Eider Perez errenteriarrari baldintzapeko askatasuna eman diote
Eider Perez Aristizabal errenteriarra baldintzapean aske utzi dute, Etxeratek jakinarazi duenez. Auzitegi Nazional espainiarreko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralaren ebazpenaren bidez geratu da aske, 23 urteko kartzelaldiaren ostean. Errenteriarrak iragan otsailean eskuratu zuen hirugarren gradua eta joan den ekainetik baliabide telematikoen bidez bete du kartzela zigorra.
Preso eman dituen urteetan dispertsio politikaren krudelkeria jasan du Perezek, beste ehunka euskal preso politikok bezala. 2001eko martxoan Errenterian bertan atxilotu eta espetxeratu zuten, ETAko kide izatea leporatuta. 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten.
2022ko azaro hasieratik Martuteneko presondegian zegoen eta iaz bete zituen zigorraren hiru laurdenak.
Aurretik Kordoba eta Algecirasko kartzeletan izan zuten, Euskal Herritik 865 eta 1.000 kilometrora, hurrenez hurren, 2021eko martxoan Zaragozako Zuerara lekualdatu zuten arte. Gobernu espainolak 2020ko abenduan iragarri zuen 48 euskal preso gerturatuko zituela, baina erabakia ez zen gauzatu martxora arte, Etxeratek egoera salatu eta gutxira. Eider Perez bera talde hartan zegoen.
Bere seme Garikoitzek ere pairatu behar izan zituen urruntze politikaren ondorioak eta, 7 urte besterik ez zituela, Kordoban ama bisitatzeko 865 kilometro egin behar izaten zituen, beste 140 kilometro Sevillan preso zegoen aitarekin egoteko eta ondoren 925 Euskal Herrira etxera itzultzeko. Egoera hura gogor salatu zuten errenteriarrek 2015ean, Sarek antolatutako manifestazioan.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
