XOLE ARAMENDI
DONOSTIA

«Hogei urteotan sekulako aldaketa ikusi dut, baina asko daukagu ikasteko»

Ertza dantza konpainiak bi hamarkadako bidea egin du, Asier Zabaleta akuilu duela. 20. urteurrena ospatuz, Victoria Eugenia Antzokian bilduko dira gaur. Bidelagun izan dituzten hainbat dantzari eta, aspaldian ez bezala, Zabaleta bera agertoki gainean ikusteko aukera eskainiko du galak.

(Gorka BRAVO)

«Ikuskizun pila bat egin ditugu; hogeita hiru, denera. Asko kalekoak, besteak aretokoak. Nazioartean egindako elkarlanak kontuan izanda, asko da. Zerrenda osoa ikusi eta harritu egiten naiz». Asier Zabaletaren (Ezkio, 1972) hitzak dira, 20. urteurrenaren aitzakian jorratutako bideari errepasoa egitean esanak. Gaurkoa zein eratako gala izango den galdetuta, hau dio: «Ertzatik pasatu diren dantzari gehientsuenak bildu nahi ditugu. Denak abisatu ditugu, baina batzuk ez daude aktiboan edo atzerrian bizi dira; beraz, ezingo dute gurekin egon. Helburua da gure sorkuntza batzuen zatiak gogoratzea. Bi zati koreografikoz osatutako gala izango da. Eta erdian atzerrian egindako kolaborazioen eta obren bideoak eskainiko ditugu. Euskal Herritik kanpo ezagututako hainbat pertsonaren zorion mezuak ere ikusiko ditugu».

Egiptotik itzuli berria da. Bi tailer eman ditu dantza garaikidearen alorrean. Koreografoen erronka da buruan duten ideia, pentsamendu filosofikoa, kezka edo aldarrikapena burutik gorputzera eramatea. Horretarako giltzak ematea da bere eginkizuna tailerretan. Aitorpen bat egin digu: «Iruzurtiaren Sindromea daukat irakaskuntzan. Neronek ez nuen dantzari bezala formakuntza osorik bukatu. Segituan lanean hasteko aukera izan nuen, eta lana izan da nire eskola. Askotan tokatzen zait oso dantzari onei, formakuntza handia daukatenei, irakatsi behar izatea. Sorkuntza arloa lantzen dut gehiago, beraiek ere sor dezaten, koreografo senti daitezen eta koreografo bezala lan egin dezaten». Esperientzia hauen alderik interesgarriena, kultura ezberdinetatik edateko aukera, nahiz denbora mugatua izan. «Ez da noranzko bakarrean ematen den jakintza zabalkundea, baizik eta bi norabideetan ematen dena. Niretzat oso aberasgarria izaten da askotan, pertsonalki eta profesionalki. Asko ikasten dut, bai».

Mozambiken ere ibilia da. «Esperientzia oso aberasgarria izan da niretzat maila pertsonalean. Asteak eman nituen. ‘Meeting Point’ ikuskizunarekin joan ginen hara 2019an, eta han geunden bitartean Unibertsitatean sorkuntza tailer bat eman nuen. Beste bi dantzarik dantza urbanoen tailerra eman zuten aldi berean. Tailer hartan ezagutu nituen Fenias Nhumaio eta Deissane Machava. Autodidaktak, hainbat diziplinatan saiatuak. Ikusi nuen sekulako talentua zeukatela eta profesionalki horretan aritzeko aukerak gutxi edo zero zirela. Bizitza aurrera ateratzeko bakoitzak lauzpabost lan zituen, baina dantza hobby bezala zeukaten. Eta gehien gustatzen zitzaienaz bizi ahal izateko aukera eman diegu. Ez zuten inoiz pentsatuko. ‘Otempodiz’ 2021ean estreinatu genuen eta oraindik martxan daukagu. Bi dantzariei bizitza aldatu zaie. Ikustea nire lana egitearekin bakarrik zer eragin izan dezakeen beste pertsonengan, hori pozik egotekoa da».

Pertsonalki balantze «oso positiboa eta polita» egin du. Batetik, dantzan hogei urte egotea ez delako ahuntzaren gauerdiko eztula, eta, bestetik, egin duguna niri interesgarria iruditzen zaidalako». Bere motorretako bat izan da artearen diziplina anitzak dantza garaikidearekin uztartzea. «Arte Ederretatik nator. Beti interesatu izan zaizkit arte plastikoak, ikus-entzunezkoak ere bai. Ekarpen naturala izan da lankidetzak bilatzea. Iruditzen zait dantzarekin ondo lotzen direla».

HAUSNARKETA

Ur sakonetan sartzeko joera dauka gaien eta hausnarketen aldetik. Galderak egiten ditu, hau izan daiteke Ertzaren zigiluaren ezaugarri bat. «Ez gara dantza ikuspegi estetiko bat bakarrik lantzen duen konpainia bat. Gizartearen kontraesanak argitara atera nahi ditut, ikusle bezala ere hori interesatzen zaidalako. Ikuskizun batera noanean eta dena emanda eskaintzen zaidanean, ikusle bezala nire lekua pobre ikusten dut. Barrua astinduko didaten lanak ikusi nahi ditut. Nire kokapena eta nire segurtasuna zalantzan jartzen dituzten galderak nahi ditut, hausnarketara gonbidatzen nauten ikuskizunak. Nire sorkuntzetan ere horretan saiatzen naiz. Nire burua ikusle bezala jartzen dut», azaldu du.

Dantzak Euskal Herrian bizi duen egoeraz galdetu diogu. «Hogei urte hauetan sekulako aldaketa ikusi dut. Egia da beste herrialde batzuekin alderatuz gero asko daukagula ikasteko. Aldaketarik handiena Gipuzkoan izan da, eta Foru Aldundiak bultzatutako Dantzaguneak asko lagundu du horretan. Tokia edukitzeak ardura handia kendu digu burutik, lokala bilatu behar izatekoa. Lehen dantza garaikide konpainia gehienak Bizkaian zeuden. Gauzak aldatu egin dira. Bizkaian urteak dira antzeko zerbait eskatzen ari direla, baina ez dira adostasunera iristen». Erakunde publikoei «dirua inbertitzea» eskatzen die. «Eta badago lana egiteko, programatzaileen aldetik. Euskal Herrian sekulako antzoki sarea daukagu, baina programazioa zabaldu egin behar da. Beti saiatzen dira telebistan agertzen diren aurpegi ezagunak kontratatzen, ikusle gehienei gustatuko litzaizkiekeen lan errazak jartzen. Ikuslea hezi nahi badugu, abangoardiako proiektuei ere aukera eman behar diegu. Badago lan pixka bat egiteko».

Errekonozimenduari dagokionez, publikoaren aldetik «handia» sentitzen du. Instituzioei dagokienez, «Estatu mailan konparatuz, laguntza nahikoa daukagu sorkuntzarako, baina Ipar Euskal Herritik gora egiten badugu, oso atzetik goaz», uste du. Publiko berriak sortzea dute beste helburua. Lortu dutelakoan dago.

Erronkarik? «Nire proiektuetan uzten dut bizitzak gida nazan. Azken orduko erabakien arabera ateratzen dira proiektuak aurrera askotan. Saiatzen naiz helburuak oso aurrera begira ez markatzen. Oraingoz ez naiz kexatzen, leku interesgarrietatik eraman nau bizitzak eta, beraz, aurrerantzean ere horrelaxe jarraitzea espero dut. Sortzen jarraitu eta bien bitartean ikasi», adieraziz amaitu du.