GARA
DONOSTIA

Erakunde publikoek «huts egin» diotela sentitzen du Mikel Salegiren familiak

50 urte dira Mikel Salegi hil zutela, eta haren arreba Itziarrek NAIZ Irratira eraman du mende erdiz familiak jasan duen minaren kontakizuna. Aitortzarik gabe, erakundeek huts egin dietela dio.

Itziar Salegi pasa den larunbatean Donostiako Kursaalen egindako ekitaldian.
Itziar Salegi pasa den larunbatean Donostiako Kursaalen egindako ekitaldian. (Gorka RUBIO / FOKU)

Atzo bete ziren 50 urte Mikel Salegi 21 urteko gazte donostiarra Guardia Zibilak kontrol batean tirokatu zuenetik. Mende erdia pasatuta, Salegi familiak ez du inolako aitortza eta justiziarik jaso; are gutxiago, erreparazioa. «50 urtez erakundeei begira egon gara eta konturatu gara ez zegoela aukerarik hor. Huts egin digute», azaldu zion Itziar Salegi arrebak NAIZ Irratiari. «konturatu gara hortik jarraitzea sufritzea zela», berretsi zuen.

Joan den astean Donostiako Kursaalen egindako ekitaldian, baina, administrazioak beti ukatu dien babes hori beste alde batetik jaso zuten, gizarte zibil eta memoria arloko eragileengandik. «Orduan hasi zait zauria ixten eta ari naiz lortzen barne bakea benetan dolua egiteko. Uste dut orain baietz, Nekanek (ahizpak) eta biok sendatuko dugula zauria», agertu zuen Itziar Salegik.

Eskertuta agertu zen, halaber, Aranzadi Zientzia Elkarteak familiarekin erakutsi duen konpromisoagatik. Aldamenean zuen Aranzadiko Javier Buces historialaria, “1974 Mikel Salegi. Oroitzapenetik memoriara” liburuaren egilea, eta aitortu zion familiarentzat «bakea» izan dela anaiaren istorioa haien esku uztea.

1974ko abenduaren 18an odolustuta hil zen Mikel Salegi, ospitalean, Guardia Zibilak tiroz zauritu ostean. Bertsio ofizialak dio kontrolean gelditu gabe aurrera egin zuela.

Bertsio horrek informazioa ezkutatzen duela ohartarazi zuen Bucesek, eta erakundeak interpelatu zituen: «Ez daukate intentziorik ikerketa sakon bat egiteko. Argi ikusten da gezurrak esaten ari direla. Kasu honetan lekukoak daude. Baditugu, baita, Mikel bidaiatzen ari zen autoko argazkiak, non ikusten den tiro egin zutela aurretik eta alboetatik, ez bakarrik atzetik. Beraz, ez zuen gainditu kontrola. Eta badugu Mikelen gorpua, hainbeste tirorekin». Benetan gertatu zena frogatzen duten datu andana bildu ditu Aranzadiko historialariak liburuan, baina argi utzi zuenez, «badaude gauzak oraindik argitzeko».