Alaia Martinek irabazi du Illunben partxisean
Arratsaldeko lehen ofiziotik erakutsi zuen Alaia Martin oiartzuarrak finalean arrasto propioa utziko zuela. Gairik grisenari argi propioa emateko duen gaitasuna erakutsi zuen. Buruz burukoa Beñat Gaztelumendik eta biek jokatu zuten, partxisean jolasean, zein baino zein. Azkenean txapela Oiartzun aldera, eta Illunbe pozik, olatuan.

Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi, buruz burukora. Eta bi bertsolari eta lagun handi ikusi genituen Illunbeko biribilean partxisean. Horrela hasi zuten buruz burukoa, seme-alabekin partxisean ari ziren gurasoen azaletik. Martinek irabazten utzi ohi zien etxeko txikiei. Gaztelumendik, ez. Eta jolasean hasi ziren, haurrak zirenetik elkarren ondoan bertsoz egin duten moduan. Eta finaleko klabe zenbait bota zituzten, erdi txantxa erdi egia. «...Irabaztera ohituta zaude ta behingoz besteoi utzi», bota zion Martinek. Eta Gaztelumendik, «...nik irabazten ezin dut utzi zuek gailendu zaitezte». Eta horixe egin zuen Martinek, gailendu. Arratsaldeko lehen unetik asmatu zuen Illunbeko olatua goitik hartzen, distira egiten, gaiak berera makurrarazten. Txapelketa bikaina egin du oiartzuarrak eta finala parekoa, aparta. Lurretik baino gora, hegan.
Txapela buruan, laguntasunaren aldarria, erdi kantuan erdi errezitatzen. «Bihurtu ditzagun lagunak bizitzaren tenplu / badakitenak zer, noiz, nola eta non galdetu / entzuten gaituztenak nahiz ta pixkat logaletu / eta etxe bihurtzen dutenak edozein ezleku / mendeko hitza bilakatu den hontan mendeku / disolba dezagun eskuina ta auzoa ezkertu / egon gaitezen lagunekin hauskor eta inperfektu / elkarrengandik gertu eta elkarrentzat gertu». Arantzazu Loidik jantzi zion txapela eta argazki esanguratsua osatu zuen bi bertsolarien arteko besarkadak. Bi sortzaile bertsogintzaren bidean tarte desberdinak ibili dituztenak. Loidi hasi zenean erabat ezohikoa zen emakume bat jendaurrekoan plazan ikustea. Atzo argazkia bestelakoa zen. Egia esan, Illunbeko plazak gauza asko kontatu zituen atzo, bai oholtzan eta bai oholtzatik behera. Adin eta kolore anitzeko bertsozaleek osatu zuten mosaikoak erakutsi zuen zenbateko bidea egin duen bertsogintzak. Bertsolarien aldarriek kontatu zuten oraindik zenbat dagoen egiteko.
BURUZ BURUKOA ERREPIKATU ZEN
Aurreko txapelketako buruz burukoa errepikatu zen. Ordurako Martinek arrasto sakonak utziak zituen oholtzan, garbi zegoen txapelerantz zihoala. Gaztelumendik ere perla propioak utziak zituen, baina gai batzuetan egokituta tokiek distira eragotzi zioten. Buruz burukoa aise josi zuten, parez pare. Akaso ordurako Martinek tartea atera zion puntutan.
Beñat Gaztelumendi, txapeldunorde, eta pozean txapeldun Martinen txapelarekin. Bukaeran kantatu zuenez, «Zorionak ta biba Alaia berriz ere paregabe / aspaldidanik zinen txapeldun ta gaur txapelaren jabe / agur Illunbe nere bizitzan nolako bost arratsalde/ ta ez garenez giden atzetik doan turisten artalde / zuek betetzen zenituztenok Aurresku eta Rekalde / kalean jana banatzen jardun ohi zaretenak debalde / segi lanean auzorik auzo ta sukalderik sukalde / askok ikusi nahi ez luketen Donostia horren alde». Añorgarrak behin baino gehiagotan egin zuen postaletan ikusten ez den Donostiaren aldeko oihua.
Hirugarrena, Oihana Iguaran, benetan final ederra josita. Ariketa guztietan ondo. Merezi du nabarmentzea Aner Euzkitzek eta biek hamarreko txikian egin zuten ariketa. Hitanoz josi zuten ofizioa, formaz bikain eta edukiz berdin. Tren geltokian, bertako segurtasun langileen euskarafobia jasan behar izan zuten. «...Euskaraz nahi dinagu hala zor delako / trena joan egingo dun hau konpontzerako», hasi zen Euzkitze. Eta, Iguaranek, «...elkar ukatzen duten aukerak akaso / euskaraz egin edo zerbitzua jaso». Eta hortik gora eta gora ekarri zuten ofizioa. Benetako erakustaldia egin zuten biek.
Laugarrena, Ane Labaka. Finalerdi eztabaidaezin batekin egin zuen salto finalera eta atzo sendo erakutsi zuen zer nolako bertsolari puska den. Ganbarakoan sekulako lana sinatu zuen. Hauxe zuen gaia: Kazetaria zara. 30 urtez jende asko elkarrizketatu duzun arren, gaur egin duzun elkarrizketa eta gero oilo ipurdia jarri zaizu. «...Nahastu ote gera munduz / malko bat hiru segunduz / emakumea mintzatu baitzait eta ez itzulinguruz / erditze gelan jasan daitekeen biolentziari buruz». Horixe ekarri zuen oholtzara, erditzeetan gertatu daitekeen bortizkeria.
Gero Oihana Iguaranek ere gai bera ekarri zuen ganbarakoan, nahiz eta gaia beste bat izan, ikerlari baten azaletik hain justu. Esanguratsua. Emakumeen presentzia eta gaien aukeraketa, kasualitatea baino kausalitatea.
25 BOST URTETIK BEHERAKO SARIA
Bi hautagai zituen arratsaldeko bigarren sariak: Rekondo eta Euzkitze.
Zozketak elkarren ondoan eseri zituen eta halaxe hasi zuten finala, elkarlanean libreko lehen ariketan. Eta lehen olatua altxatu zuten, harro. Begitantzen zen polita izango zela jokoa. Azkenean, Aner Euzkitze bosgarren. Benetan saio ona josi zuen, asmatu zuen plaza astintzen eta gozatu izanaren irria sumatu zitzaion.
Seigarrena, Nerea Elustondo. Tarteka distiratsu, tarteka nahi baino gehiago sufritzen. Amaierako agurrean poz handi bat eman zion bertsozaleari, «...emakume helduen ahotsa entzuten ez den honetan / ilea urdindu arte segiko det txapelketan».
Zazpigarren Andoni Rekondo hernaniarra. Saioa goitik hasi zuen, gailur propioak piztu zituen. Gero beheraxeago etorri zen, baina pozik Illunbeko olatuan. Eta zortzigarrena Eneritz Artetxe, erori gabe, bertsotan bizi. Benetan bertso arratsalde ederra Illunbekoa. Biribila.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
