Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko eskatu du Arartekoak
Bi donostiarrek joan den urtean jarritako kexa bat ikertu ondoren, Arartekoak Lakuako Segurtasun Sailari eskatu dio Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko. Hizkuntza eskubideak errespetatzea ezinbestekotzat jotzen du herritarren defendatzaileak.

Ertzaintzaren euskarazko arreta ziurta dezala eskatu zion atzo Arartekoak Lakuako Segurtasun Sailari. Hizkuntza eskubideak errespetatzeari ezinbesteko deritzo herritarren defendatzaileak. Bi donostiarrek ipinitako kexa bat du oinarri eskakizun honek.
2023ko azaroaren 11n Donostiako bi herritarrek kexa bat aurkeztu zuten Arartekoaren bulegoan, Ertzaintzaren patruila batek tratu desegokia eman ziela salatzeko. Ez hori bakarrik, 602 euroko isun-proposamen bat ere jaso zuten, ertzainei behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren izandako istilu batean. Salaketan azaldu zutenez, identifikatuak izan ziren delitu zantzua azaldu gabe. Gainera, Ertzaintzaren furgoneta bat bertaratu zen eta bost polizia jaitsi ziren bertatik, «harresi» bat osatuz.
Urtebete luze igaro ondoren, eta Segurtasun Sailari informazioa eskatu ondoren, Arartekoak ondorioztatu du ertzainen jarrera eta egindako gorputz-arakatzea tratu iraingarritzat hartu ahal izan zirela, eta, horrenbestez, ez dagoela zigor-proposamenerako legezko oinarririk, herritar horiek euren burua identifikatzeari uko egiteagatik.
Lakuari zuzendutako gomendioan, Arartekoak herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatzea ezinbestekotzat jotzen du, eta gogorarazten du administrazioak hizkuntza ofizialetan arreta emateko betebeharra duela, bereziki testuinguru publikoetan. Hala, polizia-arloko hizkuntza trebakuntza indartzeko eskatzen du. Kexaren egileei barkamena eskatzeko eskaera instituzionala bidaltzeko aukera ere proposatzen du.
URRATZAILEENETAKOA
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak urtero argitaratzen dituen txostenetan, Ertzaintza erakunderik urratzaileenen artean ageri da. «Herritarrei ez zaie hizkuntza hautua errespetatzen, eta agenteek gaztelaniaz egitera behartzen dituzte», baieztatu du erakunde honek.
«Mi nivel de euskera es muy básico y voy a hablar en castellano» (Nire euskara maila oso oinarrizkoa da eta gaztelaniaz hitz egingo dut), «mejor en erdera» (erdaraz hobe), «no te entiendo, háblame en castellano» (ez dizut ulertzen, gaztelaniaz hitz egin), «estoy yo solo y no sé euskera» (bakarrik nago eta ez dakit euskara), «si quieres declarar en euskera vienes a la tarde o te vas a Azkoitia» (euskaraz deklaratu nahi baduzu, arratsaldean etorri edo Azkoitira joan) izan dira herritarrek ertzainengandik jaso dituzten erantzunak.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
