Etxebizitzaren prezioek pobreziara kondenatu dute gazteria
Alokairuko zein jabetzako etxebizitzen prezioek gora egin dute nabarmen azken urtean. Ondorioz, kolektibo asko pobreziara kondenatuta ikusten ari dira, horien artean, bereziki, gazteria. Erakunde publikoek zenbait neurri abian jarri dituzte, baina berandu datoz.

Gaur egun etxebizitza oinarrizko eskubidea izatetik oso urrun dago. Are gehiago, herritarren pobretze orokortuaren arrazoi nagusienetarikoa etxebizitza prezioen garestitzea da. Egoera horren aurrean, adituak bat datoz merkatuetan esku hartzea ezinbestekoa dela esatean. Abenduan, etxebizitza larrialdiari buruzko hausnarketa egiteko, jardunaldi berezia antolatu zuen Telesforo Monzon eLABek Donostian, eta bertan izan zen Alejandro Inurrieta akademikoa eta Gobernu espainolaren aholkulari ohia.
Haren iritziz, Estatu espainoleko ongizate sistema sozial osoan garatu ez den zutabe bakarra etxebizitza da. Herrialde aurreratuenetan lan handia egin da, etxebizitza eskuragarriak eskaintzen saiatu dira. Baina Estatu espainolean ondare higiezin handia metatu da eta gizarteko kolektibo askok etxebizitza eskuratzeko arazo larria dute: gazteak, etxebizitzarik ez duten erretiratuak, klase ertainak, dibortziatzen diren pertsonak, migratzaileak...
Azaroko datuen arabera, alokairuaren prezioak %9 igo ziren Bizkaian, aurreko urtearekin alderatuz gero; Araban %8,6, Gipuzkoan %6,6 eta Nafarroan %5,4.
Salerosketa prezioek ere gora egin dute nabarmen azken urtean. INEren azken datuen arabera, etxebizitzen prezioa %10,7 igo da urtebetean Nafarroan, eta %8,4 EAEn. Etxebizitza berria izan da gehien hazi dena, %14 baino gehiago Nafarroan eta EAEn, eta bigarren eskukoa gutxien, %7 eta %8 artean.
Honenbestez, Donostian eta Iruñean inoiz ailegatu ez den preziorik altuenetara iritsi zen urrian metro karratua: 5.631 euro Gipuzkoako hiriburuan eta 2.741 Nafarroakoan. Ondorioz, kapitulu horretara bideratu beharreko errentaren zatia gero eta handiagoa da. EAEko Etxebidek emandako datuen arabera, batez beste, familia unitateko diru sarreren %45 bideratzen da etxebizitzara, nahiz eta gomendatzen den ahaleginak ez lukeen %30 gainditu behar.
OINARRIZKO ESKUBIDEA?
Egoera honek argi eta garbi uzten du azken urteetan abian jarri diren etxebizitza politikek ez dutela inolako konponbiderik ekarri. Batez ere inbertsiorako baliabide bezala ezaugarritu delako etxebizitza, oinarrizko eskubide izatetik oso urrun, eta horrek espekulaziorako eta negoziorako tresna bilakatu du. Zenbaiten iritziz, ez da egon etxebizitza politikarik, «higiezinen politika» baizik.
Arazo horri irtenbidea emateko asmoz, 2023an Gobernu espainolak Etxebizitza Lege berria onartu zuen, hainbat neurri ezartzen dituena baina zenbait albo ondorio ere eragin dituena. Legeak neurriak jasotzen ditu etxebizitza eskaintza arrazoizko prezioetan handitzeko, alokairu merkatuan tentsio egoerak saihesteko eta gazteei eta kolektibo ahulenei etxebizitza eskuratzen laguntzeko. Era berean, autonomia erkidegoei eta udalerriei alokairuaren prezioa murrizten eta alokairu sozialeko etxebizitzen parkea handitzen lagunduko dieten tresnak eskaintzen ditu.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, lege espainolak zehazten dituen parametroak kontuan hartuta, 45 udalerrik jasoko lukete alokairuko eremu tentsionatua izateko izendapena -horietako bostek partzialki-. Biztanleen %68 bizi da herri horietan, 1,5 milioi pertsona.
Errenteria izan zen 2024ko urrian ofizialki eremu tentsionatu izendatutako lehen herria. Beharrezko tramiteak aurreikusitako epeetan egiten badira, urtarriletik aurrera Estatuko Etxebizitza Legeak aurreikusten dituen neurriak aplikatu ahal izango ditu, besteak beste, alokairuaren igoerari mugak ezartzea.
Nafarroan 21 herri izango lirateke izendapen hori jasoko luketenak. Parlamentuak Etxebizitza Eskubidearen Foru Legea egokitu du aurten, estatuko legearekin bateragarri egiteko eta horrela, merkatu estresatuaren adierazpenen bidez, alokairuaren prezioa mugatzeko.
Baina badira lege hori berandu iritsi dela eta albo ondorio larriak eragin dituela diotenak. Izan ere, indarrean sartu zenetik, alokairu zein salerosketa prezioek gora egiten jarraitu dute, arestian aipatu bezala. Aldi berean, %46 gora egin dute Etxebide zerbitzu publikoan izena eman duten herritarrek, etxebizitzari zuzendutako laguntzak ematen dituen zerbitzuak 100.000 pertsonen langa gaindituz.
Alokairuko eskaintza, bertan behera
Prezioen igoerei beste arazo bat gehitu zaie azken urte honetan: alokairuko etxebizitzen eskaintzarik eza. Sektoreko eragileek diotenez, legeak ezartzen dituen zenbait neurrik -prezioen erregulazioari edo ordaintzen ez duten maizterren babesari dagozkienak batez ere-, ez dute pisuak alokairuan jartzera bultzatzen. Horregatik, alokairuko merkatua inoiz ez bezala murriztu da. Egun, euskal herrietan ia ez dago etxerik alokairuan, eta iragartzen direnek ordu batzuk baino ez dute irauten.
Higiezinen agentziek eskainitako datuen arabera, Gipuzkoan alokairuan jarritako etxebizitzen %30 merkatuan 24 ordu baino gutxiago egon zen, Araban %21, Nafarroan %19 eta Bizkaian %15. Adituen iritziz, «alokairu eskaintza faltak familia asko merkatutik baztertu du, bai prezioengatik, bai beste familia batzuekiko lehiagatik, bai merkatura iristen diren etxebizitzak desagertzen diren abiaduragatik».
Datuek argi uzten dute alokairuaren merkatuak jasandako beherakada. Nafarroan %30,2 jaitsi da etxebizitzarako alokairu eskaintza eta Eusko Jaurlaritzaren “Bizilagun” zerbitzuak emandako datuen arabera, alokairua sinatzeko garaian Gobernuaren eskuetan uzten diren fidantzen kopurua %21 erori da. Ziurgabetasun horrek denboraldiko alokairura zuzentzera eraman ditu jabe asko, Etxebizitza Legeak ez dituelako kasu horiek arautzen eta, hala, jabeek arazo gutxiago ikusten dutelako.
Alokairuko eskaintzarik ezak jabetzako merkatura bultzatu ditu hiritar asko. Salerosketak %46 igo dira azken urtean Araban, %41 Bizkaian, %39 Gipuzkoan eta %13,9 Nafarroan, INEren urriko datuak kontuan hartuta.
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak azaroan Legebiltzarrean egindako agerraldian salatu zuenez, «etxebizitzaren legeak ondorio negatiboak izan ditu EAEko higiezinen merkatuan. Ikusi dugu nola alokairuak kendu diren, saltzeko edo beste erabilera batzuetarako».
Egoera horren aurrean, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak babes ofizialeko etxebizitza gehiago eraikitzeko eskatu zuen, baina ez hori bakarrik, baita ere hutsik dauden etxeak merkatura atera eta alokairu sozialera zuzentzea, Eusko Jaurlaritzak bankuen esku dauden etxeak erostea edo babes kalifikazioa galduko duten etxeak berriz erostea, babestutakoa izaten jarrai dezaten. J.S.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
