GARA
BILBO
ERALDAKETA EUSKALTZALEEN TOPAGUNEAN

Euskararen jauzia xede, Taupa mugimendua jaio da Topagunetik

Euskaltzaleen Topaguneak eraldaketa sakon bat egin du, eta horren ondorio dira izen eta izan berria: Taupa euskaltzaleen mugimendua. Euskal Herri osoko euskaltzaleak saretzea da helburua, elkarteak oinarri hartu eta horietatik harago jende eta espazio gehiagotara iristea, aktibismoaren egungo joerak aintzat hartuz, bertzelako egiteko eta antolatzeko moldeekin.

Taupa euskaltzaleen mugimenduaren aurkezpeneko talde argazkia, Bilbon.
Taupa euskaltzaleen mugimenduaren aurkezpeneko talde argazkia, Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Hasiera berri bat irudikatu zuen atzo Euskaltzaleen Topaguneak Bilboko Kafe Antzokian: jada ez da gehiago Topagunea izanen, baizik eta Taupa euskaltzaleen mugimendua. Euskal Herri osoko euskaltzaleak saretuz, eraldaketa sozial sakon bat eragin nahi dutela adierazi zuen Jasone Mendizabal koordinatzaile orokorrak: «Aldaketa norberarengandik hasten da. Horregatik ausartu gara garena eta egiten duguna ezbaian jartzera, eta aurrerantzean izan eta egin nahi duguna berrasmatzera».

Hausnarketa prozesu baten emaitza da aldaketa. Euskararekin harreman ezberdina duten Euskal Herri osoko ia 200 lagunen bizipenak eta iritziak aditu dituzte. Bi bide egin dituzte: batetik, “Batera jauzi” jendarte laborategian euskararen erabilera biderkatzeko baldintzak aztertu dituzte; eta bertzetik, Nafarroako herritarren artean euskararen aldekotasuna indartzeko diskurtso eta praktiken inguruko azterlan bat egin dute askotariko talde baten eskutik, “Gero eta aldeko gehiago” izenekoa.

Ondorioa argia izan da, Taupako zuzendariaren hitzetan: «Euskarak eta herri honek jauzi bat behar dute, eta, jauzia eragiteko, gu geu gauden tokitik mugitu behar dugu».

ELKARTEAK GAINDITUZ

Jon Zapata Taupako Aktibazio arduradunak azaldu zuenez, euskara elkarteak izan dira eta izanen dira mugimenduaren muina, baina, hemendik aitzinera, elkarteetan antolatuta egon gabe ere euskararen alde ekarpena egin nahi duten herritarrek euskaltzaleen mugimendura batzeko aukera izanen dute. Halaber, elkarterik ez dagoen herri eta eskualdeetan bizi diren euskaltzaleek nazio mailako erreferentzia berri bat izanen dute.

«Euskara elkarteen topagune izatetik euskaltzaleen mugimendu izatera igaro gara, eta herri batzuetan jardutetik Euskal Herri osoan antolatzera», laburbildu zuen.

MODU BERRIAK

Anitz dira, izan ere, antolatuta egon edo ez, nork bere erara, euskarari eta hiztun komunitateari ematen diotenak. «Honaino iritsi bagara, milaka euskaltzaleren kemenari eta bizinahiari esker izan da», baloratu zuen Irati Iciar Taupako lehendakariak. «Zer gertatuko litzateke euskaltzale horiek guztiak saretuta egongo balira? Elkarrekin ahalduntzeko eta aktibatzeko modu berriak izango balituzte? Eta zer gertatuko litzateke, gainera, herri proiektu ilusionagarri baten eragile izan daitezkeela sinetsiko balute?», galdera egin zuen.

«Euskarak behar duen mugimendua izango genuke», erantzun zion Zapatak.

Parte hartzeko modu ezberdinak eskainiko zaizkie euskaltzaleei taupamugimendua.eus webgunearen bidez: informatzeko eta ahalduntzeko edukiak jasotzea, aktibatzeko proposamenak jaso eta egitea, eta mugimendua diruz babestea.

Aktibatzeko era berriak eskaintzea eta jendeari proposamenak egiteko aukera eta espazioak ematea izanen da erronka, jada abian diren ekintzak oinarri hartuta. Batzuetan aktibismo digitala izanen da, eta gehienetan kalekoa. Proposamenak banakakoak edo kolektiboak izan daitezke.

EUSKARALDIA

Begirada Euskaraldian jarri dute. Izan ere, milaka herritar aktibatzen dituen ariketa sozial masibo bat da, ariketa bera gainditu eta euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua eragin nahi duena; honenbestez, jendea saretzeko aukera ezin hobea da.

«Datozen hilabeteetan taupada guztiak Euskaraldiaren erritmoan jarri behar ditugu, berriz ere, erraldoia izan dadin. Pentsa, 320.000 herritar baino gehiago dira ahobizi edo belarriprest gisa parte hartutakoak; hamarretik bat euskaltzaleen mugimendura batzea lortuko bagenu, zertarako gai izango ginateke?», gogoeta egin zuen Zapatak.

IREKIDURA ARIKETA BAT

Euskararen ardatzean komunitate zabala biltzea izanen da Tauparen bertze erronka nagusia. «Euskarak behar duen jauzia eragiteko, jendartea gehiago inplikatzea lortu behar dugu», adierazi zuen Iciarrek.

Azaldu zuen euskararen aldeko konplizitateak orain arte baino esparru gehiagotara zabaltzea ez dagoela soilik euskaltzaleen esku, eta ekosistema komunikatiboaren eta kulturgintzaren eragina, adibidez, sekulakoa dela. Alor horietan eragiten saiatuko dira, eta kultur sorkuntza herrikoia bultzatzen segituko dute. Baina kanpora ez ezik, barrura ere begiratzen dute: «Mugimendu gisa irekidura ariketa bat egin nahi dugu, sustatzen ditugun imajinarioak, diskurtsoak eta jokaerak berrikusi, eta egiteko modu berriak probatzeko».

Hizkuntza, kultura eta jatorri aniztasun honetan harrera sare oso bat antolatzeko premia defendatu zuen Zapatak. «Hizkuntza harrera komunitarioa antolatzea estrategikoa da, eta euskaltzaleen mugimenduak, beste eragile batzuekin elkarlanean, zeregin handia du».

Iciarren ustez, herrigintzan dago erantzuna: «Euskararen ardatzean komunitate zabala bildu nahi badugu, euskararen garapena eta komunitatearena elkarren eskutik sustatu behar ditugu».

28 urteko ibilbidean, zentzu batean, horrela jokatu izan dutela azaldu zuen, eta tokiko komunikabideak eta Kafe Antzokia jarri zituen horren adibide: «Euskararen alde herrigintzatik egin izan dugu, eta horretan sakondu behar dugu».