Estatus berezia, politika publikoak, kuotak... Lanartearen eskaerak
245 pertsonen erantzunak oinarri dituen euskal artisten lan eta baldintzen inkestaren emaitzak jakinarazi ditu Lanarteak. Datu adierazgarri bezain kezkagarriekin batera, hainbat neurri eskatu ditu. EAEko hiru diputazioekin egindako kudeaketen berri ere eman du. Denaren gainetik, mezu bat: «Aski da».

Aurrez ere jakina zen prekarizazioa eta ezegonkortasuna direla eguneroko ogia Hego Euskal Herrian kulturgintzan ari direnen artean. Datuetara ekarri du bizi duten errealitatea Lanarteak, Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak. Amagoia Gurrutxagak eta Koldo Izagirrek aurkeztu zituzten emaitzak. Galdetegiaren prestakuntzan alboan izan dituzte Patxi Azpillaga, Edorta Arana, Asier Basurto, Amaia Elizagarate eta Harkaitz Zubiri.
Datu argigarriak bezain kezkagarriak eman ditu Gipuzkoako Diputazioaren laguntzarekin egindako galdeketak. Aipagarria da jarduera artistikoa ogibide bakar edo nagusi dutenen irabazi garbiak 12.330 eurokoak izan zirela iaz, hilean 1.027,5 euro kobratu zituzten, alegia. Inkestan parte hartu dutenen herena ez da iristen gutxieneko soldata jasotzera. «Jarduera artistikoa ogibide nagusi dutenen artean, irabazi gordinen iazko batez bestekoa 24.286 eurokoa da, baina kopuru horren ezkutatu ezineko datua da artista multzo horretako %30,7k 15.000 euro edo gutxiagoko diru-sarrera gordinak izan zituztela iaz, hau da, batez besteko 27.870 euroetatik oso urruti eta Hegoaldeko lanbide arteko gutxieneko soldataren azpitik eta Iparraldekoaren oso azpitik», zehaztu zuten.
Horretara dator estatus propioaren eskaria, «gutxieneko soldata segurtatzera». «Estrategikotzat hartzen diren beste gauza batzuetarako diru-poltsa jartzen den bezala, jar dezatela gutxieneko soldatara iristen ez direnei bideratuta».
Jendartearen pertzepzioa oso bestelakoa da. «Guk bagenekien ez zela horrela, baina daturik ez geneukan», zioen Gurrutxagak.Inkestatuen %40k pentsatu du jarduera uztea. Arrazoi nagusia nekea da. «Nazkatu naiz pobrea izateaz». Hauxe inkestan parte hartu duen artista baten esaldi esanguratsua. «Nola biziberrituko dugu kultur sistema bat lehengaia saltzen dutenak horrelako baldintzatan ari badira? Non ikusi da hau?», bota zuen galdera Lanarteako kideak.
Izagirreren arabera, galdetegia erantzun dutenen %49,8k bere kontura egiten du lana. Horietatik ia bi heren jarduera artistikoren batean alta emanda daude, autonomo gisa; %14,3 kooperatiba bateko kide dira; %8,4 auto-enpresari gisa alta emanda daude.
%45,7 besteren kontura ari dira lanean. %25 funtzionarioak dira eta %63,6 langile erregimen orokorrean daude alta emanda. Lanartearen inkesta bete duten artisten %40k beren jarduera artistikoa eta jarduera horren ondoriozko lanak dituzte irabazi-iturri bakar edo nagusi. Beste muturrean, %52,2ri beren urteko diru sarreren erdiak edo gutxiago datozkie jarduera artistikotik.
HIZKUNTZA
%67,8k (166 pertsona) euskaraz soilik egiten ditu hitzezko beren sormen eta interpretazio lanak. Laurden batek, berriz, euskaraz eta erdaraz egiten ditu, baina euskaraz gehien. Azkenik, %4,9k egiten dute lana euskaraz eta gazteleraz neurri berean edo gazteleraz gehien. Entsegu/sortze prozesu kolektiboetan euskara hutsezko jarduna jaitsi egin da (%67,8tik %58,6ra) eta entseguetan gehien erdaraz egiten dutenen multzoak egin du gora batez ere (%1,6tik %4,9ra).
«Honaino ekarri gaituzte euskarazko kulturaren alde beren-beregi egingo duten kultur politikak indarrean ez jartzeko bateko eta besteko erabaki politikoek. Aski da. Ezin da betikotu, normalizatu, sektore bat hain baldintza kaskarretan bizitzea. Ezin diogu hau opa etorkizun diren euskal kulturgileei. Administrazio publikoari zer eskatuko liekeen galdetuta, inkestatu batek hau erantzun du, hitzez hitz: “Inbertsioa, plangintza serioa, laguntza, zaintza, erantzukizuna, neutraltasuna”. Egoera hobetu behar da eta hobetu daiteke. Baditugu tresnak horretan hasteko», azpimarratu zuen Gurrutxagak.
Lanarteak hainbat proposamen jarri nahi ditu mahai gainean, dagoeneko erakunde publikoei aurkeztu dizkienak. Batetik, euskaraz sortutako kulturaren legearen beharra nabarmendu du, babes ekonomiko eta juridiko guztiekin. «Legearen diseinuan sektoreko askotariko eragileek hartu behar dute parte», zehaztu du. «Sortzaileen eta interpreteen lan baldintzak erdigunean jarri behar direla esan dugu, eta eransten dugu hizkuntza zehar-lerro gisa erabili behar dela politikak egiterakoan».
ESKAKIZUNAK
EiTBk euskal kulturaren alde hartuko dituen neurrien eztabaida hasi beharra ere planteatu dute. «EAEko kultura sailaren sosen erdiak baino gehiago berak hartzen ditu, eta euskararen eta euskal kulturaren alde erantzukizunez eta ekimenez eragitea zor dio gizarte honi». Honako eskakizunak ditu Lanarteak eztabaidara eramateko: «Kultur programazioa emendatzea ETBn, euskarazko musika aireratzeko kuota ezartzea, euskarazko ikus-entzunezko ekoizpen berriak sustatzea, EiTBko eskaintza guztia euskarara azpititulatuta eta bikoiztuta eskaintzea...». Hedabideetan, erakunde publikoen kultur programazioan eta sustapen eta babes lerroetan -eta erakunde publikoek diruz lagundutako hedabide, kultur jaialdi eta ekitaldietan- euskarazko kulturaren alde gutxieneko kuotak ezarri behar direlakoan daude. «Gainera, kuoten kontrol egitura sortu behar da».
Etxebarru Institutuaren sorrera ere jarri dute mahai gainean. «Erakunde autonomoa, euskarazko kultura Euskal Herrian bertan ikusgarri egiteko planak eta zirkuituak onduko dituena». «Artistekiko harremanetan, erakunde publikoek beraiek izan beharreko gutxieneko praktika onak ere adostu behar dira», gaineratu zuten.
Dei egin die herritarrei «kulturaren alde para daitezen». Eta erakunde publikoei «sektorearekin elkarlanean sektorearen aldeko politikak diseinatu eta gauzatu ditzan».
Denboran atzera egin zuten. «Elkartea sortu zenetik agerikoa egin zitzaigun zenbat, non, nola... ginen ebazteko beharra. Hainbat diziplinatako langileei buruzko inkestatan begiratu genuen, baina hizkuntzaren aldagaia erdigunean jartzen zuenik ez genuen topatu ia, harrigarriki. Hamaika txosten eta kultur plan ofizial irakurri dugu, eta harrigarriki hau ere, artistak oso tantaka agertzen gara. Txosten horiei esker asko ikasi dugu sektoreko patronalaren egoeraz, geure buruaz apenas. Bitxia da, etsigarria ez esatearren, kultur sistema osoaren lehengai lehena sortzen dugula kontuan izanda. Badirudi gu ez garela langileak; bagara, baina. Hainbestetan aipatzen duten kultur industriako oinarrizko langileak gara. Batzuk, gutxi batzuk, kontratupean ala intermitentzian ari dira. Besteak autonomo edota auto-enpresari. Gehienak jarduera artistikoarekin zerikusi handirik ez duten eginbideetan, ordu libreak sorkuntzari eskainiz. Prekaritateak bizi gaitu denok, salbuespena diren gutako gutxi batzuk kenduta. Badakigu ez garela batere originalak, beste kultura guztietan ere gertatzen dela, horrek ez du gure prekaritatea arintzen. Badakigu, gainera, hizkuntza subordinatu bat dugula lanabes; ondorioz, gure kultur sistema ere subordinatuta dagoela. Faktore hau erdigunean jartzen ez duen kultur plan, programazio, laguntza sistema eta ekimen orok bazterrera bidaltzen gaitu, beraz. Gure bazterrak kartografiatzea ezinbestekoa zaigu, ondorioz. Elkarri galdetuz eta sektoreko hainbat elkarte eta eragilerekin kezkak eta ametsak partekatuz hasi genuen lana duela lau urte».
BILERAK
Horri Administrazioaren aldetik eskatzen zaizkien etengabeko betekizunak gehitzen zaizkio Lanartearen esanetan. Alor honetan kulturgintzako hainbat erakunderekin elkarlanean ari da Lanartea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundietako ogasun sailekin harremanetan jarri dira. «Artistek arazo handia daukate fakturatzeko orduan. Asko ez dira autonomoak, beste lan batzuetan aritzen dira, eta indarrean dauden tarifek ez diete lanerako ematen, dirua galtzen ateratzen dira», esan zuen. Batzuek uko egina zioten. «Euren kultur kapitala galtzen ari ginen herritarrok kultur sisteman», salatu zuen.
Hiru Diputazioetako arduradunek onartu diote Lanarteari sektorearen ezagutza gabezia handia. Bertsolarien kasua berezia da. Ez dute epigrafe propiorik. Espainiar Estatuko kultur sisteman ez dira existitzen. «Euskal Herriko Bertsolari Elkartearekin adostuta eskatu dugu idazleen epigrafean bertsolarien azpi-oharra sortzea, ahozko literaturaren egile bezala. Hiru aldundiek onartu dute. Estatuak aldatuko du estatuko kultur sistemaren arabera. Bertsolaritza ez da existitzen. Inor ez da gogoratu Estatuari esateaz bertsolariak badirela gurean; hau ere ‘aluzinantea’ da», egin zuen gogoeta.
Horrez gain, gutxieneko langa gainditzen ez dutenei, autonomoen legea ez aplikatzeko eskatu dute. «Gipuzkoan onartu dute neurri batean, eta lagunduko diete artistei ordainagirien bitartez faktura beharrik gabe beraien lanaren ordaina jasotzen».
Zer gertatzen da autonomoekin? «Multzo inportantea da. Ezaugarri bereziak dituzten beste sektore batzuekin egiten den bezala, adibidez arrantzaleak edo nekazariak, ezaugarri propioak dituen trataera emateko eskatu dugu. Oraindik ez da onartu, orain datoz erreformak hiru herrialdeetan. Ikusteke dago zer gertatuko den».
Bidea arnasa luzekoa da. «Oso motel joaten da sistema eta bidean bada erre egiten denik, baina hau da egoera», adierazi du. «Guk ez dauzkagu milioika hartzaile potentzial, garena gara. Ederra da, baina elikatu egin behar da», esanez amaitu zuen Gurrutxagak.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
