Estereotipoak gainditzen ez dituen azaleko filma

Filma auzo-lotsa eragiten duten zenbait gag-ekin abiatzen da. «Primeran! Bere helburua betetzen du orduan!», esango didazue. Bada, ez. Esaldi iraingarriak eta aurreiritziz beteak daude pertsonaia xenofobo eta klasisten ahoetan eta, jarrera horiek ezbaian jarri beharrean, sortzailearen helburu nabaria ikuslearen barreak eragitea da.
Feel-good-aren formula eta tonua erabili nahi izan du aurreiritziak apurtzeko, baina justu kontrakoa lortu du.
Quim Gutierrezek enpresaburu oportunista baten rola jokatzen du (Andres); bere mundua hankaz gora jarriko da Ogasunari iruzur egiten harrapatzen dutenean.
Dirulaguntza jakin bat zuritzeko, Los Caños izeneko auzo marjinal batera lekuz aldatzera behartuta dago protagonista. Hasieran gutxiesten duen ingurune bati aurre egin beharko dio; egunak igaro ahala, ingurune horretatik lezio batzuk ikasiko ditu.
Mahai gainean jarri dituen gaiak kontuan izanik (ogasuna, gizarte klaseak, arraza estereotipoak eta abar), satira sozial zorrotza izan zitekeen, baina estereotipoak gainditzen ez dituen film kaskarra eta azalekoa da.
Gidoiaren garapena ez da batere organikoa eta, tartean, brotxa lodiz marraztuta dauden pertsonaiak ageri dira. Arazoa pertsonaiak dira, ez aktoreak, antzezpen lanak, oro har, txukunak baitira, bereziki Gutierrezena.
Klase sozialen arteko talkak erabiltzen dituen ohiko endredozko komedia bat da, ikusleari barrea eragiteko helburuz sortua, baina baliabide horiek modu traketsean erabiltzen dira. Baliteke entretenitzea beste helbururik ez izatea; hori neurri batean behintzat lortzen du. Baina hortik aurrera ezer gutxi eskaintzen du: une oro klixeak eta topikoak topatuko dituzue eta, are okerrago, aurreiritzi klasistaz eta paternalistaz beteta dauden elkarrizketak zein egoerak.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
