Maialen Lujanbioren Euskal Herriko lehen txapela

Gaur 15 urte, 2009ko abenduaren 13an, Maialen Lujanbio Zugastik Euskal Herriko txapela jantzi zuen Barakaldoko BEC aretoan. Bere lehen txapela -dagoeneko hirutan izan da txapelduna- eta emakume bertsolari batek jantzi zuen lehena eta, oraingoz, bakarra.
Joxe Agirre zenak jantzi zion bere lehen txapela, eta halaxe abestu zuen milaka bertsozaleren aurrean: «Mila zorion ta goraintzi/ eman gabe nola utzi/ Euskal Herriko txapela horra Maialeni jantzi/ al dezun artean eutsi/ ez dezu meritu gutxi/ emakumerik oraindik ez zen hortara iritsi».
Horixe izan zen eguneko titularraren ertzik nabarmenena, emakume batek lehen aldiz lortu zuela Euskal Herriko txapela. Baina Maialen Lujanbioren txapelak, borobila izan arren, punta gehiago zeuzkan. Egun hartako kronikan neronek idatzi nuenez, «ze ondo ematen dion txapelak Maialeni. Mundua desberdin ikusten eta ikusarazten duten begi horiekin distira berezia hartzen du txapelak». Eta hori izan da bere ekarpen nagusia. Bertsolaritzaren ardatza mugitzea lortu du, nahi duenari eta interesatzen zaizkion ertzetatik abesten asmatu du. Hankak ahozkotasunaren lokatzetan sartuta, inguratzen duen jendarteari eta garaiari zorrotz abestu dio.
Hirugarrenez jantzi zuen Euskal Herriko txapela 2022. urteko abenduaren 18an (bigarren txapela 2017an jantzi zuen), eta orduan ere esana utzi zuen bertsolariak bizi den garaiari abesten diola. Gaurkotasun beteko jardun tradizionala da bertsolaritza. Bertsolariek abestutakoetan irudika daiteke garai baten, herri baten kronika. Maialen Lujanbiok gauza asko ekarri dizkio bertsogintzari, eta horietako bat izan da gogoraraztea bertsoa ezin dela errealitate soziopolitikotik aldendu, horri atera behar diola punta.
Euskal Herriko txapeldunen zerrendan sartzea lortu zuen hernaniarrak duela hamabost urte. Geroztik, hiru txapel jantzita, txapeldun handi-handien zerrendan sartu da. Eta plazaz plaza egiten duen ibilian, argi baino argiago utzi du aparteko bertsolaria eta puntako pentsalaria dela.
Zazpi aldiz izan da finalista Maialen Lujanbio final nagusian; 1997, 2001, 2005, 2009, 2013, 2017, 2022. 27 urte bertsolaritzaren tontorra irudikatzen duen erakusleiho horretan. Lehenengoz parte hartu zuenean 21 urte zituen eta 46 urte zituela jantzi zuen hirugarren txapela 2022an. Ia hiru hamarkada horietan bertsolaritzak trajea aldatu du, eta aldatzen ari da etengabe. Lujanbio izan da Euskal Herriko txapela jantzi duen lehen emakumea eta, oraingoz, bakarra. Eta hamarkada luzeetan finalista emakume bakarra izan da. 2022an lehen aldiz emakume bat baino gehiago izan ziren final handian. Hiru, zehatz esanda; Maialen Lujanbio, Alaia Martin eta Nerea Ibarzabal. Bitartean, herrialdeetako txapelketetan emakume txapeldunak ikusi ditugu, lehenengoz saio parekideak iritsi dira -kopuruan-, eta baita emakumeak gehiengo diren finalak ere; bihar Illunben jokatuko dena da horietako bat, hain zuzen.
‘BASARRI’-TIK LUJANBIORA, BEDERATZI MUNDU
Bertsolaritza ez da txapelketa bakarrik. Bertsoak plaza behar du arnasa hartzeko, tamaina eta klase anitzeko plaza. Baina txapelketak hartu ohi du foku nagusia. Txapelketek eta finalek ez dute akaso bertsogintzaren argazkia osotasunean ematen, baina pista esanguratsuak eskaintzen dituzte. Euskal Herrian izan diren bertsolari txapeldunei begira begitandu daiteke neurri batean bertsolaritzak egin duen bidearen nolakotasuna.
Euskal Herriko bederatzi bertsolari txapeldun daude historian: ‘Basarri’, ‘Txirrita’, ‘Uztapide’, Xabier Amuriza, Sebastian Lizaso, Jon Lopategi, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus.
1935 eta 1936an egin ziren Bertsolari Guduak hartzen dira lehendabiziko txapelketatzat. Basarri izan zen aurreneko txapelduna, eta harengandik Maialen Lujanbiorengana, mundu bat ez, bederatzi mundu daude.
1. BASARRI
Iñaki Eizmendi Manterola 'Basarri' izan zen lehen txapelduna, 1935ean. Errezilen jaio zen 1913an, baina Zarautzen bizi izan zen denbora gehiena; 1999an, 87 urte betetzear zituela, hil zen arte. 21 urterekin izan zen txapeldun. Gerraosteko lehen Txapelketa Nagusiko txapela ere errezildarrak eraman zuen 1960an, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, 48 urterekin.
2. 'TXIRRITA'
Bertsolaritzaren izarrik handienetakoa da Jose Manuel Lujanbio Retegi 'Txirrita'. Ereñotzun jaio zen 1860an, eta Altzako Gazteluene baserrian eman zituen azken urteak. Hil zen urte berean, 1936an, izan zen txapeldun, 76 urterekin. Beti zegoen prest kantatzeko. Eskolagabea izan arren, irakurtzen bazekien eta herritar askoren buruan ezezagunak ziren erreferentziak zituen.
3. 'UZTAPIDE'
1962ko txapelduna izan zen ‘Uztapide’. Manuel Olaizola Urbieta Zestoako Endoia auzoan sortu zen, 1909an. 1952an Oiartzunera ezkondu zen eta Ergoienen zendu zen, 1983an. Bertsolaririk maitatuenetakoa da. Hiru belaunalditara egokitzen asmatu zuen eta guztien errespetua eta ezagutza eskuratu zituen. Behatzaile zorrotza zen, hizkera eta arrazoiketa garbikoa. 1965 eta 1967an ere irabazle izan zen.
4. AMURIZA
Bertsolaritza modernoaren figura nabarmena da Xabier Amuriza, 1941ean Etxanon jaioa. 1980an, Donostiako Balda pilotalekuan lehen txapela jantzi zuen, 39 urterekin, eta berarekin bertsolaritza garai berri batean sartu zen. 1982an ere bera izan zen garaile. Hamarkada horretan, bertso eskolen eragile nagusia izan zen. Trilogia iraultzaile bat idatzi zuen: “Hitzaren kirol nazionala”, “Hiztegi errimatua” eta “Zu ere bertsolari”. Berezkoaren mitoa hautsiz, bertsoa eskuragarri egin zuen.
5. SEBASTIAN LIZASO
1986ko martxoaren 23an, Sebastian Lizaso Iraolaren buruan jarri zuen txapela Manuel Lekuonak. Txapelketak 40 partaide izan zituen. Apustu handia izan zen Belodromoan egitea. Puntuazioa bistan ematen zen lehen aldia (eta azkena) ere izan zen. Horregatik, txapela beretzat zela aurkezleak baino lehen erran zion 28 urteko azpeitiarrari publikoak.
6. JON LOPATEGI
Jon Lopategi Lauzirikari 'Basarri'-k jantzi zion txapela 1989an. 40 bertsolaritatik zortzi heldu ziren Belodromora. Lopategi Muxikan jaio zen 1934an eta bertan hil zen 2019an. 90eko hamarkadan puntara iritsi ziren bertsolari bizkaitar gehienak bere eskutik heldu ziren.
7. ANDONI EGAÑA
Lau garaikurren jabe, txapeldunen txapelduna da Andoni Egaña Makazaga, 1961ean sortutako zarauztarra. Belodromoa mukuru, Lopategik jantzi zion lehena 1993an. Lau edizio irabazi zituen jarraian, azkena 2005ean. Amurizaren eraginetik abiatuta, bertsolaritzari maila gorena eman dio.
8. MAIALEN LUJANBIO
2009ko, 2017ko eta 2022ko txapelduna da, aurretik aipatu dugu hernaniarraren bidea.
9. AMETS ARZALLUS
2013an, 30 urte zituela, Amets Arzallus Antiak jantzi zuen txapela Barakaldon. Presente izan du beti lorpen pertsonala baino gehiago denen bideko zerbait dela txapela, eta hala sentitu zuen.
2009an eta 2022an txapeldunorde izan zen, eta 2005etik final guztietan aritu da. Hirutan iritsi da buruz burukora.

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
