GARA
IRUÑEA

«Jauzi berri bat egiteko» Berriozar izango du topaleku Ernaik apirilean

Berriozarren izango da Ernaik antolatutako “Gazteon eskutik” gazte independentisten topaketa 2025eko apirilaren 17tik 20ra. Mundu mailako erronkei dagokienez, bai eta Euskal Herriaren askapen prozesuaren ikuspegitik ere, «jauzi berri bat egiteko» aukerei begira «une erabakigarria» dela uste du gazte antolakundeak.

Testuinguru horretan, «Euskal Herriko milaka gazte pauso bat aurrera egiten ari» direla adierazi dute. Alegia, «gero eta gehiago gara etorkizunari begiratu eta independentzia baino ikusten ez dugunok». Hori azkenengo hilabeteetan zehar Ernaik antolatutako egitasmo desberdinetan ikusi da, beren esanetan; esate baterako, Donostian, milaka gazte independentista bilduta, nafar gazteria independentista urriaren 12an mobilizatuz, herrietan hamaika egitasmo aurrera eramanez eta etortzekotan dauden beste hainbesteren bidez.

Musika eskaintza ere «askotarikoa» izango dela aurreratu du Ernaik, Skabidean, Sukena, Olatz Salvador, Zilibito records, Naxker, Nøgen eta Toc musikari eta taldeekin. Kontzertu horiez gainera, hitzaldiak, tailerrak, DJak eta ikuskizunak ere izango dira.