Amalur ARTOLA
DURANGOKO AZOKA 2024

Herrigintzaren taupadak kantuan jarri du Azoka

Zurrunbilo bat da Durango egunotan. Bere begira herri oso bat erakartzen duena, bere begitik herrigintza oso bat erakusten duena. Halaxe frogatu digu berriz ere. Konstituzio espainolak inposatutako jaieguna baliatuz, bisitarientzat prestatu ziren ekitaldietan agerian geratu zen herria, euskara eta kultura eskutik helduta doazela.

Esne Beltza «Etxera kantuz» topaketan; Herri Urratsen lehiaketa; eta Euskaraldiko kantuaren aurkezpeneko irudiak, Bulego taldearekin.
Esne Beltza «Etxera kantuz» topaketan; Herri Urratsen lehiaketa; eta Euskaraldiko kantuaren aurkezpeneko irudiak, Bulego taldearekin. (Jaizki FONTANEDA-Andoni CANELLADA | FOKU)

Durangoko Azokaren bihotzean, Landakon, Euskaraldiaren laugarren edizioko kantaren aurkezpenean izan gara. Azken urteotan euskal musika eszenaren podiuma erdietsi duen talde bat, Bulego, izan da Euskaraldiari musika ipini diona: ‘‘Gure bihotzaren taupadak’’, ziur aski, behin baino gehiagotan abestuko -eta dantzatuko- dugun kantu energikoa.

Taldeko abeslari Tomas Lizarazuk hitza hartu du: «Azkoitiarrak gara, euskaraz bizi gara, euskaraz entseatzen dugu, euskaraz erosten dugu ogia... Ez da hautu bat izan, guretzat gauza naturala da».

«Kanpora joan izan garenean konturatu gara mundu globalizatu honetan euskarak berezi egiten gaituela. Euskara ez baita gure beste bereizgarri bat, gure nortasunean txertatutako bereizgarri garrantzitsuena da», adierazi du.

Euskaraldiko antolakuntzak abestia egiteko enkargua egin zietenean, zalantza egin gabe eman zuten baiezkoa, eta abesti «herritarra» egiten ahalegindu dira, «esatetik egitera» pasatzeko deia egingo duena, azpimarra euskaraz egiten den hitz bakoitzak duen garrantzian jarriko duena. «Sentitzen dugu abesti honekin hainbeste eman digun euskarari zerbait bueltatzen diogula», esan du Lizarazuk, eta bizi dugun «larrialdi linguistiko honetan» beraien alea jartzeaz pozik agertu da.

Bitxikeria bat: kantuaren amaieran Euskaraldiko antolatzaileen ahotsak entzuten dira kantuan, Lizarazuk aipatu duenez, grabaketa estudioan sortu zen giro bikainaren erakusgarri.

Eta apuntatzeko data, honakoa: Euskaraldia maiatzaren 15etik 25era egingo da, lehen aldiz udaberrian, beraz.

Talaiatik irten gara. Jakoba Errekondo gomendioak partitzen ikusi dugu, Iñigito Txapelpunk standean salto txikiak ematen (egonezina, nonbait), Goiatz Labandibar liburuak sinatzen, haur bat Argitxorekin argazkia ateratzen... Eguerdia da eta kabitu ezinda dago Landako. Megafoniatik «ez da eraso sexistarik onartzen», ohartarazi digute; hori ere bada herria egitea. Hara, han dago atea.

KANTU BAT ETXERA BIDEAN

Landakotik atera gara arnasa pixka bat hartzera eta, bide batez, Sare Herritarrak deitutako ‘‘Etxera kantuz’’ topaketa nazionala zertan den ikustera. Mikel Mundiñano hizketan ari da, eta tonu poetikoa baliatu du bertaratutakoen bihotzetara iritsi eta kanturako giro goxoa sortzeko: «Sua, ura eta lurretik sortu omen zen guztia, baina Amalurrak behar zuen eta behar du gaur egun... haizearen kantua». Polit geratu zaio hitzartzea. Nahikari Iturbek eman dio segida, ‘‘Mugitu harriak’’ kantua errezitatuz, «Ez / ez dago harririk / mugitu ezin denik / ezta Euskal Herririk galdurik / seme-alabarik / kartzela batean / utziko duenik». Dispertsioak ezagun egin zizkigun espetxeen izenak aditu dira: Fresnes, La Sante, Navalcarnero, Alacant... Beira hautsiak bailiran urratu digute bihotza.

Esne Beltzako Xabier Solano, Lova Lois eta Zigor DZk gora ekarri dute giroa, eta Bego Atxak gogorarazi digu, ETAren su-etenetik hamahiru urte igaro diren honetan, oraindik 142 euskal preso daudela espetxeetan. «Hamahiru urteren ondoren salbuespen legeek indarrean jarraitzen dute», gaitzetsi du, eta gatazkak utzitako ondorioekin amaitzea «premiazkoa» dela berretsi du. Bide batez, urtarrilaren 11n Bilboko La Casillatik abiatuko den manifestaldiarekin bat egitera deitu du, «aterabide integral bat eskatzeko, euskal preso, iheslari eta deportatuek etxerako bidea urratu dezaten, biolentzia ezberdinen biktimek egia jakin dezaten, aitortuak izan daitezen». Badago nahiko arrazoi data egutegian gorriz markatzeko.

Giroa berotuta, kantu-jira hasi da. Imanol Urbietaren ‘‘Behin betiko’’ denon eztarrietan, Arkaitz Estiballesek hitzak moldatuta: «Behin betiko, behin betiko / sinple bezain tinko / etxera eta kito!».

Arnasa hartuta, atzera Landakora itzuli gara, ‘‘Zenbat dugun kontatzeko”’ mapa aurkezten ari baitira Talaian. Mapa ilustratu ludikoa da, Ikas Bi, Biga Bai, Seaska eta Euskal Haziak, Euskal Kultur Erakundearen babesarekin abiatutako egitasmoa, euskara ikasgeletatik atera eta Euskal Herriko lurraldeen ezagutza sustatzeko. Afixa etxeko horman paratzea da ideia, haur, gazte zein heldu galdera-erantzunen jolasean murgilarazi eta nazio ikuspegia sendotzeko. Egitasmo sinple bezain emankorra, eta batez ere ederra.

Zergatik mapa bat? «Mapa batekin asko kontatzen ahal delako historiaz, kulturaz, geografiaz...», azaldu dute aurkezpenean. Entzuten ditugun artean, mapan lokalizatu ditugu Bardeak, baleak, Tartalo, Arantzazu, Txillardegi, erraldoiak, Erriberriko gaztelua... euskaldunon historia, kultura eta, zergatik ez, identitatearen bereizgarriak diren elementuak. Maparen azpialdean, jolaserako zenbait proposamen: «Ideia da mapa honekin jolastea, galderak erantzunez, adibidez: zein da Euskal Herriko ibairik luzeena?», galdegin digute. Guk bagenekien erantzuna, baina ez dakienarentzat: «Lasai, mapako QRan topatzen ahal dituzue erantzunak».

Jolasean utzi ditugu. Bagoaz berriro kalera. Pello Reparaz (Zetak) zapi gorriak banatzen ikusi dugu, Aitor Gorosabel (Su Ta Gar) standean berriketan, ETSk duen sinatzeko ilarak izututa Albina Stardustekin tupust egin dugu ia, eta, atzera Landakora sartzeko ilarak ikustean, poltsikoan daramagun akreditazioa (sarbide azkarra ahalbidetzen diguna) estutu dugu.

Euskal Museorako bidean, Euskal Dendara sartzeko ere ilarak daudela ikusi dugu; jendetza dabil Durangon. Gu, Herri Urratsen II. maketa lehiaketaren aurkezpenera goaz. «Talde askok nahi du Herri Urratsen jo, eta iaz erabaki genuen lehiaketa egitea, bi helbururekin: talde berriei aukera ematea eta euskal jendartean daukagun aberastasun kultural hori erakustea», argitu digu Koldo Rodriguez koordinatzaileak. Iaz 40 taldek parte hartu zuten, eta aurten ere bide onean doa ekimena: 13 taldek dagoeneko bidali dituzte lanak (epea urtarrilaren 3ra artekoa da). Aurtengo nobedadea da antolakuntzak bost finalista aukeratuko dituela, eta jendarteak horien artean hautatu ahalko du Herri Urratseko oholtzara igoko dena. Iazko irabazlea Muga Zero izan zen: «Taldeari balio izan dio ezagutarazteko Euskal Herrian barrena. Kontzertuak atera zaizkie. Beraz, helburua bete da».

Irten gara Euskal Museotik, eta bagoaz goizeko azken hitzorduari heltzera. Gazte EztanDA: Gerediaga eta Euskar Abenturak antolatuta, gazteak Azokara erakartzeko ekimena da, estreinako edizioa duena. Hiru pertsonako 29 talde batu dira ekimenera, Azokaren eta oro har euskal kulturaren gaineko galdera-erantzunen jolasean parte hartzeko.

Azokarentzat garrantzitsua da hauek ere Durangon bizi den taupadaren zati izan daitezen, eta, ikusi dugunagatik, gustura aritu dira gazteak: galdera-erantzunak, kantak asmatu, hieroglifikoak... euskal kulturaz dakitena erakutsi eta, bidez batez, gehiago ikasteko aukera izan dute. Eta dibertitu egin dira, gainera. Ez dago gehiago eskatzerik.