Talde estatubatuar batek espedizio oso arrakastatsua egin du Baffinen
Joan den udan, Brandon Adams, Sam Stuckey eta Miles Fullmanek hiru ibilbide luze eta gogor zabaldu zituzten. Horietako bik, «Memento Mori» eta «Ragnarok» marrek, A5 zailtasuna dute.

Baffin uhartea beti izan da hormatzarretan jarduten dutenentzat inguru oso erakargarria. Makina bat murru luze izateaz gain, asko eta asko ukitu gabe daude. Artikoan dagoenez, alderdi oso bakarti, latz eta askotan muturrekoa da. Finean, abentura eta esplorazioa ziurtatuta daude. Eskalatzaile ugarik egin dituzte Baffinen nortasun handiko espedizioak. Eta oraindik badira erronka horren alde apustu sutsua egiten dutenak ere.
Brandon Adams, Sam Stuckey eta Miles Fullman estatubatuarrak izan dira azkenak. Hormatzarrak eskalatzeko behar diren zama handiko tramankulu guztiak hartu eta joan den udan 52 eguneko espedizioa egin zuten. Eskalatzaileok lortutako emaitzari dagokionez, bikaina izan zen. Izan ere, murru ezberdinetan, hiru bide luze sortu zituzten: “Memento Mori” (5.10, A5, AI2, 1.100 m) Asgarden, “Ragnarok” (5.11, A5, 760 m) Friggan eta “Fenrir” (5.11, A2, 1.370 m) Lokin.
Irakurtzen denez, ibilbide berriek badute harreman berezia zailtasunean gogorra den eskalada artifizialarekin. Azken urte luzeotan, espezialitate horrek indarra “galdu” du mundu zabaleko hormatzarretan egiten diren espedizioetan. Horrekin esan nahi dugu artifiziala pixkanaka baztertu eta modu askeko igoerek benetako protagonismoa hartu dutela.
Baina eskalada artifiziala oso txertatuta dago hiru eskalatzaileon DNAn. Ziur aski sasoi hori Yosemiten sartutako orduek eman diete. Hirurek ala hirurek ondo baino hobeto ezagutzen dituzte haran horretan dauden murruak, eta, abiadura errekorrak eta hainbat hormaren loturak egiteaz gain, eskalada artifizialeko ibilbide oso gogorren errepikapenak egin dituzte.
Fullmanek, adibidez, onartu du Yosemiten eginiko eskaladek eskarmentu oso aberatsa eman diotela munduko hainbat bazterretako paretetan eskalatu ahal izateko. Iritzi berekoa da Adams, eta, nolabait esateko, Baffin bi eskalatzaileon ametsa izan da: «Horma luzeak gustuko ditugunok ezin diogu ihes egin Baffinen deiari. Guretzat alderdi mitiko bat da, paregabea alde guztietatik begiratuta, itsasotik bertatik altxatzen diren hormatzarrak ditu… Eskalatzaile historikoek uharte horretan egin dituzten espedizioen berri badugu. Irudi asko ikusi ditugu, eta horrek erabat harrapatzen zaitu».
Brandonek eta Fullmanek urte batzuk zeramatzaten espedizio hori planifikatzen, baina zenbait konturengatik iragan uda arte atzeratu zuten. Hirugarren sokakide bat batu zitzaien: Stuckey. Hitz gutxitan esanda, eskalatzaileok talde sendoa osatzen dute. Bederen, erakutsi dute oso sasoiko eta eraginkorrak izan direla; izan ere, hiru bide berri ireki eta beste baten errepikapena 52 egunean egitea ez da batere ohikoa. Espezialistek diote azken urteotan Baffinen egin den espedizio arrakastatsuenetarikoa izan dela.
HELBURUAK
Uztailean bidaiatu zuten. Pangnirtung fiordora heldu eta ohartu ziren oraindik izoztuta zegoela. Zama astuna bizkarreratu, ibilbide alternatibo bat hartu eta fiordoaren amaierara oinez iritsi ziren. Kanpaleku nagusia Turner glaziarrean antolatu zuten. Artikoan zirenez, giroa ez zen epela. Bazekiten inguru hartako klimara nola edo hala ohitu behar zutela. Eta, jakina, natura basatira.
Frigga gertu zutenez eta Asgardeko hegoaldeko dorreak elur asko zuenez, lehenbiziko helburuari buru-belarri heldu zioten. Protagonistok diote Frigga ikaragarri estetikoa eta granitozko ezpata baten itxurakoa dela. Eskalatu behar zuten horma 750 metro luze da, eta bazekiten soilik bide bat zuela: Wally Barker eta John Rzeczyckiren “Slith the Frightful”.
Murrua aztertu ondoren, ezkerrean zegoen sekzio tente bat baztertu zuten, besteak beste, itxura ederra zuen ibilbide bat aurkitu zutelako. Aukera berria eskalatzen ari zirela, ezustekoa izan zuten; hots, konturatu ziren talde japoniar batek amaitu gabe utzitako marra baten barruan zeudela. Aurrera jarraitu eta erronka hori biribildu zuten: “Ragnarok”.
Frigga atzean utzi eta Loki mendiaren oinarrira lekualdatu zuten kanpalekua. Asgardeko hegoaldeko dorretik gertu dago, baina Lokiren ekialdeko horman ukitu gabe zegoen ibilbide erakargarri bat ikusi zuten. Artesi sistema eder batek osatzen zuen, eta protagonistok diote era askean eskalatzeko oso aproposa zela. Baina Artikoan zeuden, eta aukera hori baztertu zuten. Egun bateko eskaladan “Fenrir” sortu zuten. Ibilbide hori ertz batean amaitzen da, eta han “Nettle-Shelton” marrak gailurrera eraman zituen.
Mendi horretatik jaitsi bezain laster, estatubatuarrok hirugarren eta azken helburura abiatu ziren: Agardeko hegoaldeko dorrera. Xede horren oinarrian kanpalekua altxatu eta denbora galdu gabe bide berriaren lehen bi luzeak finkatu zituzten. Ondoren, elurrezko korridore bat saihestu (bi bide sekzio horretatik igarotzen dira) eta arrokan eskalatzen hasi ziren. “Memento Mori”-k bost eguneko lan eskerga eskatu zien. Eskalatutako metro horiei dagokienez, eskalatzaileok diote oso bertikalak direla eta gogor borrokatu behar izan zutela eskalada artifizialean. Baieztatu dute zaila izateaz gain jarraitu beharreko artesiak oso meheak eta etenak zirela. Luze gogorrenetan Adams sokaburu joan zen; diotenez, belaunaldi horretako Ameriketako Estatu Batuetako espezialista onenetarikoa da.
“Memento Mori” bide berriak goialdean ditu artifizialeko luze zailenak, baina gehitu dute izaera ezberdinetako beste luze batzuk ireki zituztela: mistoa, librea… Hitz gutxitan esanda, espedizio horrek izan duen izar nagusia da. Batez ere, zailtasunagatik, arriskuagatik eta oso luzea delako.
Adams, Stuckey eta Fullmanek hirugarren bide berri horrekin zirkulua itxi zuten. Baina oraindik beste karta bat zuten ezkutuan. Janari gutxi zutenez, astebete lehenago utzi zuten haran hori atzean. Onartu dute itzuleran eginiko ibilaldia izugarria izan zela.
Alabaina, azken eskalada baterako indarrak atera zituzten. Stuckey-k Thor mendia igotzeko gogo handia zuen. Eta haren oinarrira heltzeko ibai baten ur emariak beldurtu bazituen ere, azkenean ibilbide egoki bat aurkitu zuten. Asmoa ez zen marra berri gogor bat sortzea, baizik eta bide samur batetik mendi hori igotzea: hegoaldeko ertz klasikoa (5.8, 900 m) aukeratu zuten.
Amaitzeko, protagonistok onartu dute igoera horrekin amaiera ezin hobea eman ziotela Baffineko espedizioari. Gainera, Pangnirtung herrixkara heldu zirenean, beste astebete egin zuten inuitekin: «Bertako herritarrekin hartu-emanak, eskaladak eta alderdi basatiak; hiru zutabe horiek izan ditu 52 eguneko espedizioak, eta oso harro gaude lortutako emaitzarekin zein bizitako esperientziarekin».

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
