (%56,6).
FEMINISMOAK BEHERA
Bere burua feministatzat duten gazteen ehunekoak behera egin du 2022tik 2020ra. Jaitsierarik handiena 15 urtetik 19 urtera bitarteko gizonen taldean izan da.
Prestakuntza eta esperientzia bera izanda, gizonek enplegu bat lortzeko aukera gehiago dituztela uste duten emakumeen ehunekoak gora egin du. Hamar emakumetik zazpik beldurra sentitzen dute haien herrian edo auzoan gauez bakarrik dabiltzanean. Emakume gazteen aurkako indarkeriaren tasa orokorra 9,8koa da, 15 urtetik 29 urtera bitarteko 1.000 emakumeko. Tasa horrek adierazten du zenbat emakumek jarri duten salaketa bat (edo bat baino gehiago) genero indarkeriagatik beren adin talde bereko 1.000 emakumeko. Historiako gailurrik altuena da.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
