Sare: «Bakeranzko bidean ezinbestekoa da kartzelak atzean uztea»
Sarek Bilboko kaleak hartu zituen atzo, errepresaliatuen eskubideak aldarrikatzeko. Nabarmendu zuenez, «herri honetan elkarbizitza eta bakerantz bidea egiteko ezinbestekoa da kartzelak atzean uztea». Bestalde, urtarrilaren 11n “Behin betiko” lelopean egingo den mobilizaziora dei egiteko ere baliatu zuten atzoko manifestazioa.

Sare herritarrak Bilboko kaleak hartu zituen atzo euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde. Urte amaieran egin ohi diren mobilizazioei hasiera eman zien.
Gogoratu zuen salbuespen neurriek konponbiderako hautua baldintzatzen dutela: «ETAk bere jarduera amaitutzat eman zuela 13 urte igaro eta oraindik ere 124 euskal preso daude espetxean eta 20 euskal herritar inguru iheslari eta deportatu artean. 13 urte ondoren salbuespen legeek indarrean jarraitzen dute. Estrategia antiterroristapean bideratutako legeek herri honen konponbiderako hautua baldintzatzen jarraitzen dute».
«Orduan euskal presoak modu bidegabean zigortu bazituen ere, are ageriago ikusten da lege horiek egun suposatzen duten salbuespena», adierazi zuten, eta Euskal Herrian bizitutako gatazkak utzitako ondorioekin amaitzea «premiazkoa» dela azpimarratu zuen Bego Atxa eledunak.
Horri lotuta, mobilizazioko azken hitzartzean ohartarazi zuen, salbuespen lege batekin amaitzea lortu bada ere, oraindik indarrean jarraitzen duela 07/2003 legeak: «Indarrean jarraitzen du salbuespenen epaitegia den auzitegi nazionalak, edo bizi osorako espetxe zigorra ordezkatzeko sortu zen 07/2003 legeak».
BAKERANZKO BIDEAN URRATSAK EGIN
«Aspaldi esan genuen, esaten jarraitzen dugu eta jarraituko dugu, herri honetan elkarbizitza eta bakerantz bidea egiteko ezinbestekoa dela kartzelak atzean uztea, salbuespenak sortzen duen sufrimendua behin betiko ezabatzea, alegia», nabarmendu zuen Sareko kideak hitzartzean, eta egungo egoerari aurre egin eta «kartzelak atzean uzteko» deia egin zuen.
Sareren ustez, ardura hartzeko unea da, eta «aterabide integral bat» erdiesteko unea ere badela aldarrikatu zuten atzo Bilbon: «Eragile sozial eta politikoen, sindikatuen, alderdien eta gizartearen ardura da, oro har, etorkizunera begira jarri eta salbuespenekin amaitzea, sufrimenduarekin amaitzea, gatazkaren konponbideari aterabide integral bat eskaintzeko lanean aritzea».
Urtarrilaren 11n La Casillatik abiatuko den mobilizaziora dei egiteko ere baliatu zuten amaierako irakurketa. Berriz ere Bilboko kaleak hartzeko beharra azaldu zuten: «Aterabide integral bat eskatzeko, euskal preso, iheslari eta deportatuek etxerako bidea urratu dezaten, biolentzia ezberdinen biktimek egia jakin dezaten, aitortuak izan daitezen. Azken batean, Euskal Herriak horrenbeste behar eta merezi duen etorkizunari, elkarbizitzari begira jarri gaitezen».
HURRENGO MOBILIZAZIOAK
Badira zenbait hilabete “Behin betiko” leloa zabaldu zela, eta urte amaierara arte egongo da aldarria kalean. Nafarroan herriz herri mobilizazioak egingo dira abenduaren 31 bitarte; Gasteizen 24an arratsaldeko 19.00etan egingo dute, eta Donostian 28an, eguerdiko 12.00etan.

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
