Asier ROBLES
BILBO

Erronka estrategikoei heltzeko premia nabarmendu du LABek

Ipar Hegoa fundazioren «Botere sindikala II (2016-2023)» azterlanetik abiatuta, lau erronka estrategiko azpimarratu ditu LABek: sindikalismoan belaunaldien arteko erreleboa, langile migratuak antolatzeko ahalegin espezifikoa, eremu berriak sindikalizatzea eta estatalizazioa indargabetuko duen estrategia subiranista garatzea.

Botere sindikalari buruzko txostena aurkeztu dute LABek eta Ipar Hegoak.
Botere sindikalari buruzko txostena aurkeztu dute LABek eta Ipar Hegoak. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du lpar Hegoa fundazioak 2016 eta 2023 arteko eboluzioaz. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin zuten atzo Bilbon LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok eta Ipar Hegoako Edurne Larrañagak.

Arroyok adierazi zuen Euskal Herrian sindikalizazio maila handia dela eta sindikatuek lan harremanetan esku hartzeko gaitasun esanguratsua dutela. «Hemen badago borrokarako gaitasuna duen gihar sindikala, eta indar horri eutsi egin diogu, sindikatuak indargabetzeko eta desprestigiatzeko saiakerak garaituz».

LABen ekarpena goraipatu zuen, «sindikalismoaren koordenatuak aldatu egin dituelako, nortasun ikur hauen arabera: kontraboterea, izaera soziopolitikoa, independentismoa, feminismoa, antirrazismoa, ekosozialismoa».

ALDAKETA DEMOGRAFIKOAK

Hala ere, azterlanak erronka batzuk azaleratu ditu. Lehenik, lan merkatuaren konfigurazioan eragiten duten aldaketa demografiko nagusiei erreparatu zien Larrañagak: zahartze objektiboa eta migranteen presentzia esanguratsua. 55 urtetik gorakoak %10 izatetik %23 izatera pasatu dira azken 25 urteetan lan merkatuan. Bestetik, Estatu espainoletik kanpo jaiotako langile kopurua handitu egin da, eta horietako gehienak aktibo moduan daude. Lan merkatuan %10 izatera iritsi dira.

Horregatik, langile migratuak antolatzeko ahalegin espezifikoa egitera deitu zuen Arroyok: «Gero eta gehiago dira beste herrialde batzuetatik, hamaika oztopo gaindituta, Euskal Herrira etorritako langileak. Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile hauei guztiei harrera egitea eta pairatzen duten diskriminazioen kontra aktiboki borrokatzea». Alde horretatik, LABek ldazkaritza Antirrazista sortu eta lehen barne plan antirrazista abian jarri izanari balioa eman zion Arroyok.

MARKO JURIDIKOA: «ESTATALIZAZIOARI AURRE EGIN»

Marko juridikoari ere erreparatu dio azterlanak. Larrañagak azaldu zuenez, soldatapeko langileen %85 hitzarmen kolektibo baten babespean dago Hego Euskal Herrian, baina lan hitzarmenen ezaugarrietan dago kezkarako iturria. Urte bakoitzean indarrean dauden hitzarmenak kontuan izanik, 2012an baino 51.248 langile gutxiago daude EAEn erregistraturiko hitzarmen baten babespean 2023an. Aldiz, 44.641 langile gehiago daude estatu mailan erregistraturiko hitzarmen baten babespean.

«Borroka askori esker, bertako hitzarmenen lehentasuna berrezartzea lortu dugu, eta hitzarmen ugari desblokeatu; baina, 2012arekin alderatuta, euskal langile gutxiago daude orain bertako hitzarmen baten pean. Bertako hitzarmen berriak sortzeko, lanbidearteko gutxieneko soldata bertan ezarri ahal izateko eta, oro har, lan harremanetarako esparru propioa eratzeko estrategia subiranista indartzeko premia dugu», adierazi zuen Arroyok.

EREMU BERRIAK SINDIKALIZATU

Bestalde, azken zazpi urte hauetan ordezkaritza sindikala duten langileen kopurua hazi izana positiboa bada ere, babes sindikal eta kolektiboaren gabezia «sistemikoa eta oso larritzat» jo du Ipar Hegoaren azterlanak. Eskubide aitortua izan arren, langileen %41,7 dago oraindik eskubidea egikaritu gabe.

Horregatik, eremu berriak sindikalizatzeko erronka bere gain hartu du LABek. «Ordezkaritza sindikala izatea oinarrizko eskubidea bada, nola da posible euskal langileen artean erdiak ez izatea ordezkaritza sindikalik? Batetik, Patronalak sindikalizazioari jartzen dizkion oztopoen ondorioa da. Eta, bestetik, hauteskunde sindikalak sustatu eta babestu beharko lituzketen EAEko eta Nafarroako Gobernuen utzikeria ikaragarria da», gaitzetsi zuen LABeko koordinatzaile orokorrak atzoko agerraldian.