Zabaletak iazko arantza kendu eta Aldairen inperioa eten du kaiolan
Goiuri Zabaletak lehendabiziko aldiz irabazi du Lau eta Erdiko txapelketa, final handian Amaia Aldai baino hobea izanda. Leitzarrak ezker-eskuin mugitu du dimoztarra. 15 urte besterik ez dituela, historia egin du, bizkaitarraren inperioa etenda.

Historia egin du Goiuri Zabaletak, 15 urte besterik ez dituela Lau eta Erdiko txapelketa irabazita. Leitzarrak zeresan handia emango zuela agerikoa zen, iazko finaletik urtebete igaro eta hazkunde nabarmena izan baitu. Nolanahi ere, aurreikusten zaila zen finalean hainbesteko nagusitasuna erakustea, batez ere Amaia Aldai bezalako txapeldun baten aurka. Dimakoari kostatu zitzaion partidan sartzea -inoz sartzea lortu bazuen- eta, hasi eta buka, Leitzakoak agindu zuen, kaiolan bere lehenbiziko txapela irabazteko.
Leitzarrak «ametsa» bete du. Bederatzi urterekin hasi zen pilotan, eta sei urte geroago txapelik preziatuena irabazi du, 15 urte besterik ez dituela. Historia egin du, Lau eta Erdiko txapelketa irabazten duen pilotaririk gazteena bilakatuta. «Mugarik ez dago», erantzun zuen Zabaletak finala bukatu berritan, oraindik ere hazteko tarte handia daukala berretsiz.
Atzoko finalean ere mugarik gabe jokatu zuen, «presiorik gabe», partidaren atariko elkarrizketetan aipatu legez. Askatasun horri esker, kantxaren erdialdean nagusi izan zen, Aldai alde batera eta bestera mugiarazi zuen eta errematean ere ausart jokatu zuen. Ausardia horrek, tarteka, aurkaria biziberritzea ekarri zion (4-0eko partziala eginda, 9-15era hurbildu zen Aldai), baina, burua hotz izan eta tantoa lantzen hasi orduko, balantza Goiuri Zabaletaren aldera erortzen zen.
HASIERA INDARTSUA
Hasiera potentearekin ekin zion partidari nafarrak, 0-2 eta 1-4 aurreratuta, sakez indargunea erakutsita. Esnatu zen nolabait Amaia Aldai, Zabaletak egindako huts bakana tarteko, eta berdintzea lortu zuen (4-4). Dimakoaren ezaugarriak kontuan hartuta, bere berpizkundea izan zitekeela zirudien, baina ez zuen lortu kantxan presentzia gehiago izatea. Dantzan erabili zuen Zabaletak, zeinak pazientzia gehiagoz jokatu zuen tantoak egiteko garaian; akaso, presioaren motxila hutsik zeukalako. «Estrategia bera mugiaraztea zen, luze jokatzea eta aurrean bukatzea», onartu zion Zabaletak NAIZ Irratiari. Buruan zeukan asmoa bikain bete zuen Sestaoko Las Llanas pilotalekuan, eta horri esker iritsi zen 22 tantora arte.
Takada batean hamar tanto egin zituen leitzarrak (4-14) eta Aldaik ezin izan zuen bere frustrazioa ezkutatu. Hormaren aurka, lurrean... haserre sumatzen zitzaion dimoztarrari. Berak ere onartu zuen «une oro deseroso sentitu» zela. «Ez dut ezer erabaki, inongo helbururik gabe atera naiz jokatzera. Berak demostratu du bere mailarik onena, eta ni nire mailatik oso urrun ibili naiz», azaldu zuen Aldaik. Urte zaila izan da bizkaitarrarentzat, pilota uztekotan ere egon zen, baina psikologoaren laguntzaz lortu zuen egoerari buelta ematea. Urte zaila izanagatik ere, finalean lehiatu da, eta horri balioa ematen saiatu zen, nahiz eta momentuan penatuta sentitu.
SASOI GOGOANGARRIA
«Lan asko egin beharra dago», esaten zion Kristobal Zabaletak bere alabari; Mikel Atutxak, aldiz,«zerbait aldatu beharra dago, ahaztu markagailuaz», aholkatzen zion Aldairi, zalantzen zurrunbilo horretatik atera eta erreakzio bat bilatzeko. Eduki zuen bulkada txiki bat dimoztarrak, 4-0eko partziala lortu eta Zabaleta apur bat urduritzeko (9-15).
Nolanahi ere, kirola maiz norberaren momentuaren isla da. Amaia Aldaik urte traketsa izan badu, Zabaletak sasoi gogoangarria burutu du, Hiru Hiriburuak eta San Mateo torneoak bereganatuta. Kaiolako txapelketa bereganatuta -partidarik galdu gabe-, ginga jarri dio urteari. Final bikaina jokatuta, urduri jarri denean ere burua hotz edukita, «ametsa betetzea» lortu du. 2-7 azken partzialarekin, 22 tantora iritsi eta garaipen preziatua lortu zuen Zabaletak, iazko arantza askatu eta Dimakoaren inperioa etenda. Zortzi urte geroago, Leitzak beste kaiolako txapeldun bat dauka, Oinatz Bengoetxearen ondotik (2016ko irabazlea).

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»
