Ion GARATE
DONOSTIA
Entrevista
ENEKO POU
Eskalatzailea

«Espedizio autentikoak gustatzen zaizkigu, abangoardistak izatea»

“Lau Elementuen erronka” du izena Pou anaien bigarren liburuak, alpinista gasteiztarren azken bost urteetako abenturak biltzen dituen alea da. Bertan aurkitu daitezkeen bizipenak aletu ditu Eneko Pouk (Gasteiz, 1974) NAIZ Irratian. Mendian galdu dituzten lagunei buruzko pasartea gomendatu du. Hirugarren liburu bat aterako dutela ere aurreratu du.

(Argazkiak: POU ANAIAK)

Hamaika abentura bizitakoak dira Pou anaiak beraien ibilbide osoan zehar, eta pixkanaka hauek eurek idatzitako liburuetan jasotzen ari dira. “Aupa Pou: Bizitzari sokaz lotuta” izan zen lehena, eta honen arrakastaren ondotik etorri da bigarrena: “Lau Elementuen erronka”.

Alpinista gasteiztarren azken bost urteetako abenturak biltzen dituen alea da azken hau, «momentu ederrak, momentu gogorrak... denetarik», biltzen dituena, «tartean, galdutako lagunak ere bai», egin du azpimarra Eneko Pouk NAIZ irratian egindako elkarrizketan. Naturako lau elementuak munduko lau eremuekin konektatu eta izugarrizko bideak ireki dituzte. Sao Tome eta Principe (sua), Himalaia (lurra), Amazonia (ura) eta Patagonia (airea) izan dira aukeratutako eremu «autentikoak».

Abenturez gain, euren hausnarketak eta gogoetak ere partekatzen dituzte: «Gustatzen zaigu liburuek beraien kutsua izatea. Liburu honek badauzka bi kapitulu galdutako lagunei zuzenduta, eta oso sentiberak dira. Nire ustez, aipatu bi kapitulu horiek dira liburuko onenak. Pena da gogorrak izatea, baina gero liburuak konpentsatzen du beste kapitulu alaiagoekin».

Azken bost urteetako esperientzia eta abenturak kontatzen ditu liburu honek, baina “Lau elementuen erronka” izena zerbaitengatik du. Zuen azken proiektu handia izan da. “Zazpi horma, zazpi kontinente” erronka burutu zenuten duela urte batzuk, eta orain lau elementuen desafioa osatu duzue. Zer izan da espedizio hau?

Bi proiektu handi izan dira. Bost urtetako proiektuak izan dira biak. Oso zaila da bost urtetako proiektu bat hasi eta bukatzea. Esan nahi dudana da hor jarraitzen dugula. Sasoiko jarraitzen dugu, gauza politak ateratzen, espedizio onak, mundua bisitatzen segitzen dugu... Pozik egoteko moduan gaude. Ez gara 25 urteko mutilak, beste adin batean gaude eta ez da erraza horretan jardutea, kontuan hartuta gure belaunaldiko jende gehiena erretiratu egin dela.

Mendian esaten dute adinak ez duela askorik inporta; alegia, geroz eta zaharragoa izan, gauza asko egin daitezkeela.

Bai, esperientzia daukazulako. Oso indartsu jarraitzen dugu fisikoki eta askoz esperientzia gehiago daukagu. Bi elementu horien konbinazioa gakoa da horrelako proiektu bat aurrera ateratzeko.

Lau elementuen erronkak naturaren lau elementuei egiten die erreferentzia: sua, lurra, ura eta airea. Sao Tome eta Principen, Himalaian, Amazonian eta Patagonian izan zarete. Abentura pila bat bizi dituzue.

Ez zen erraza izan. Beti Himalaiara joango bagina, askoz errazagoa izango litzateke. Ez dut esan nahi horko mendiak errazak direnik, baina gu, oro har, beste kontu batzuetan gaude zentratuta. Berrikuntza eta esplorazioa dira gure ezaugarririk esanguratsuenak. Asko pentsatu behar dira erronkak, gauza asko burutu behar da helburu on bat lortzeko. Horregatik, proiektu hau aurrera ateratzea nahiko latza izan da. Oso ongi aukeratu behar dituzu egingo dituzun espedizio horiek guztiak.

Horrelako makroproiektu bat martxan jartzerako orduan zer bilatzen duzue? Zailtasuna, edertasuna, bakardadea?

Denetarik apur bat. Gure espedizioetan bai bilatzen da bakardadea, ez dugu nahi Himalaiako kanpaleku batera joan mila pertsonekin. Ez dugu mendia horrela ikusten. Orain bertan, ez dugu behar horrelakorik, gauza autentikoak gustatzen zaizkigu. Abangoardia, berritzea... eta ez dugu aurkituko horrelakorik leku jendetsu batean. Beste bi ezaugarriak ere hartzen ditugu kontuan, baina autentikoa izan behar du lekuak. Gu pertsona autentikoak gara eta gure espedizioak horrelakoak izan behar dira.

Nola aukeratu zenituzten elementu bakoitzari lotutako eremuak?

Airearena oso argi geneukan Patagonia izan behar zela. Urarena ez genekien, baina gu mendizaleak izanda eta abentura gustuko izanda, eta espedizio bat Patagonia izanda eta bertan Fitzroyeko mendikatean izotzezko bide bat irekita [Guillaumet erpinean “Aupa 40” izenekoa], zuzenean Amazoniara joatea oso interesgarria zen guretzat. Goi menditik oihanera pasa ginen eta Gocta ur-jauzian “Yaku Mama” bidea ireki genuen.

Sao Tome eta Principe uhartean Cao Granderen tontorrean leku bolkaniko hori aurkitzea sekulakoa izan zen [“Leve Leve” izena jarri zioten]. Oso polita da. Oihanean sartu ginen berriro ere eta espedizio zoragarria egin genuen. Laugarrenerako, asko pentsatu genuen. Hasiera batean ideia zen lurrean zulo bat aurkitzea. Azkenean, ez genuen zulo on bat aurkitu eta orduan planteatu genuen Himalaiakoa [Karakorumen, “Waa Shakil” bidea]. Erronka bertan bukatzea kirolari bezala oso polita izan zen.

Non gozatu eta non sufritu duzue gehien?

Patagonian pazientzia eduki behar izan genuen, eguraldiaren leiho egokia ireki arte. Eguraldi oso kaskarra egiten zuen eta hilabete oso bat egon ginen zain. Amazoniakoan, oihanaren arriskuak ezagutu genituen, pixka bat gaizki pasatu genuen. Hezetasun handia izan genuen, baina garaiarekin asmatu eta ez genuen bero gehiegirik pasatu. Sao Tome eta Principen, edertasuna aurkitu genuen, oso polita izan zen. Liburuan agertzen diren QR-en bitartez irakurleek bertako bideoak eta paisaiak ikusi ditzakete, edertasunaz gozatzeko. Karakorumen, Himalaiaren handitasuna. Igoera oso gogorra, altua, estilo alpinoko beste igoera bat... Bakoitzak bere ezaugarriak izan zituen.

Kirolaz harago, zein ikaskuntza kultura edo gizatiar jaso dituzue?

Oso bizipen ederrak izan dira. Patagonian lagun asko ditugu, aspalditik joaten gara. Sao Tome eta Principen uharte zoragarria topatu genuen, turismorik gabeko irla, jende oso atseginarekin. Himalaian azpimarratuko nuke han gurekin bi hilabetez egon zen jendearekin oso harreman polita eraiki genuela, urtebete beranduago ere kontaktuan jarraitzen dugu. Kulturalki asko bete gaitu proiektu honek.

Pirinioetan Picos de Europan ere aritu zarete, “Truenu” hormatzarra ireki duzue. Lorpen ederra, ezta?

Picos de Europa guretzat oso garrantzitsua izan da beti, bide asko ireki ditugu bertan. “Rayu” egin genuen pandemia urtean, 2020an, eta lau urte beranduago “Truenu” iritsi da. Peña Clarako horma hau asko gustatzen zaigu eta jarraituko dugu horra bueltatzen. Bide gogorra izan zen. Pozik gaude, urte borobila izan da.

Azken bospasei urteetan gauza pila bat bizi izan dituzue, ez zaretelako geldirik egoten. Une gogorren artean, Tomas Francini italiarraren erreskatea egon daiteke, Perun hil zen alpinista baten gorpua ere erreskatatu zenuten... Oro har, zein momentu nabarmenduko zenituzke, buruan iltzatuta geratu zaizkizunak?

Aipatu dituzu une gogor batzuk, bai. Sei urte hauetan galdutako lagunek ekarri dizkigute une gogorrenak: Hansjörg Auer austriarra, Borja Ayed, Alberto Zerain... Lagun asko izan dira. Bestalde, paretak oso onak izan dira. Eta liburua bukatzea ere lorpen bat, oso gogorra delako. Ez gara idazleak, mendizaleak gara. Asko kostata ateratzen dira liburuak.

Eskalatzaile askorentzat ametsa izaten da bide berriak irekitzea, zer sentitzen den hain leku esanguratsuetan zuen arrastoa utzi eta eskaladaren historiaren parte izanda?

Hasi ginenean, helduagoak ziren sokalagunek ireki zituzten bideekin amesten genuen. Gaur gu gara bide horiek irekitzen ditugunak. Munduan zehar izaten ari garen prestigioa oso handia da, errekonozimendu handia daukagu eskalada eta mendi mailan. Oso polita da.

Lehenengoa baino errazagoa egin zaizue liburu hau?

Agian esperientziak lagundu du, baina lehen esan bezala, liburua ateratzen duzunean, kaleratu denerako zu jada beste proiektu batean pentsatzen egon ohi zara. Liburu hau 12-15 aldiz irakurri dut.

Ze zailtasun jarriko zenioke liburu bakoitzari?

Gradu antzerakoa izan dute, orrialdez antzekoak dira, argazkien aldetik ere bai... 8a+ edo 9a+ izan daiteke (barrezka). Lan handia izan da, baina gogoeta onak atera dira egindako esfortzuan. Gogoeta hauek eskalatzen ari garenean eta liburuan zentratuta gaudenean ateratzen dira. Azpimarratuko nuke guk egin dugula liburua. Eskaladaren edo alpinismoaren munduan, oso jende gutxik idazten du bere liburua, beti profesional bat egoten da atzealdean, eta gure liburuak funtzionatzen ari dira osorik guk egin ditugulako. Ez da goi mailako literatura, baina gure sentimenduak islatuta daude.

Eta orain zer?

Ez dakigu. Urtea oso borobila izan da, oso nekatuta bukatu dugu. Orain bertan lasaitasun prozesuan gaude. Honen ostean, aterako dira ideiak. Nahi dugu ekimen abangoardista izatea, esploratzea, eta horrelako gauzak ateratzea kostatu egiten da. Entrenatzen eta lagunez gozatzen gabiltza.