GARA
GASTEIZ

Presoak etxera ekartzeko bultzada eman dute Gasteizen Eguberrietan

Gasteizko Ahateen Iturritik espetxeetara heltzeko moduko aldarri ozena egin zuten asteartean, Sarek deitutako mobilizazioan. Eguberriko afariaren aurrean, presoak ahalik azkarrena etxera itzultzeko eskaria egin zuten ekimen honen bitartez, oraindik indarrean diren salbuespen legediak eta praktikak alboratuz.

«Behin betiko» zioen pankartari eutsiz, Alde Zaharreko kaleak zeharkatu zituzten manifestariek, Gabonetako ikur eta jantziak zeramatzatela, eta euripean.

ETAk jarduera amaitutzat eman zuela 13 urte pasatuta, oraindik 123 euskal preso daude espetxean, eta 20 euskal herritar inguru iheslari eta deportatu artean, parte hartzaileek gogoratu zutenez. «Salbuespen legeek indarrean» jarraitzen dutela salatu eta bakea, konponbidea eta elkarbizitza «behin betiko» lor daitezen ekarpena egin zuten, urtarrilaren 11n Bilbon egingo den manifestazio nazionalera joateko deia egitearekin batera.

Gabonetako kanpainan hitzordu gehiago ere badira presoen eskubideen alde. Ostiral honetan Iruñean eta Bilbon kalera aterako dira eta larunbatean Donostiaren txanda izango da. Herri eta eskualdeetan ere mobilizatuko dira.