Sara IRIARTE
DONOSTIA
Entrevista
Ione Zuloaga
Aranzadi Zientzia Elkarteko historialaria

«Dakiguna da senideei ez zietela galdetu mausoleoan sartu ala ez»

Gutxienez 17 gudari eta miliziano zeuden Polloeko hilerrian, frankistak goratzeko mausoleoan; 2022an jakin zen hori Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako ikerketa bati esker. Ikerketan sakondu eta 20ra luzatu da milizianoen zerrenda. Osatutako txostena esku artean etorri zen Ione Zuloaga elkarteko historialaria NAIZ Irratiko elkarrizketara.

-
- (GARA)

 

Nola konturatu zineten matxinatutako frankistei gorazarre egiteko Polloe hilerriko mausoleoan milizianoak ere bazeudela?

2022ko otsailean Donostiako Udalak deitu zigun galdezka ea ikerketa proiektu bat ireki zitekeen Polloe hilerriko mausoleoaren inguruan. Jakin nahi zuten ea bertan milizianorik ba ote zegoen. Hasieran Donostiako artxiboan egin zen ikerketa. 2022ko maiatzean eman genuen jakitera mausoleoan 17 miliziano zeudela, eta zalantzazko beste 16 kasu ere bagenituen. Azken hori argitzeko ikerketa sakonago bat abiatu genuen eta hainbat artxibo kontsultatu genituen, Hego Euskal Herrikoak eta espainiar Estatukoak: Archivo General de la Administración eta Centro Documental de la Memoria.

Baina Donostiako artxibategian topatutako informazioa da gakoa, ezta?

Hor bi dokumentu sorta aipatu nahi ditut. Aurkitutako dokumentu horietan agertzen dena da, hain zuzen, 1958an Espainiako Gobernazio Ministeriotik iritsi zela agindu bat hemengo Gobernazio zibilera Donostiako Udalari eskaria eginez. Eskatzen zen zerrenda bat egitea Erorien Haranera eraman zitezkeen senide frankisten izenekin. Udalak 121 izeneko zerrenda bat osatu zuen. Banan-banan kontsultatu dugu zerrenda artxibo ezberdinetan; jakin nahi genuen frankistak ziren edo ez. Eta horrela topatu genuen horietako 17 ez zirela frankistak. Zerrenda Ramon Aldanondok egin zuen; Polloe hilerriko atezain zen garai hartan. Idazkien arabera, gerra testuinguruan, 350 pertsona inguru hilobiratu zituen. Berak bazekien nor zegoen hilobiratua Polloen, eta bazekien ere hilerrian hilobiratu ziren gorpu batzuk identifikaezinak zirela. Beraz, hor hasten da lehen arazoa.

Hau izan da akaso Erorien Haran txiki bat gurean. Jakin da zergatik sartu ziren gorpuzkiak bertan?

Arrazoia ez nuke ematen jakingo, dokumentazioan ez delako agertzen, eta bildu ditugun iturrietan ere inork ez digu esan. Dakiguna da haien senideei ez zietela galdetu martirien mausoleoan sartu edo ez. Senideetako batzuekin ere harremanetan jarri gara eta askok oraindik ez zekiten euren senideak non zeuden. Frankisten kasuan, aldiz, ikusten dugu senideek baimena eman zutela kasu gehienetan.

Erorien Haranean gorpuzkiak behar ziren. Nolatan ez zituzten Polloekoak eraman?

Aldanondok argi dio gorpuzkiak ezin direla bereizi, eta ezinezkoa dela lekuz aldatzea. 1961eko urtarrilaren 5ean esan zuen hori, eta urrian, Donostiako alkateak erabaki zuen bereizi ezin direnak ezin direla lekualdatu, ezta banakako panteoietara ere. 2022an Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologia departamentuko Lourdes Errasti eta bere kideak mausoleora sartu ziren ikusteko ea gorpuzkiak identifikatu zitezkeen edo ez, eta argi ikusi zuten ezetz. Erabat nahasita zeuden batzuk besteekin.

Hori guztia biltzen da ekarri duzun txosten horretan?

Bai. 17 milizianoen ikerketa fasearekin hasten da, baina ikerketak aurrera egiten du zalantzazko beste 16 kasu argitzeko. Artxibo ezberdinak bisitatuz jakin dugu horietako hiru milizianoak direla. Beraz, guztira, gutxienez 20 miliziano lirateke mausoleoan daudenak. Beste lau frankistak direla ikertu ahal izan dugu. Txostenean ikerketa prozesua kontatzeaz gain, mausoleoa nola eraiki zen, nork eraiki zuen edota aurrekontua zenbatekoa izan zen biltzen da. Familia batzuk gurekin harremanetan jarri dira, eta jasan zuten errepresioaren berri ere izan dugu. Niri polita eta kuriosoa egin zait, belaunaldiz belaunaldi transmisioa nola eman den, ondare bat ere jaso dugu txosten honetan; adibidez, senideetako batek ekarri zigun kristalezko botila bat barruan itsasontzi bat zuena, eta itsasontziak bandera errepublikanoa zuen. Frantzisko Irazabalek egin zuen eta Miguel Trujillo haren senideak ekarri zuen Aranzadira. Bestetik, Eusebio Serranok egindako zigarroak gordetzeko kutxatxo bat ekarri zigun Pedro Lakuntza senideak. Zurgina omen zen Eusebio.

Zein afiliazio politiko zuten?

CNT, UGT eta Euskadiko Alderdi Komunistako militanteak dira aurkitutako gehienak. Estatu-kolpearen ostean, Donostian, miliziano anarkista eta komunistak atera ziren kalera Loiolako kuarteletik zetozen militarrei eta beste indar ultraeskuindarrei aurre egiteko.

 

Mausoleoan hobiratzeko logikarik bazegoen?

Guztiak dira gerra garaiko lehen egunetan hildako milizianoak. Uztailaren 21-22an hil ziren 10 miliziano. Hasieran Karmengo Andre Maria kalean (94-104) lurperatu zituzten, eta mausoleora mugitu gero, 1940ko ekainaren 24-25 artean.