Esti EZKERRA
Literatur kritikaria

Loturak (II)

Han Kangek “Sonyeoni onda” (2014) nobelan eta Viet Thanh Nguyenek “A Man of Two Faces” (2023) liburuan, bakoitzak bere modura, kolonialismoak eragindako loturei heltzen diete. Nola kolonialismoaren indarkeriaren biktima izandako horiek indarkeria hori berau bere herritarren eta kolonizaturiko beste herrialdeen kontra erabili zuten, kolonizatzailearen interesen mesedetan maiz.

Gurnah Abdulrazaken “Afterlives” (Hil ondoko bizitzak, 2021) nobela zoragarriak ere gai bera darabil, baina kasu honetan Afrika da aztergai nagusia. Kangek eta Nguyenek, berriz, begirada Asian jarrita dute, bertan jazotako indarkeriaren kritika eta autokritikatik zerbait sortu daitekeen itxaropenarekin. Akaso Hego Koreako idazlea baino esplizituagoa da Nguyen Asia sorleku duten gizabanako eta komunitateei luzaturiko deian, Mendebaldeko aginte politikoari eta militarrari (errefuxiatu bat zen garaian babeslekua eman zion eta gaur egun bizilekua duen AEBetakoa barne) bizkar eman eta elkarren alde egin dezaten. Elkarren alde egin dezatela ez “Asiakoak” (AEBen asmaturiko kontzeptua) diren aldetik, baizik eta kolonialismoaren ankerkeria jasan eta oraindik ere jasaten ari diren aldetik. Esperientzia horrek lotzen ditu hego korearrak eta indiarrak, Sri Lankakoak eta afganiarrak. Nguyenek esaten digun bezala, Vietnam Palestina ere bada.