J.S.

Aita Marik 163 pertsona erreskatatu ditu aurten Mediterraneo itsasoan

Aita Mari euskal ontziak Europara bidean zihoazen 163 lagun erreskatatu ditu aurten Mediterraneo itsasoan. Une honetan Valentziako portuan da, ongi egindako lanaren ondorengo atsedena hartzen.

Lau urte Euskal Herrira etorri gabe pasa ondoren, martxoaren 22an iritsi zen Aita Mari ontzia Bilboko portura.
Lau urte Euskal Herrira etorri gabe pasa ondoren, martxoaren 22an iritsi zen Aita Mari ontzia Bilboko portura. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Sei urte daramatza Aita Mari ontziak mundu hobeago baten bila itsasora ateratzen diren migranteak erreskatatzen. Denbora tarte horretan 1.400 lagun baino gehiago salbatu ditu heriotzatik, horietatik 163 aurten egin dituen hiru kanpainetan.

Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak kudeatzen duen erreskate ontzia Euskal Herrian izan genuen bi hilabetez udaberrian, otsailean 43 pertsona erreskatatu eta Italiako Ortona portura eraman ondoren.

Lau urte Euskal Herrira etorri gabe igaro eta gero, martxoaren 22an iritsi zen Bilboko portura. Itsasmuseum aurrean egon zen egunetan, bisita gidatuen bitartez, proiektua euskal hiritarrengana hurbildu zuen, mantentze lanak egiten zizkioten bitartean.

SMH gobernuz kanpoko erakundearen lehendakari den Iñigo Mijangosek azaldu zuen moduan, erreskate misioek bi hilabete inguru irauten dute itsasoan, eta ondoren beste bi hilabete igarotzen dituzte portuan atsedena hartzen eta hurrengo misiorako prestatzen. Apirilean Pasaiako portuan egin zituen egun batzuk eta, ondoren, Mediterraneo aldera abiatu zen urteko bigarren misioari ekiteko.

Erreskate taldea dozena bat pertsonaz osatuta dago: kapitaina eta bi ofizial, hiru marinel, makinista bat, sukaldari bat, mediku bat, hiru boluntario erreskatatzaile eta kazetari bat.

Urteko bigarren erreskatea uztailaren 14an egin zuen. 34 pertsona jaso zituen, tartean haurdun zeuden bi emakume eta hiru adingabe. Adriatiko iparraldeko Ravenna hirian lehorreratu zen, bost egunez 1.700 kilometro baino gehiago nabigatu ondoren.

Hirugarren erreskatean, azaroan, itsasoan 53 migratzaile erreskatatu zituen, gehienak Eritrea, Etiopia eta Hego Sudanetik zetozen gazteak, horietako bi osasun egoera larrian. Denak Siziliako Catania herriko portuan lehorreratu zituzten.

Zazpi egun geroago, beste 33 pertsona erreskatatu zituen, Siriako jatorrikoak, eta jarraian Salernoko portura eraman zituen. Eguraldi txarrak behartuta, portutik mugitu ezinik egon zen itsasontzia, eta amaiera eman behar izan zion bere hamalaugarren misioari.

Abenduaren 13an, Valentziako portura iritsi zen eta otsaila arte egongo da bertan, han ere bisita gidatuak egiten, itsasoan egiten duen lana herritarrek ezagutu dezaten.

Gizatasuna iparrorratz duen proiektua bada ere, hainbat oztopo jasan ditu Aita Marik urtean zehar. Larriena, Valentziako Gobernu autonomikoak aurten ezarri dion 63.000 euroko ordainketa, azken lau urtetako portuko tasei dagokiena, nahiz eta legeak salbuetsita uzten dituen erreskate humanitarioa egiten duten ontziak.

Era berean, Aita Mariko kideek salaketa jarri zuten Jesus Albiol Voxeko zinegotzi eta diputatu autonomikoaren aurka, erreskate humanitarioko ontzia «beltz-tratulari» eta «pertsonen trafikoko mafien laguntzaile» gisa kalifikatu ondoren. Diputatua ez zen epaiketara agertu, baina gobernuz kanpoko erakundeak salaketarekin jarraituko duela iragarri zuen, esandakoa zuzentzea lortu arte.

Gobernuz kanpoko erakundeak crowdfunding kanpaina bat jarri du abian, ez bakarrik prozesu judizialei aurre egiteko, baita bere eguneroko jardunarekin jarraitu ahal izateko ere. Era berean, proiektuko arduradunek ontzia birmoldatzen jarraitu nahi dutela adierazi dute, lan humanitarioa baldintza ahalik onenetan egin ahal izateko.

Kanpaina Goteo plataformaren bidez eta Fiare banku etikoarekin elkarlanean abiatu dute. Une honetan 600 pertsona baino gehiago dira Aita Mariri ekarpen ekonomikoa egiten diotenak. Informazio gehiago nahi duenak honako web orrian eskura dezake: https://www.goteo.org/project/barco-de-salvamento-aita-mari.

HAMAR URTEKO PROIEKTUA

SMH gobernuz kanpoko erakundea 2015. urtean sortu zen, Mediterraneo itsasoan gertatu zen krisi humanitarioari erantzuteko; izan ere, milaka pertsonak bizia galdu zuten, itsasoa ontzi prekarioetan zeharkatzen saiatzen ziren bitartean.

Hasiera batean bere lana Greziako Kios uhartean zentratu zuen, bertara migratzaile ugari iristen ari baitzen. 2018an Stella Maris Berria atunontzia erosteko behar ziren funtsak biltzea lortu zuten, eta erreskate ontzi izateko berregokitu.

Aita Mari izena jarri zioten, Jose Maria Zubiaren omenez. XIX. mendeko arrantzale zumaiarra beste ontzi batzuei laguntzeagatik ezagun egin zen eta 1866an hil zen, ekaitz batean beste arrantzale batzuk erreskatatzen. Medikuntza eta erreskate baliabideekin hornituta, Aita Mari Mediterraneoko uretara abiatu zen, eta sei urte hauetan hamalau misio burutu ditu, 1.400 pertsona baino gehiagoren bizitza salbatuz.